Alfons Rodriguez

Bide Berdean, Costa Rica zeharkatuz

Atlantikotik Ozeano Barera edo, alderantziz, kontinente amerikarra oinezko bide batek zeharkatzen du Costa Rican. Bide Berdea da. Itsasotik itsasorako bidaia, gure planeta eta biodibertsitatea zaintzeko modu bakarrean: gure ingurune naturalarekiko errespetu eta koexistentzia arduratsua.

Bide berdean hondartza ikusgarriak daude.
Bide berdean hondartza ikusgarriak daude.

Costa Ricako kostan, Pacuare Erreserbako ubide eta oihanen gainean euria gogotik egiten du. Claudio Quesadak zuzentzen du naturagune babestu hau. Itsas zientzian eta teknologian eta ingurumen zuzenbidean espezializatutako biologoa da. Haren ardura nagusia da itsas dortokak jaiotzen diren hondartza basatiak zaintzea. Sara alaba, 12 urtekoa, oinutsik ibiltzen da oihanean aitarekin, tranpa kamerak aztertzen edo laginak hartzen. «Belaunaldi gazteena gugandik jasoko duten erantzukizunaz kontzientziatzeko modurik onena da natura zaintzea. Eta, zerbait zaintzeko, ezagutu eta maitatu egin behar da», esan du Quesadak, erreserbako jaguar batzuk dabiltzan pasabide batera zuzendutako kamera bat egokitu bitartean.

Baina Pacuare Erreserba ez zen beti naturagune babestu bat izan. Quesadak bere historia kontatu du. Gaur egun lekua zeharkatzen duten ur kanalak naturalak dira, baina baita artifizialak ere. Jainkoaren Ama ibaiaren bokalean formatuta daude. Quesadak dioenez, joan den mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan «egur enpresek biziki soildu zituzten baso horiek. Katiboa bezalako egur nobleekin salerosketan jarduten zuten, eta Karibeko Limon porturaino eramaten zituzten».

Herrialdean basoen %21 baino ez zen geratzen 1987 inguruan. Gaur egun, SINACen arabera (Kontserbazio Eremuen Sistema Nazionala), berreskuratutako alderdiak lurralde nazional osoaren %60ra iristen dira. Babestutako lehorreko lurraldea da %26, eta %2 itsas eremua. Zifra hori ez da batere arbuiagarria, kontuan hartuz gero Costa Rica %98 ura dela, eta %2 lurra, azalera geografikoari dagokionez. Eta %28 horri %5 gehiago erantsi dakioke, ekosistema modu iraunkorrean zaintzeagatik Gobernuaren pizgarriak jasotzen baitituzte korridore biologiko pribatuen jabeek.

PLANETAKO BIODIBERTSITATEAREN %6

Zifra horiekin ez da zaila ulertzea planetako biodibertsitatearen %6 hartzen duela herrialdeak. Kontrapuntu negatibo gisa, logikoa da pentsatzea klima aldaketaren eragin handiena izan dezakeen herrialdeetako bat ere izango dela. Asko duenak asko gal dezake.

Arratsaldeko lehen ordua da Claudio eta bere laguntzailea, Karol Cano, Pacuare Erreserbako hondartzako zati batera doazenean. Bi zientzialariak gelditu egin dira dortoka berdearen -Chelonia mydas- denboraldi honetako azken habietako batera iritsitakoan, arriskuan dagoen espeziea baita. Bat-batean, 83 bihurritxo jaio berri hondarretatik irteten hasi dira, eta senez Atlantikoaren handitasunerantz doaz, olatuen indarraren aurrean hauskorrak izan arren. Milatik batek bakarrik iraungo du eta heldu izatera iritsiko da. Bakarra.

Costa Ricako bidean, hego-mendebalderantz, ustekabeko izenak dituzten herrixkak zeharkatuko dituzu: Sahara, San Carlos edo Zimarroiak. Hori da komunitate indigenen bidea. Tsiobata herrixkako kabekarrek mendeak daramatzate lur eta oihan horietan bizitzen. Bidezidor aldapatsuetatik igaro ahal izateko, baimena eskatu eta komunitateko ordezkari batek lagunduta joan behar da. Leo Martinez, 29 urteko kabekar gaztea, ezkondua da eta bi alaba ditu; antzinako lurrak zaintzeaz gainera, globalizazioarekin eta tribu nortasunaren galerarekin ia ahaztuta dauden ohiturak eta tradizioak berreskuratzea du helburu.

Etnia honentzat argi dago: naturarekiko errespetua da etorkizuna lortzeko gakoa. Ibaiak, mendiak edo itsasoak izaki espiritualez osatuta daude, eta haien kosmogoniaren arabera jainko modukoak dira. «Gizakiok zor handia dugu naturarekin. Klima aldaketa kontuan hartu beharreko ohartarazpena da. Planeta errespeturik gabe eta gehiegi ustiatu dugu», esan du Leo Martinezek.

