Sagardogintza tradizionala berreskuratzeko asmoarekin antolatzen den txapelketa Aginagako eliza zaharrean antolatu da aurten lehenbiziko aldiz eta, bertan, afizionatu mailan zein profesionalean aritzen diren sagardogileek ia 30 sagardo desberdin aurkeztu dituzte. Baldintza bakarra, egurrezko kupelean ondutako sagardoa izatea zen.
Horrela, Gipuzkoako hainbat baserri eta upategitan egindako sagardoak dastatu dira, baita sagardotegi ezagunetan egindakoak ere, hala nola Astigarragako Zapiain, Urnietako Altuna edota Hernaniko Itxas-buru. Gipuzkoatik kanpoko sagardoak ere aurkeztu dira, tartean Trebiñuko sagardotegikoa.
Aurten, eta leku berrian egiteaz gain, sistema berria erabili da puntuaketa egiteko eta hiru epai-mahai osatu dira, bakoitza pertsona aditu batek zuzenduta: Maider Larrañaga somelierra (Arteaga Landetxea, Arrasate), Dani Corman somelierra (Basque Culinary Center, Donostia), eta Irati Amondarain enologoa (Andoain).
Lehen fase batean bederatzi sagardo sailkatu ondoren, azkenean epai-mahaiak Zizurkilgo Errebelde sagardotegiko Edurne Aranburuk aurkeztutako sagardoari eman dio garaikurra eta mila euroko saria. Epaileak bat etorri dira oso sagardo orekatua, txinparta egokikoa eta kolore erakargarrikoa zela esaterakoan.
Bigarren sailkatua Astigarragako Larraburu baserriko Anartz Minerrek aurkeztutako sagardoa izan da, eta hirugarrena Aginagako Kupela Kupela taldeko Jon Gallegorena.
Txapelketaren antolatzaile eta kooperatibako kide den Jakoba Errekondoren hitzetan, «sagardogintzaren historian egurrak garrantzi handia izan du eta gure aurreko belaunaldiek ederki zekiten egurrezko ontziak erabiltzen. Baina altzairuzko ontziak zabaltzen joan ahala, ezagutza hori galtzen joan da eta une honetan ia erabat galduta dago. Horregatik hasi ginen txapelketa antolatzen, sagardogintza tradizionala berreskuratzeko».