Orain bost urte argitaratutako ‘Bakarka’ (Elkar Musika) diskoari segida ematera dator Ruper Ordorikaren lan berria. Disko hartan ‘Ene begiek’, ‘Fas fatum’ edota ‘Martin Ugalde’ gisako kantu aski ezagunak formatu intimistagoan aurkeztu zituen, eta lan berriak ere ildo berari eutsiko diola aurreratu dute Elkarretik. Kantari oñatiarrak martxoaren 1ean argitaratuko du ‘Bakarka bi’, Jonan Ordorika anaia hil zenetik kaleratzen duen lehen lana.
Diskorako bere errepertorioko hamabi kantu hautatu ditu Ordorikak eta bakarkako formatuan, ahotsaz eta gitarraz baliaturik, eskaintzen ditu. Horien artean da ‘Erruduna’, argia ‘Gaur’ (Elkar Musika, 2000) diskoan ikusi zuen kantua eta lan berriaren aurrerapen abesti gisa sareratu berri duena.
Elkar Musikatik azaldu dutenez, ‘Bakarka bi’ «artifiziorik gabeko formatuan» grabatutako hamabi kantuk osatzen dute eta oñatiarraren xedea «kantaren esentzia biluztea» izan da.
Diskorako grabatu dituen kantuen artean daude baita ere, aurreratu dutenez, ‘Zaindu maite duzun hori’ eta ‘Zaldiak negarrez’ abestiak.
Disko hau berezia izango da Ruper Ordorikarentzat. Izan ere, ‘Bakarka bi’ lana Azkarateko Mamia estudioan grabatu zuen, eta nahasketak eta masterizazioak Jonan anaiak egin zituen. «Nire bizitza osoko lankidea izan da», ziurtatu zuen Ruper-ek anaiaren heriotzaren ostean.
Iazko abenduan aurreratu zuenez, diskoaren aurkezpenaren ostean bakarkako kontzertuak emateari ekingo dio Ordorikak, formatu intimoan, gitarra eta ahotsa oinarri dituela.