Gaur hasiko dira arrazoi ezberdinengatik diferente izanen diren Baionako bestak. Hala da. Hilabete bukaeran Parisen ospatuko diren Olinpiar Jokoak tarteko, jaietako datak aldatu egin behar izan dituzte.
Hori gutxi balitz, ustekabean, Emmanuel Macronek ekaina eta uztaila artean eginiko hauteskunde deialdiak itxuraldatu du, erabat, besta aurreko giroa Baionan.
Finean, data aldaketak ezohiko egoera sortu du: Lapurdi hiribururat milaka lagun erakartzen dituzten bestek bat egin dutelako, aurten, sanferminekin.
Baiona eta Iruñea artean lehia desleiala ez dela aditzera emanez, hauteskunde kanpainari iskin eginez, bi hirien arteko senidetzeari ohore egin zion Jean-Rene Etchegaray auzapezak Iruñean eginiko harrera ekitaldira bertaratuz.
Iruñeari eskainitako egunak hesten ditu Baionako bestak. Alta, igande honetan bestetako itxiera arrunta izanen da, aurten. Heldu den urterako utzi beharko ordezkari iruindarren bisita.
17.00etan udal plazan; 18.00etan Baiona Ttipian
Asteazken honetan, 17.00etan, Baionako bestetako irekitze ofiziala iraganen da, Herriko Etxearen plazan. Oren bat beranduago besta alternatiboak abiatuko dira Baiona Ttipian.
Bestari neurria hartzeko, goizean kirol eta gastronomiari dagozkien ohiko ekimenak egin dituzte. Hala nola bestazaleen lasterketa eta piper moletaren munduko txapelketa.
Iaz 2032 kolektiboa plantan eman zuten bestetako mendeurrena beteko den urtea helmuga gisara hartura, besta hurbilagoak, baita sanoagoak ere bilakatzeko xedez.
Peñak, elkarteak eta beste jai eragileek osatzen duen kolektiboak urtean zehar mahai gainean eman dituen hainbat berrikuntza bere egin ditu Baionako Herriko Etxeak.
Hala eta guztiz ere, «bide luzea dagoela egiteko» ohartarazi zuten kolektiboko kideek uztailaren 3an eginiko agerraldian.
Hamar bat neurri proposatu ditu 2032 Kolektiboak besta eredua hobetze aldera.
Segurtasunari buruzko bilan iluna
Orain arte gaueko 22.00etan igaro ohi zen bestetako irekiera ofiziala Baionan. Aurten, ordea, lehen aldiz 17.00etan eginen dute bestetako hasiera ekitaldia.
Tenore horretan azalduko da Leon Erregea Herriko Etxearen balkoira eta bertatik botako dituzte hiru gakoak, bat Baionako auzo historiko bakoitzetik.
Ordutegi aldaketa horrekin jende metaketak saihestea espero dute udal agintariek, era berean «segurtasun kudeaketa hobetu nahi dutela».
Hala aitortu zuten Orai Bat dantza elkarteak ohorean emanen duen 2024ko bestetako edizioa aurkezteko agerraldian.
Oroitzearren, iaz bilan gazi-gozoa utzi zuten Baionako bestek. Izan ere, baionar bat, Patrice Lanies, labankada batez hil zuten bere etxe atarian bestak hasi aitzin.
Hain zuzen, gaur arratsaldean, omenaldia antolatu dute hildakoaren oroimenez.
Hori gutxi balitz, 2023ko bestetako bilanak beste datu kezkagarri bat utzi zuen, bost bortxaketa salaketa jaso zirelako.
Bortizkeria matxistari aurre egiteko dispositibo berria
Hain zuzen, besten denboran Maina izeneko zerbitzuak bortizkeria sexistaren aurkako sentsibilizazio lana egiten du. Erakundeek ez dutela, ordea, aski engaiamendua azaltzen indarkeria sexistari buruz salatu du bestetako atarian mugimendu feministak.
2032 Kolektiboak hala bultzaturik, dispositibo bat entseatuko dute aurten. Hala, Baionako bestetan erreferente diren 50 bat eragilez osaturiko sarea sortu dute.
Izan peña, ostatu, elkarte edo jatetxe, bertako lagunek aplikazio baten bidez aukera izanen dute eraso baten berri emateko segurtasunaz arduratzen diren zerbitzu ezberdinei.
Toki estrategikoetan kokatuko dira erreferentziazko pertsona horiek, asmoa baita beste eremu guztia (orotara 48 karrika) estaltzea.
Era berean, besta egitera etortzen diren jende guztiari bortizkeria sexista ez dela onargarria argiki adierazteko, hiriko hamar bat leku ikusgarritan banderolak emanen dituzte.
«Ez baduzu bai entzuten, ez da!», «nire janzkera ez da gomita bat!», «homofobia, transfobia, aski da!» edo «eraso bakoitza denon afera da!» esaldien bidez mezu azkarra nahi dute bidali.
Horretaz gain, «erasoak bortitzak eta fisikoak badira», sareko partaideek eta Herriko Etxeak musika itzali, argiak piztu, zerbitzatzen gelditu eta minutu bateko isiltasuna egitea adostu dute.