BABESLEDUN EDUKIA

San Prudentzio eta Estibalitz, protagonista Gasteizen datozen egunetan

Larunbata iluntzeko erretretak deituko ditu, ohikoa den bezala, San Prudentzio eta Estibalitz jaiak. Aurten ere musika, kirola eta tradizioz beteko dira Gasteizko plazak, Armentiako zelaiak eta Estibalizko santutegia. Iaz bezalako eguraldi ona espero ez bada ere, ez dute oso txarra iragarri.

Herri kirolek ez dute hutsik egingo igandean Armentiako zelaietan.
Herri kirolek ez dute hutsik egingo igandean Armentiako zelaietan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jaiak iragartzeko pregoia pasa den asteazkenean izan bazen ere –Teresa Ibañez Axpe aktorearen eskutik–, San Prudentzio bezperako erretreta izan ohi da jaietako deialdi ofiziala egiten duena. Bederatzi dei izango dira, hamabost minutuero, lehenbizi Udaletxeko balkoitik eta ondoren Aldundiaren jauregitik. Aurten, joaldi bakoitzaren artean, dantza, gospel, folk eta hiri-kultura taldeen emanaldiak izango dira. Eguna amaitzeko, elkarte gastronomikoen danborrada eta erromeria izango dira.

Armentian ere txupinazoarekin emango diete jaiei hasiera larunbata arratsaldeko 19.00etan eta ondoren, kanpai-errepika, danborrada, lore-eskaintza, afari herrikoia eta dantzaldia iragarri dituzte.

Igandean ere Probintzia plaza eta Armentia izango dira jaiaren eskenatokiak, baina jendetzarik handiena bigarren honetan bilduko da, bertako erromeriak bilduko baititu jai ekitaldirik nagusienak, hala nola prozesioa, meza, aurreskua, kalejirak, herri kirolak, haurrentzako jolasak eta, nola ez, 150 postu baino gehiago bilduko dituen bertako produktuen azoka.

Urtero gertatzen den moduan, denak eguraldiari begira egongo dira egun horretan. Iazko beroa izango ez badugu ere, ez da oso egun euritsua espero, tantaren bat edo beste agian. Hori bai, goizean goiz hotz handia iragarri dute eta arropa eramatea konbeniko da.

Probintzia plazan ere zenbait ekitaldi izango dira igandean: foru txistularien zortzikoa, helduen eta haurren danborradak eta haurrentzako animazioa.

Jai egitarauak jarraipena izango du datorren astean zehar. Horrela, astelehenean Armentian haurrentzako jolasak, txapelketa gastronomikoak eta antzerki emanaldiak izango dira, eta asteartean bolo eta igel jokoak, karta txapelketa eta dantzaldia. Gasteizko hirigunean, aldiz, batukada eta zeltiar musika emanaldiak izango dira asteartean.

Asteazkenean, maiatzak 1, jai ekitaldiak Estibalizko santutegira lekualdatuko dira. Bertan, urtero bezala, honako ekitaldiak daude iragarrita: azoka, haurrentzako tailerrak, pintura lehiaketa, meza, kalejirak, herri kirolak, ekitaldi gastronomikoak, dantza emanaldiak eta bazkari herrikoia.