Lazkaoko jaietako hasiera ofiziala ostiral honetan izango bada ere (apirilak 26), egitaraua pasa den asteburuan abiatu zen pilota partida, bertso emanaldi, artisau azoka eta buruhaundi eta erraldoien topaketarekin.
Txupinazoa, beraz, ostiral arratsaldeko 18.00etan izango da, aurten Bakuntza elkarteko kideen eskutik. Dibertsitate funtzionala duten haur, gazte eta helduekin jarduera fisiko inklusiboa eta aisialdi egokitua sustatzen du elkarte horrek eta txupinazoa botatzeko Udalak martxan jarri duen parte-hartze prozesuan bozka gehien jaso dituena izan da. Izan ere, 224 lazkaotarrek parte hartu dute eta elkarte horrek 129 jaso ditu, aurkeztutako 20 proposamenen artean nabarmenduz.
Aurtengo jai-egitarauak ohiko izaera mantenduko du, kirol ikuskizunekin, musikarekin, haurrentzako ekitaldiekin edo tokiko eragileen jarduerekin.
Musikari dagokionez, Gatibu, Vulkano, Gozategi, Trikidantz eta Ohian Vegaren kontzertuak nabarmentzen dira, baita herriko taldeenak ere: Metodo Ripley M.O.D. (Progressive Dark Techno) eta Distorted Bass. Lazkaoko Musika Bandak, txistulariek, Lazkaoko Erraldoi eta Buruhandien konpartsak, Jundajo txarangak, Suthai batukadak, Kantakak edo Oin Arin dantza taldeek ere ez dute hutsik egingo.
Kirol arloan, honako hauek nabarmenduko dira: binakako krosa, aizkolariak Urrezko Aizkora txapelketan, Lazkaoko LXXVI. bizikleta txapelketa edota pilota finala.
Haurren eguna apirilaren 29a izango da (astelehena), eta txikienek jarduera egitarau oparoa izango dute. Jaietan ere haurrentzako ikuskizun ugari egongo dira.
Bestalde, ostirala eta asteartea bitartean, Lazkaoko San Benito ikastolak afariak eskainiko ditu San Prudentzio eraikineko jolastoki estalian.
Egitaraua maiatzaren 1era arte luzatuko da, eta jarraian, hilaren 3an, Lazkaomendiko jaiak hasiko dira, arratsaldeko 17:30ean botako den txupinazoarekin. Ondoren talo tailerra izango da eta karaoke batekin amaituko dute eguna. Lazkaomendiko jaiak maiatzaren 5era arte luzatuko dira. Egun horretan, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariak eta Izer eta Alabier trikitilariak arituko dira egitarauari amaiera emanez.
Lazkaoko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Barandiaran Berrikuntzak, Big Mat Urbil, Goierriko Zurak.