Maite Ubiria

Aurten ere besta eredu alternatiboaren erakusleihoa izanen da Patxa plaza

Besta eredu alternatiboaren erakusleiho izanen da, beste behin ere, auzoen bultzadapean berritua izan den Patxa plaza. Kale animazioak, bertsolariak, haurrendako jokoak, herri bazkariak eta gaueko kontzertuak giro euskaldun eta herrikoia sustatzen duten bestetako ezinbesteko osagaiak bilakatu dira.

Besta Alternatiboak aurkezteko agerraldia, Patxa Plazan prest dagoen oholtzan egin zuten.
Besta Alternatiboak aurkezteko agerraldia, Patxa Plazan prest dagoen oholtzan egin zuten. (Guillaume FAUVEAU)

Iazko bestek bilana gazi gozoa utzi zuten Baionan. Udal agintariak kontent azaldu ziren bisitari anitz bertaratu zirelako Lapurdiko hiribururat. Alta, segurtasun atalari dagokionez, auzotar bat boztizki hil zen ezezagunen erasoen ostean, bestak hasi eta berehala.

Horrez gain, eraso sexistei buruzko salaketek ilundu zuten, beste behin ere, bilana, Baionan indarrean dagoen besta ereduak gainezka egin duen sentsazioa areagotzera etorri ziren.

Egoera hori iraultzeko, Baiona 2032 Kolektiboak gogoeta abian eman zuen bestetako mendeurrenari begira aldaketak emateko. Hamar bat proposamen mahaigaineratuz, «metamorfosi lasaia» agindu dute udal agintariek, peñek eta beste hainbat besta eragilek osatzen duten batzordeak.

Hala eta guztiz ere, benetako aldaketaren zain, Patxa plaza babesleku duten besta alternatiboak plantan emateko arrazoiak ez direla desagertu nabarmendu dute antolatzaileek.

Aldaketa batzuk baina ez nahiko

«Urte osoan zehar, Herriko Etxearekin negoziazioetan ibili gara, Baionako Bestak jasangarriagoak izateko, gure hamar proposamenak onartuak eta aplikatuak izan daitezen», azaldu dute besta alternatiboetako antolatzaileek.

Aldaketa batzuk aurtengo bestetan sumatuko direlako «harro direla» azaldu badute ere, «aurrerapausu txikiegiak direla» deitoratu dute. Hiru eremutan dauden gabeziak izan dituzte aipagai.

Hala, aurten ere, euskarak ez duela izango merezi duen tokia Baionako bestetako egitarauan salatu dute. Herritarren parte-hartzea bultzatzeko dinamika eskasa dela oraindik, gaineratu dute. Finean,  eraso sexistak eta homofobia prebenitzeko neurriak «gutiegiak eta ahulegiak» izanen direlako kexu agertu dira.

Horrendako, Baionako agintariek atzo egin zuten aurkezpen ofizialari aurrea hartuz, musika egunaren karietara besta alternatiboen afitxa aurkeztu zuten, ekainaren 21ean, Patxa Plazan.

Ezohiko datak

Uztailaren 10etik 14ra, Parisen iraganen diren Joko Olinpikoen eraginez, bestak ezohiko datetan ospatuko dituzte baionarrek. Lehen aldiz, San Ferminetako bestekin bateratu dira Baionako Bestak. Horrek bestazaleak plana ezberdinen artean baitaezbada errezak ez diren hautuak egitera behartuko dituela pentsa daiteke.

Hala eta guztiz ere, publiko guztientzat pentsaturiko egitasmoa prestatu dute «besta herrikoi, feminista eta euskaldunak» sustatzeko lanean diharduten kolektiboek.

Kirol erakustaldiak, bertsolariak, haurrendako jokoak, herri bazkariak; eta nola, ez, gauak luzatzeko parada eskaintzen dituzten kontzertuak besta alternatiboen ezinbesteko osagaiak bilakatu dira azken urtetako bestetan.

Egitarau osoa ezagutzearen zain, kontzertuak aurreratu dituzte antolatzaileek. Hala, Maskak, RTZ, Ü, Herenegun, Rodeo Stoner, Pangea Pop, Muxutruk Erromeria, Dj Bull, John Dealer and the coconuts, Auhen, Pelax, Badian Bele, Iluma, Dj Jean Doy, Rukula, Punttu Kakot, Egar, Kode Zinez, Frikun eta Nat eta Watson taldeak igoko dira Patxa Plazan jarritako oholtzara.