BABESLEDUN EDUKIA

Arrigorriaga eta Bermeo madalenak ospatzen hasiko dira asteburu honetan

Madalenak ospatzeko sasoia iritsi zaie Arrigorriagako biztanleei eta, ostiral honetan hasita, zazpi egunez luzatuko den egitarau zabala prestatu dute. Bermeon asteleheneko Madalen eguna ospatuko dute, Izaro ugartearen inguruan teila jaurtiaz, baina aurreko egunetan ere hainbat ekitaldi izango da.

Aritz Berri taldeko txistulariek Madalen eguneko goiza alaituko dute beste urte batez.
Aritz Berri taldeko txistulariek Madalen eguneko goiza alaituko dute beste urte batez. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Madalenak egun bereziak dira arrigorriagar guztientzat, eta horregatik egitarau zabala prestatu du jai batzordeak, herritar askorekin elkarlanean. Esan bezala, egitaraua zazpi egunez luzatuko da (uztailaren 19tik 25era) eta Udalak dei egin du jaiak berdintasunean bizitzeko eta gozatzeko.

Txupinazoa ostiral arratsaldeko 20.00etan izango da, kuadrilen jaitsieraren ostean, eta aurten herriko lau talde izango dira jaiei hasiera emango dietenak, Arrigorriagako bizitzan egindako ekarpenagatik: Abrisketako Done Periko kuadrilla, Kilimusi eskaut taldea, Abusu Arrantza eta Casting kluba eta SIAL (Santa Isabeleko Auzoko Lagunak). Ondoren, Burrunba elektrotxaranga eta Aritz Berriko txistulariak eta lagunak abiatuko dira herrian zehar eta 20.30ean txosnak zabalduko dituzte.

Larunbata (uztailak 20) gazte bazkariari eta gazte olinpiadei eskainitako eguna izango da, baita zenbait kirol ekitaldiei ere, eta igandean kale dantza, euskal dantzak eta suzko zezena daude iragarrita, besteak beste.

Astelehenean (uztailak 22) Madalena egun handia ospatuko dute. Urtero bezala, meza nagusiaren ondoren Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoaren kontzertua izango da eta ondoren, txakolin eta oliba dastaketa. Eta arratsaldean, XXXIV. Folklore kalejira eta jaialdia ospatuko da Boliviako, Tanzaniako eta Andra Mari dantza taldeekin.

Asteartean umeen eguna ospatuko dute, asteazkenean mozorro eguna, eta ostegunean paella eta tortilla lehiaketa gastronomikoak egingo dituzte.

Musika arloari dagokionez, honako taldeak artiuko dira Arrigorriagako plazan: Puro Relajo eta Akerbeltz (ostirala 19), Su ta Gar eta Lehian erromeria (larunbata 20), Orkestra Vulkano (igandea 21), Beranduegi erromeria (astelehena 22) eta One Love eta DJ Markelin (asteazkena 24).

Txosnagunean, aldiz, honako emanaldiak iragarri dituzte: Herdoil, Ganibet eta Fetitxe (ostirala 19), DJ Radiopatio (larunbata 20), play back lehiaketa (astelehena 22), bertsio gaua (asteartea 23) eta Empire of Disease, Silitia eta Gautegun erromeria (asteazkena 24).

Arrigorriagako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Arri Loralan, Garbitu, Di - Da.

Txistulariek bidea zabalduko diete Udalbatzako kideei, astelehenean, porturako bidean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Basterretxea oroituz Bermeon

Bermeon larunbata honetan abiatuko da jai egitaraua Artza frontoian jokatuko diren profesionalen arteko pilota partidekin: Larrazabal-Morgaetxebarria Alberdi II-Iztuetarekin aurka eta Artola-Mariezkurrena Laso-Albisuren aurka. Igandean, bestalde, Madalena bezpera izango da eta Baztarre kaleko jaiak ospatuko dituzte bertako auzo alkarteak eta Udalak prestaturiko egitarauarekin.

Eta ohikoa den moduan, Madalena egun handia uztailaren 22an izango da, astelehena. Egitaraua goizean goiz zabalduko da Kankinkabara txistu taldeak alde zaharrean egingo duen kalejirarekin, eta 11.45ean Udalbatza porturantza joango da txistulariek Madalen zortzikoa jotzen duten bitartean.

Eguerdiko 12.00etan udalbatza itsasontzietara igoko da Izarora joateko. Bertan, ikurrina eta Bermeoko bandera jaso eta gero, Nadia Nemeh alkatesak teila jaurtiko du uretara, tradizioak agintzen duen bezala, Bermeoko urak noraino iristen diren adierazteko: «Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak» esango du Nadiak beste urte batez.

Aurten botako duten teilak Nestor Basterretxearen "Izaro" eskulturaren grabatua eramango du, Bermeoko artistaren jaiotzaren mendeurrena gogoratzeko.

13.30ak inguruan Elantxobera helduko dira eta Alkartasuna dantza taldeak ohorezko aurreskua eskainiko die Bermeo, Elantxobe eta Mundakako alkateei. Arratsaldean Mundakara joango dira eta 19.30ean Bermeora itzuli eta Udalbatza Goiko Plazara igoko da, banderak altxatu eta aurresku eta zabaletakoak egiteko.