Iraitz Mateo

Euskal kantuak erritmo latinoan, Aldapeko taldearen ‘Irigoienetik plazara’ disko berrian

‘Irigoienetik plazara’ da Aldapeko basque latin jazz taldearen lan berria. Disko bikoitza da: txistuari presentzia berezia eman nahi izan diote lehen diskoan, eta bigarrenean ahotsari. Hori dela eta, lehen aldiz musika instrumenatala egitetik, horri ahotsa jartzera igaro dira.

Aldapeko basque latin jazz taldearen lan berria.
Aldapeko basque latin jazz taldearen lan berria. (Gorka Rubio | FOKU)

Aldapeko basque latin jazz taldeak bere bigarren lana aurkeztu du ostegun honetan Donostian. ‘Irigoienetik plazara’ disko bikoitza aurkeztu dute eta, Imanol Iribarrenak esan bezala, «euskal musika tradizionala doinu latinoetan» sortu dute, Euskal Herriko plazak dantza jartzeko asmoz. Orain artean musika instrumentala egin badute ere, disko honetan ahotsa sartu diote kolaborazioen bidez eta, zuzenekoetarako, taldekide berri bat dute: Nahia Valle abeslaria.

Aurkezpenean izan dira Iribarren bera, Valle, Peio Irigoien eta Harkaitz Bastarrika taldekideak. Diskoan presentzia berezia hartzen du txistuak, eta ondorioz, baita Irigoienek ere. Bere taldekideen esanetan, «Euskal Herriko txistulari erreferenteetako bat da». Horregatik darama diskoak bere izena; duela hiru urte kaleratu zutenak ‘Iribarrenatik’ izena zuen, Imanol Iribarrenaren barrutik aterea zelako, eta kasu honetan txistuak hartu du presentzia handiagoa soinuan eta izenean.

Disko baten izena ‘Irigoienetik’ da, eta bestearena ‘Plazatik’. Azaletik bertatik sumatu daiteke jolaserako gogoa, izan ere, alde batera jarriz gero izenburu bat irakurri dezakegu, eta buelta emanik, bestea. «Euskal musika hartu eta buelta ematen diogu, diskoari ere bai», azaldu du Iribarrenak.

‘Irigoienetik’ diskoa txistuaren berezko errepertorioan oinarrituta dagoela kontatu du Irigoienek, «emaitza kuriosoa» izan dela aitortu du, eta jazz armoniaren barruan sartu dutela txistua. Jatorrizko doinu eta dantzak «erritmo latinoetan jarraituta» jotzen dituzte lehen zatian. ‘Banakoa’, ‘Soka dantza’, ‘Eperrak’, ‘Malko beltzak’ eta ‘Ze politak dira’ kantuak daude lehen diskoan. Eta kontatu dute salbuespena ‘Malko beltzak’ abestia dela, izan ere, oinarri latinoa duen kantu bat hartu dute, eta Euskal Herriko erritmoetara aldatu.

Hitzak eta ahotsa

Bigarren lan honi ahotsa sartzeko gogoa izan zuten, eta Iribarrenak aitortu du taldeak «eboluzio bat» izan duela zentzu horretan. ‘Plazara’ diskoa kontzertuak plazetan eta dantzan egiteko manifestu bat izan daiteke; eta horretarako zazpi abeslarirekin kolaborazioan egin dute lan

‘Izarren hautsa’ abestu du Thierry Biscaryk, ‘Ez da ez!’ Ines Osinagak, ‘L´estaca- hesola’ Xabi Solanok, ‘Lili eder bat’ Ixiar Jauregik, ‘Nere etxea- mi hogar’ Frank Delgadok, ‘Triste bizi naiz eta’ Harkaitz Bastarrikak, eta ‘Baratzeko pikuak’ Asier Gozategik. Guztiak dira euskal kantutegian kantu ezagunak, baina erritmoek harrituko gaituzte, aurkezpenean pare bat abestutakoan frogatu dutenez.

Zuzenekoetarako, aldiz, abeslari baten beharra sumatu zuten, eta orduan «fitxatu» zuten Nahia Valle. «Todoterreno bat behar genuen abesti guzti horiek kantatzeko eta plaza dantzan jartzeko», kontatu du Iribarrenak. Vallek «ilusio handiz» jaso zuen gonbidapena: «Euskal kantu tradizionalak plazaratzea eboluzionatuz, beste herri eta kulturetako erritmoak sartuz, oso polita da».

Euskal Herriko instrumentuak Kuban

Kubako eragina zuzena dela beraien musikan azaldu dute aurkezpenean. Iribarrena hilabetez egon zen Kuban bertako musika ikasten, eta itzulitakoan taldekideek jada «barruan zuela» sumatu omen zioten. Berak han ikasitako salsa eta timba doinuak isladatu nahi izan ditu Euskal Herrira.

Lan berriko lehen kantak Kuban bertan jo zituzten lehendabiziko aldiz, bertako ‘Jazz Plazan’ egon baitziren. «Oso polita izan zen euskal musika hara eramatea. Beraiek ere asko eskertu dute lankidetzan egin dugulako lan, eta harrituta geratu ziren hemengo musika tresnak nola moldatu genituen hango erritmoetara, Beraientzat gauza berriak ziren, baina ez arrotza», kontatu dute.

Zuzenekoekin hasteko gogoz daude, eta batez ere plazara jauzi egiteko. Izan ere, gehienetan aretoetan jo izan dutela azaldu dute, eta «plazarako gogoz» daudela gaineratu: «Euskal Herria dantzan jartzea da gure asmoa».