KOMUNITATEENTZAKO ONURAK

Mendi, baso eta ekimen lokalen arrago batetik igarotzen da Bidea, jasangarria izan dadin eta, aldi berean, igarotzen dituen komunitateei onurak ekartzeko. Fabiangoak bezalako nekazaritza eta abeltzaintza finkak egokitu egin dira, mendian ibiltzen direnei haien lurretatik pasatzen uzteko.

Rosa Maria aztarnategi arkeologikoa ireki dute, gure aroko IV. eta XIV. mendeen arteko hileta eta erritu multzo bat, Vialig Finkaren bihotzean dagoena. Edo El Copal erreserba, Patricia andreak eta Gerardo jaunak kudeatua. Erreserba hori 1987an erosi zen abeltzaintzarako eta nekazaritzarako, baina oihan sarriak -% 95 baso da- eta hegazti aukera handiak -400 espezie baino gehiago- begiak ireki zizkieten. «Baina klima aldaketa ez da erraza izaten ari. Baso euritsu batean gaude, eta tenperaturaren igoera eta euri eskasia ekosistema aldatzen ari dira. Etorkizuna ez dago ziurtatuta», adierazi du Patriciak. «Hemen bizitzea eta erreserba hori zaintzea bakean bizitzea da. Hektarea mordoxka bat besterik ez bada ere, lasai lo egiten laguntzen dit. Zerbait egitea, gutxigatik bada ere, etorkizunari egiten diogun ekarpena da».

Lur garaietara iristean, hotzak, lainoak eta euriak lagundu ohi dute Bidean. Beste proiektu batzuk aldaketa klimatikoaren aurkako gerraren aitzindari bihurtu dira hemen. Eric Fernandez eta bere seme-alabak, Erica eta Giancarlo, 19 eta 12 urtekoak, borrokarako prest dauden heroi anonimo horietako hiru dira. Haien asmoa abereak haztea eta inolako ekarpen artifizial edo kimikorik gabe ongarria ekoiztea da, CO2 neutralizatzen duten Kaliforniatik inportatutako zizare gorriekin bakarrik.

Nate ekaitz tropikalak -herrialdeko historiako txarrenak- 2017ko urrian Costa Ricaren zati handi bat suntsitu zuenean, Fernandez familiak nazioarteko funts batzuk hartu behar izan zituen, lursaila berregin eta lanean hutsetik hasi ahal izateko: «Berrindartu egin behar izan genuen biohartzidurekin eta intsektizida naturalekin. Berriro hasteko modua da, naturak hain argi abisatzen dizunean», adierazi du Eric Fernandezek.

BEGIRATOKI BEREZIA

Guapinol etxaldetik Ozeano Barea ikusten da urrunean, lainoak uzten badu. Begiratoki berezi horretan dago, duela 80 urtetik, Mena familiaren mantenua. Orain dela zortzi urte jatetxe txiki batean lantzen zituzten produktuak errezeta tradizionalekin eskaintzea erabaki zuten. Hango lurrak antzinako bide batek zeharkatzen ditu. Bide hori indigenek eta bertakoek erabiltzen zuten, ozeano banatako bi kostaldeen artean salerosketan erabiltzen zen guztia oinez eta mandoz garraiatzeko. Narciso Menak, familiako seme zaharrenak, garai berriei buruzko gogoeta egin du: «Gaur egun, euri gehiago egiten du, ia ez dago udarik. Lainoak ia urte osoan estaltzen gaitu. Kafea eta frijoleak usteldu egiten dira hainbeste hezetasunez. Klima aldaketaren aurka, lurra indartzea baino ez zaigu geratzen, eurien higaduraren aurka».

Conchita Espino andrea eta Marco Marin jauna dira Costa Ricako Bidearen ekimenaren egileak. Bidea ekimen pribatu bat da, 16 etapatan planetako bi ozeano handienak, Ozeano Barea eta Atlantikoa, banatzen dituzten 280 kilometro inguru oinez egiten dituena. Andrea, psikologo kubatar-amerikarra, eta senarra, Costa Ricako ingeniaria, De Mar a Mar elkartearen bitartez, tokiko komunitateen bizitza hobetzeko eta, aldi berean, klima aldaketaren ondorioak arintzeko borroka pertsonal gisa, abentura honetan murgiltzea erabaki zuten. Proiektu autojasangarriak eta ingurumenarekiko arduratsuak bultzatzen dituzte. «Benetako aldaketa eraginkorra nahi dugu, ez gauzak aldatu behar direla dioten kartelak», adierazi du Conchitak.

Azken etapa 17 kilometrokoa da, Villanueva udalerritik Queposeraino, Ozeano Barean eta Manuel Antonio Parke Nazionalaren atarian. Bertan, Amerikako mendebaldeko ur ozeanikoekin eta gure etorkizunari buruz hausnartzeko unearekin bat egiten da. Oraindik zerbait egin daiteke bizi garen bola urdin txiki honi eusteko. Costa Ricak horretan ahaleginean dihardu, eta orain planetako gainerakoek gauza bera egitea besterik ez da falta.