‘Air’-ean hasi da aurtengo BBK Live

Versaillesko hirukoteak sekulako emanaldia egin du osteguneko iluntzean Kobetamendiko bigarren eszenatokian, gaurkoan akaso interesgarriena izan den horretan.

‘Air’ sekulako emanaldia egin du osteguneko iluntzean Kobetamendin.
‘Air’ sekulako emanaldia egin du osteguneko iluntzean Kobetamendin. (Mikel MARTÍNEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Arazo batzuk tarteko berandu iritsi gara aurtengo BBK Live jaialdira, irekiera pasata. Baina iritsi gara, kosta ahala kosta. Runerraren, aparkalekutik jaialdiko zentrora eramaten gaituen gidariaren, zain Martín de Marte entzunaz ginen Kobetamendiko harrobi inguruetan hainbat. Ez ditugu ikusi baina kontatu digute ‘Migajas’ singleean irudi bezala erabili duten Ziripot atera dutela oholtzara. Ikuskizun performatiboa izan da zarauztarrena esan digutenaren arabera, Chill Mafia gogoratu dionik ere bada.

Beranduago elkarrizketatu ditugu eta kontatu digute baietz, primeran pasa dutela oholtzan eta taldearen «bertsio berritu bat» ikusiko dugula hemendik aurrera. Urte luzez egosten aritu da Martin Murua taldeko liderra abesti berrien sorkuntza eta irailean ezagutuko dugu lan berria, zuk zeuk egin estilora egina. 

Newdad taldearen doinuak entzunaz ari ginela elkartu gara Dani Del Vallerekin. Shinova taldeko musikariak oholtzara igo aurreko azken uneak urduri pasatzen ari zela kontatu digu baina pozik zegoela, «lehenengoz BBK Liven eta etxeko eta lagunak aurrean ditugula izango baikara». Laster izango dira Donostiako Jazzaldian ere, eta, momentuz, bira dotore doala eta pozik agertu zaigu musikari bizkaitarra. Txiki oholtzan ari ziren Newdad taldekoek 2000etako rock eta indie ingeles horretatik edaten duela esan daiteke. Laukotea oholtzan, abeslaria gitarra eta teklatuetan ari zela. Jende mordoxka zegoen haiek entzuten, eta, egiari zor, beren diskoak entzutera animatuko gaituen aurkezpena izan daa ezbairik gabe gaurkoa. Pop rock elegantea.

Gune nagusietara bidean, betiko partnerren gunea bilatu dugu, geroz eta jolas gehiago dituena bertaratzen den jendearentzat. Sariak ere bai, ugari, baina batez ere une atsegin bat pasatzeko saiakera da bertan egiten dena. Stivijoes ari zen ordurako oholtza nagusian, urbanoa eta beste hainbat genero nahasten dituen rap abeslaria, 24 urteko galiziarra bera. Jende askorik ez zuen aurrean, baina zeudenak oso gustura zeuden eta oholtza paretik pasa direnek ere gauza bera zioten, artista puska dela eta bikain defendatu duela bere ordu zail hori.

Shinova, beti dotore

Shinovaren txanda izan da segidan, bigarren oholtzan, San Miguel oholtzan. Itxaroten ari ginela kazetari lagun bati galderaren bat erantzun eta segituan ‘Alas’ abestia hasi gara entzuten. Denak beltzez jantzita, zertzelada koloretsuren batekin taldekideren bat, baina hor agertu da Gabi de La Rosa urre kolorez jantzita. Beltza, zuria eta urrea, horiek oholtzan lehen ordu laurdenean ikusi diren kolore bakarrak. Estetika zaindua dute, udako festibal batean daude eta badakite.

Goi mailan aritzen dira Shinovakoak nahiz eta BBK Liven lehen aldia duten, gaur Bilbon izan dira eta bihar Cruilla jaialdian, Bartzelonan. Tuteran egin behar zuten lo, ezin etxera ere lasai joan. Laster Jazzaldian ere izango dira, Donostian, uztailaren 25ean eta gero Benidormen Low jaialdian. Orduan ere ezingo dute etxean lorik egin. «Kamiolarien antzera ibiltzen gara» esaten zigun Dani Del Valle gitarra jotzaileak kontzertu aurretik. ‘Gloria’ abestiarekin jarraitu dute eta atzetik ‘La buena suerte’ diskoko ‘Ïdolos’ etorri da. Argi diseinua ederra inondik ere, aretoetan ere hala izaten dute, baina egun argiz ere luzitzen jakin dute eta hori benetan zaila izaten da. Gabik hitza hartu du eta berentzat etxea diren pertsonak ikusten dituela aurren adierazi: «Ongietorri eta diberti gaitezen!»

Disko berriko ‘No cambiaría’ kantu erromantikoak eman dio kontzertuari segida, uda etorri dadila eskatzen duen abestia. Tira, gaur uda giroa izan da Kobetamendin. Giro lasaia eta jende gehiegi ez, disfrutatzeko horietako. Dena dela, larunbaterako ia dena saldu dela kontatu digute antolatzaileek.

