Azken txanpan sartu dira Baionako bestak. Izan ere, berdin egitarau ofiziala begiratuta, berdin besta alternatiboen eskaintzari erreparaturik, ongi pasatzeko betarik bada Lapurdiko hiriburuan asteburu osoan zehar.
Adibide soila, Elena ta Juliek alaiturik, «gozo bose pintxoak» proposatu dituzte eguerditik landa Patxa plazan. Baionako besten karietara indarra hartzeko aukera badela erakutsi dute Zizpa gaztetxeko lagunek, prezio eskuragarrietan gainera.
«Besta egitea karioa dela» bolo-bolo dabilen esaldia delako aurten ere Lapurdiko hiriburua.
'Mediabask' hedabideak kontu batzuk atera ditu. Bazkari batengatik bataz bestean 30 euro behar ditu paltrikatik atera bestazaleak. Alternatiba merkeagoak badaude. Izan ere, paniniak eta taloak 7 euroan saltzen dute besta eremuan, eta hamar euroan 'euskal hanburgesa'.
Zorionez, berdin Patxa plazan edota Laborarien Xokoan tokiko mozkinekin eginiko bazkariak prezio apalagoetan eskaintzen dituzte.
Beste bezeroa xerkatzen dutela azaltzen dute laborariek. Bereziki familien buxetari arreta eginez, lau euroan proposatzen dute aurten taloa, eta sei euroan laborarien hanburgesa.
Gaur ohituren eguna da eta bihar Iruñera begira jarriko dira baionarrak. Izan ere, Parisko Olinpiar Jokoak tartean Baionako bestak sanferminekin batera ospatu dutenez, heldu den urterako utzi beharko dute igandearekin ospatzen den Baiona eta Iruñea arteko ohiko senidetzea.
Larunbat eta igandeko egitaraua
Ohiturari jarraitiz, nafar jotak entzun dira gaur gozean Baionan. Eguerdian, ordea, Leon erregea iratzartzeko ekitaldia iragan da Askatasunaren plazan.
Pilota partidak ahantzi gabe, eguerdiko pausaren ostean, arratsako 17.00tik goiti Aturrira begira emanen dira bestazaleak, estropada izanen delako Aviron Bayonnais eta Societe Nautique de Bayonne taldeen artean.
Asteburuan ere izanen dira usaiako Karrikaldi eta Patxa plazako egitarau alternatiboa. Lehena, 16:30etik 23:00etara izanen da Jacques-Portes plazan.
Baionako auzo elkarteak lehiatuko dira, ordea, 22.00tik aitzin, Corso argitsua kari. Olinpiar Jokoak gaitzat hartuta, hamar bat gurdiz osaturiko lehen desfilea eginen dute gaur gauean.
Bihar, erran bezala, Iruñeari eskainiriko eguna izaten da. Hetsiera egun arrunta izanen da, aurten, baina heldu den urtetik aitzin berriz ere ohorean emanen dute bi euskal hiribururen arteko senidetzea.
Banden meza eta desfilea iraganen da igande goizean. Patxa plazan, berriz, 11:00etan ziganteak eta gaiteroekin iragarriko dute besten azken eguna heldu dela. Bestalde, Nat ta Watson-ek alaiturik presoen elkartasunean antolaturiko herri bazkaria 13.30etan izanen da.
Handik aurrera, 19.00etan hasi eta gauerdi artean zer entzun eta zer ikusi ez da faltako, bihar, Baionan.
Kontzertuen ostean, 22.00etan Corso argitsua abiatuko da Santizpirituko auzotik eta ondotik agur esango diete aurten ez ohiko datetan iragan diren Baionako bestei.