NAIZ

Jupiterren Orban Gorri Handiak gutxienez 190 urte dituela ondorioztatu du ikerketa batek

Euskal Herriko Unibertsitateko, Universitat Politecnica de Catalunyako eta Barcelona Supercomputing Centerreko ikertzaileek Jupiterren Orban Gorri Handiaren (GRS) adina eta jatorria aztertu dute. Gutxienez 190 urte dituela ondorioztatu dute.

Enrique Garcia-Melendo (UPC), Agustin Sanhez Lavega (EHU) eta Jon Legarreta (EHU) ikertzaileak.
Enrique Garcia-Melendo (UPC), Agustin Sanhez Lavega (EHU) eta Jon Legarreta (EHU) ikertzaileak. (Fernando Gomez (EHU))

Jupiterren Orban Gorri Handia (ingelesez GRS, Great Red Spot) Eguzki Sistemako objektuen artean ikono hedatuena izan daiteke. Ikertzaileek azaldutakoaren arabera, bere tamaina handiari (gaur egun Lurraren diametroa du) eta bere kolore gorrixkak planetako hodei zurbilekin duen kontrasteari esker, erraz ikus daiteke, baita teleskopio txikiekin ere. Jupiterren Orban Gorria zurrunbilo antizikloniko handi bat da, eta haren periferiatik 450 kilometro orduko abiaduran ibiltzen da haizea. Eguzki Sistemako planeten atmosferetan dagoen zurrunbilo handiena eta urtetsuena da, baina haren adina oraindik ere eztabaidagaia da, eta haren eraketa eragin zuen mekanismoa argitu gabe dago.

Euskal Herriko Unibertsitateko, Universitat Politecnica de Catalunyako eta Barcelona Supercomputing Centerreko ikertzaileek XVII. mendeaz geroztik egindako behaketa historikoak aztertu eta eredu numerikoak garatu ostean, Jupiterren Orban Gorri Handiaren bizi luzetasuna eta izaera azaltzen duen artikulu bat argitaratu dute ‘American Geophysycal Research Letters’ aldizkarian.

Adina zehazteko gerturatzea

Aipaturiko aldizkarian orbanaren adina zehazteko gerturatze bat egin dute, eta sorrerari dagokionean, bi hipotesi plazaratu dituzte, «superekaitz erraldoi baten eruzpioa edo haizearen zizailak sortutako zurrunbilo txikiago askoren fusioa», baina ez dute zerk eragin zuen zehaztea lortu.

Egindako azterketetan, denboran zehar tamainak izan duen bilakaera, egitura eta bi eraketa meteorologikoen mugimenduak aztertu dituzte, horretarako, XVII. mendearen erdialdeko iturri historikoetara jo dute, teleskopioa asmatu eta gutxirako iturrietara. «Ondorioztaten dugu oso gertagaitza dela egungo GRSa G. D. Cassinik ikusitako PS izatea. Ziur aski, PSa noizbait desagertu zen XVIII. eta XIX. mendeen erdialdean; kasu horretan, esan dezakegu Orban Gorriak, oraingoz, gutxienez 190 urte baino gehiagoko bizia duela», azaltzen du Agustin Sanchez Lavega ikerketa honen buru izan den EHUko fisikako katedradunak.

Orban Gorriak 1879an 39.000 kilometroko tamaina zuen ardatzik luzeenean, eta uzkurtzen joan da eta biribildu egin da, gaur egun 14.000 kilometrora iritsi arte, ikerketaren arabera. 70. hamarkadaz geroztik hainbat misio espazialek gertutik jarraitutako fenomenoa izan da, eta azaldu dute GRS ez dela «oso sakona» eta «mehea dela haren tamaina horizontalarekin alderatzen bada, bertikalki 500 kilometro inguru hedatzen baita».

Haizearen eragina

Simulazio numerikoak egin dituzte zurrunbiloa nola sortu zen jakiteko, eta GRSaren inguruko haize korronteak ikertu dituzte, «GRSren iparraldean, haizeak mendebalderantz jotzen du 180 kilometro orduko abiadurarekin; hegoaldean, berriz, kontrako noranzkoan jotzen du, ekialderantz, 150 kilometro orduko abiadurarekin. Horrek zizaila handi bat sortzen du iparretik hegoaldera haizearen abiaduran, eta hori bere baitan zurrunbiloa hazteko oinarrizko osagaia da».

Sorrera azaltzeko egindako ikerketa horien ostean, bi hipotesi nagusi plazaratu dituzte: «Superekaitz erraldoi baten erupzioa, Saturno planeta bikian oso gutxitan ikusten direnen antzekoa, edo haizearen zizailak sortutako zurrunbilo txikiago askoren fusioa. Emaitzek adierazten dutenez, bi kasuetan antizikloi bat eratzen bada ere, antizikloi hori ez dator bat egungo GRSren forma eta propietate dinamikoekin».

Sanchez Lavega ikertzaileak gaineratzen du, aipaturiko «ezohiko fenomeno» horietako bat gertatu izan balitz, garaiko astronomoek behatuko zituztela uste dutela. Esperimentu numerikoen hirugarren talde batean, ikertaldeak GRSren sorrera haizeen ezegonkortasun ezagun batetik abiatuta ikertu du. «Uste dugu ezegonkortasun hori zelula luzanga bat sortzeko gai dela, eta horiek entzerratzen eta harrapatzen dituela. Zelula hori proto-GRS bat izango litzateke, sortzen ari den Orban Gorri bat, eta haren uzkurtzeak XIX. mendearen amaieran ikusten den GRS trinko eta azkar birakaria eragingo luke», jasotzen dute. Eta gaineratu, Jupiterren mota horretako zelula luzangak egonkorrak direla.

«Etorkizuneko ikerketen helburua GRSren uzkurdura denboran erreproduzitzen saiatzea izango da, denboran mantentzearen azpian dauden mekanismo fisikoak zehatzago ezagutzeko», aurreratu dute.