Queralt Lahoz Beefeater oholtzan, negutegian, bere musika zabalduz ari zen eta Orbit bikoa berriz Firestone oholtzan; ordenagailua, sinteak eta keytarra erabiliz elektronika anbientala eginaz zebiltzan. Zeinen interesgarria dirudien proiektu honek ere. Oholtza nagusiko bigarrena izan da Sen Senra askok esperotako taldea, eguneko ehen kartel burua. Pontevedrakoa arrakasta asko pilatzen ari da eta Espainiar kritikak oso goian jartzen du bere lana. Lasai egoteko musika dela esan daiteke, nahiz eta hori bakoitzaren egoeraren araberakoa izaten den. Publikoa pozik zen eta C. Tanganarekin egin zuen ‘Qué facilidad’ abestiarekin batera Kobetamendi kantari jarri dute. Ahots bikoiztuaren zera horrek publiko helduenari sentsazio arraroa sortu dio. «Dagoeneko playbackik ere ez dute egiten», entzun da baten baten ahotik. 

Air eta denak zerura

Air taldearen kontzertua bertatik bertara ikusi nahi izan dugu, lehen lerroraino sartzeko aukera izan dugu eta zorionekoak gu. Kubo zuri baten barruan eman dute kontzertua, trailer baten gainean jartzeko moduko neurria zuen edukiontzi bat. Zuria kolore nagusi kuboan eta baita haien jantzietan ere. Oholtzara bateria-jotzailea igo da lehendabizi, Louis Delorme, ardo zuria kopan zuela, tragoa eman eta eseri da aulkian. Atzetik sintea eta baxua etorri dira, Jean-Benoît Dunckel eta Nicolas Godin. Pixkanaka gora etorri da abestia. ‘La femme d'argent’ kantu jazzeroarekin hasi eta ‘Sexy Boy’ hitarekin eman diote segida. Bagenekien 1998ko ‘Moon Safari’ diskoa eskainiko zutela hasi eta buka. Godinek gitarrak eta sinteak ere tartekatzen ditu baxuarekin. Bi gitarra elektriko, akustiko bakarra eta hiru baxu erabili ditu. Haien soinua asko zaintzen dute, pedalez josita baitu lurra musikari frantziarrak, besteak beste. Energia ona darie ertz guztietatik eta soinuen jolasa etengabea da, zuzenean halako gauzek zerbait sortzen dute barruan, nahiz eta gaur eguzkia ezkutatzearen unea faltan sumatu dugun Kobetamendin. Ilunabarreko musika da Air taldearena.

Sintetizadore modularrak daramatzate, analogikoetatik ateratzen dira soinu elektroniko ia denak, nahiz eta programazioak eta zaratatxoak aurrez grabatuak diren batzuetan. Groove asko duen musika da Air taldearena, Fench Housearen bueltan sortutako taldea bada ere. Bateriak soinu organikoa eta elektronikoa tartekatzen ditu eta argi jolasek haren erritmoa segitzen dute bitartean. Kubo zuria led panelez beteta dago atzeko aldean, beste foko sorta baten argiak pasatzeko moduko panelak eta sabaiak eta alboko paretek ispilu efektua egiten dute. Frankofonoek zeinen fin egiten dituzten gauzak beti ere BBKn, Stromae ezin ahaztu. Ea larunbatean Arcade Firekoek ere antzera egiten duten.

Air taldearen emanaldira itzuliz, izatez emakume batek abestu zuen diskoan, Beth Hirsch handiak, ‘All I need’ abestian falta zen haren ahotsa, zergatia ez dakigun arren. Beste arrakasta batekin segi dute aurrera, oso 60-70etako kutsua duen ‘Kelly Watch the Stars’ abestiarekin, 80etan modan jarri zen vocoderra topera erabili dute bertan. Vocoderra eta frantziar elektronika Daft Punkekin lotuko ditu askok, baina hauek ere ez diote ukorik egiten behin eta berriz erabiltzeari. Publikoarekin lehen interakzioa etorri da orduan eta erantzuna berehalakoa izan da, denak txaloka hasi dira. Eskerrak emateko baliatu dute unea; tamalez euskara bidean gelditu zaie Air taldekoei.

‘Talisman’-ekin egin dute aurrera, sinte eta baxua bi minutuz oholtzan beren munduan sartuta zebiltzan bitartean, gorriz tindatu dute kuboa, bakea musikan eta gerra koloreak irudietan. Bizi dugun garaia izango da hori iradokitzen duena akaso. Globulu gorriak ziruditen irudiekin bihotza azkartzen den moduan tempoak ere gora egin du eta ‘globuluak’ ere mugimenduan hasi dira. Jotzeko duten pultsua eta gustua sekulakoak dira, zuzenekoaren erdira iritsi gara eta poltsikoratu gaituzte erabat.

