Emakumeen eskubideen aldeko egunari keinu egin nahi izan diote Zetkin lapurtarren ‘Noiz arte’ singlearen kaleratzearekin. Kantuak indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko aldarria egiten du eta, prentsara bidalitako ohar baten bidez adierazi dutenez, «intimoa politikoa da» ideiari lotuta, taldeak oroitarazi nahi du «bikoteko indarkeria sistema patriarkal zabalago batean sartzen dela, sistema hori emakumeen bizitzaren arlo guztietan sartzen delarik, izan ikusgarrienetatik zein isilduetaraino».
Kantu honen bidez, punk feminista egiten duten talde honek feminizidioen «kopuru kezkagarrian» jartzen du begia eta «oraindik ere beharrezkoak diren borroka feministak» sostengatzeko deia egiten du.
Bideoklipa osatzeko Sabina Hourcaderen arte gidaritza izan dute.
Zetkin 2002an sortu zen eta Riot Grrrl eta More Women on Stage and Back Stage mugimenduen baitan kokatzen du bere burua. Euren kantuetan gai sozial eta politikoak jorratzen dituzten, hala nola feminismoa, genero-identitateak, bikote harremanak, ahizpatasuna eta klase borroka.
Izena Clara Zetkini (1857-1933) zor diote. Politikari komunista eta emakumeen eskubideen aldeko militantea izan zen Alemanian sortutako emakume hau, baita Emakumearen Nazioarteko Egunaren, Bigarren Internazionalaren eta Hirugarren Internazionalaren bultzatzaileetakoa ere.