Gitarra akustikoa oholtzara, 8 biteko beata eta ‘You Make it Easy’ kantua etorri da. Lasaitasun horretan, bateria-jotzailea oinak bonboan jarri eta gozatzen egon da. Hiruak abesten jarri diren unea etorri den arte. Eta hor jabetu gara bateria-jotzailea perkusio-jotzailea dela, metalofonoa ere jo baitu abestian, beste hainbat instrumenturen artean. Bossa nova bat izan da finean eta beste giro batean barneratu gaituzte. ‘Ce Matin-La’ kantuak diskoan bezala jarraipena eman dio kontzertuari; esna kanta bat gaueko 22:10ean. Eguzkiaren lehen printzez jantzi dute oholtza eta jendea goxo abesten jarri sinteen doinuan. Uste baino zale gehiago ditu Air-ek. Armonikaren soinuak eta koloreen tonuek uda eta errepidea ekarri dituzte gogora, baina kostaldeko euskal errepidean koka genezake.

Horietako batetik iristen da Igeldoko parkera eta bertako Cosmic car barrakan ibili denak badaki unibertso koloretsua zer den. Bada horrelakoxe giroa jarri dute ‘New Star In The Sky’ kanturako, ilargiaren safaria koloretsua da ezbairik gabe. ‘Le voyage de Penelope’ kantuan etorri da ilargi betea, gaua sartu eta bisualetan ilargiaren argazkiak ziruditenak protagonista. Lehen zatia instrumental horrekin bukatu dute eta segidan arrakasten zerrendari heldu diote. ‘Venus’ lehena, ilargitik buelrako bidaia irudikatuz, estratosferatik lurra begiratzen ari balira bezalako irudiekin, asteroideenekik tartekatuz. Azkenerako, eguzki sistematik bidaiatu dugu, baita begiak itxita izanda ere, elkar zaintzeko eskatuz abesten ziguten bitartean.

Looperraren erabilera sintearekin oso fin egin dute ‘Run’ kantuan. Abesteko modu oso sotila eta efektuaren erabilera bikaina izan da, ezin gehiago gehitu emanaldiari. Bisualekin lainoa, ekaitza... Ihes egiteko eskatzen duen kantua dela argi geratzen da esaten ari dena ulertzen ez duenarentzat ere. Costa Do Morteko galiziar koadrila bat bere kronika partikularra egiten ari zen ondoan, ahots bizian. Pena esan duten guztia grabatu ez izana, ipuin lehiaketa bat irabazteko moduko istorioa osatu dute-eta Air taldearen emanaldiarekin.

Soinu klasikoagoak iritsi dira atzetik, pianoa eta gitarra akustikoa baino ez oholtzan eta hiru musikariak kantari. ‘Don't be light’ misteriotsuarekin espazioan eta alienekin bagina bezala bidaiatu dugu, elektronikoena izan den kantua ezbairik gabe, baita gehien dantzarazi gaituena ere. Argien kolore gorri eta urdinekin argi utzi dute nahi ez dituzten argiak poliziarenak direla kantu honekin. Edo hori da izan dugun irudipena. Drum and bass pixka bat Prodigyren aurretik, nahiz eta bukatzerako lasaitasunera itzuli den kantua, oso modu organikoan, hasierako groovera buelta.

Bukaerarako ‘Electronic Performers’ utzi dute, giro oso desberdinak dituen kantua. Esperimentazioa nagusi hasieran jazz ukituekin tartekatuta. Baina kantuaren izenburua mantra bezala errepikatuz joan eta gora egin du abestiak, tempoa zertxobait igo, baxuak gogortu… baina klimaxera sekula iritsi gabe. 70etako rock progresiboan oinarritzen zela esan daiteke, Pink Floyd eta halakoak gogora etorri zaizkigu: klimaxik ez baina estasi egoeran bukatu da Air taldearen emanaldia.

Gaua aurrera

Massive Attack txaloak bukatu orduko hasi da Nagusia oholtzan: iluntasuna nagusi eta zuriak eta beltzak oholtzan kolore bakarrak. Argiak eta itzalak kontzeptu bezala. Gigi D'Agostinoren kantu bat enegarrenez talde batek intro moduan erabili du gaurkoan ere, ‘In My Mind’ gaurkoan, hasteko eta bukatzeko. Hauek bai, ‘eskerrik asko’ eta ‘gabon’ euskaraz esan dizkigute, xehetasunetan dago diferentzia.

Horace Andy jamaikar abeslaria igo da kolaboratzera atzetik, taldearekin zuzenean hainbat kolaborazio izaten baitira, hau gaueko lehena. Pantailetako irudia joan da une horretan, ezin urrunetik lehen planoak ikusi, baina itzuli da denbora gutxira. Propio egin duren zerbait izan da. 

Segidan, Elizabeth Frader agertu da oholtzara eta denak txoratzen jarri dira. Ze goxotasun eta xarma ematen dien abestiei Fraserrek. Bideotan denetariko irudiak agertu dira atzeko pantaila erraldoian eta idatzitako esaldiak euskaraz ere idatzi dituzte. Bejondeiola hori horrela izatea erabaki duenari. Pantailan militarrak agertu diren uneoro txistuak nagusi Kobetamendin.

Aviciiren ‘Levels’ taldearen coverra etorri da bukaera aldera, kontzertu ederra eskaini dutena. Los Planetas eta The Prodigy taldeekin luzatukod dute gaua zaletuek. Bihar gehiago.