Dabi Piedra
Elkarrizketa
Solange Igoa
Glitterfox taldeko abeslaria

«Abesti tristea da ‘Xalbadorren heriotzean’, baina jendea alaitzen du»

Euskal kantutegiko pieza kutunetako baten bertsioa plazaratu du AEBko Portland hiriko Glitterfox taldeak. ‘Xalbadorren heriotzean’ doinu dantzagarri bilakatu du laukoteak. Solange Igoa abeslariari esker, euskarak tokia egin du Mendebalde Urruneko talde horren errepertorioan.

Solange Igoa, taldeko beste partaideekin.
Solange Igoa, taldeko beste partaideekin. (Jason QUIGLEY)

Euskal jatorrikoa du familia Solange Igoak, Glitterfox talde estatubatuarreko abeslariak. Nafarroa Beheretik Kaliforniarako bidea egin zuten haren aitatxi-amatxiek eta Bakersfielden errotu ziren, euskal diaspora zabaleko hirian. Arbasoak gogoan, euskara ikasi nahi luke Igoak, eta Glitterfoxekin euskal kantu gehiago grabatzeko asmoa du.

Euskal-amerikarra izanik, txikitatik izan duzu lotura euskal kulturarekin?

Aita euskalduna dut. Aitatxi eta amatxiren etxetik hurbil hazi nintzen, kalea zeharkatu eta bertan. Familiako guztiok lotura estua izan dugu beti. Amatxi Baigorrikoa da eta aitatxi Urepelekoa, Xalbador bezalaxe! Amatxi bigarren ama baten gisakoa izan da niretzat, inguruko haurrek izan ez zuten hezkuntza izan dudala esan daiteke, euskal kultura beti gertu. Aitatxirekin musean jokatzen nuen eta Kern County Basque Cluben euskal dantzak ikasi nituen.

‘Xalbadorren heriotzean’ kantua ere orduan entzun zenuen lehenengoz?

Bakersfielden antolatzen den Udaleku delakoan ikasi nuen, haurra nintzela. Euskal Herritik etorritako irakasleak izaten genituen eta euskal kantak eta euskara pixka bat irakasten zizkiguten. Dantza irakasle bat genuen, Kristie Onaindia, eta, ‘Xalbadorren heriotzean’ oso gustukoa zuenez, Udalekuko haur guztiok buruz ikasi genuen hari kantatzeko, sorpresa gisa.

Glitterfoxen ohiko estilotik apartekoa da ‘Xalbadorren heriotzean’ kantua. Nolatan sartu zenuten zuen errepertorioan?

Euskaraz abesteko ohitura betidanik izan dudanez, estudioan grabatzen ari ginen egun batean, atsedenaldian geundela, gure managerrak entzun ninduen ‘Xalbadorren heriotzean’’ kantua abesten, hori baita nire gogokoenetako bat. Aipatu zigun grabatu egin genezakeela, estiloan moldaketa batzuk eginda. Niretzat atsegina da taldearekin euskaraz kantatzea, izan ere, euskaraz kantatzen dudanean, emaitza ondo egokitzen zaio gure estiloari.

«Inguruko haurrek izan ez zuten hezkuntza izan dut, euskal kultura beti gertu. Aitatxirekin musean jokatzen nuen eta euskal dantzak ikasi nituen»



Gainerako taldekideak ez dira euskal-amerikarrak. Arrotza egin zaie euskarazko kantu bat grabatzea?

Bandakoek gustuko dute kantua, oso atsegin dute euskarazko piezak jotzea. Beste euskal kanta batzuk egokitzeko asmoa ere badugu. Eskertuta nago hasieratik babestu nautelako bide honetan.

Zure aita, Pierre Igoa, Kaliforniako euskal diasporaren komunitatea bultzatzen lanean ari da. Hark zuen grabazioan parte hartzea berezia izango zen…

Oso pozik aritu zen harmoniak kantatzen eta haizezko tresnak jotzen. Dibertigarria izan da aitak nirekin abestea, izan ere, haurra nintzenean berarekin kantatzen uzten zidan, euskal musika lantzen zuen talde baten parte zen eta haiexek izan ziren publiko aurreko nire lehenengo agerraldiak. Zinez berezia da kantaldi haietan pentsatzea, oholtza gaineko aurreneko aldiak euskara hutsezko emanaldietan izan bainituen. Beste behin, hura ere haurra nintzela, Nevadara joan nintzen eta kantatu nuen telebistarako, ‘Californias Gold’ saioak kapitulu bat grabatu zuenean gure hiriko euskal jatetxe batean.

Nork lagundu dizu euskarazko ahoskera fintzen? Euskaraz ez baitakizu.

Aitatxik erakutsi zidan txikitan euskarazko hitzak nola esan, hartara, euskal kanta bat abesten ikasi behar dudanean badakit nondik nora jo. Badakit nire ahoskera ez dela perfektua, baina horrek xarma ere eman diezaioke. Edozein kasutan, gogoz saiatzen naiz ahoskera egokia bilatzen.

Gogo izugarria dut noizbait Euskal Herrian luzaroan egoteko aukera izateko. Hala, euskara ikasi ahal izango nuke, gaur egun hitz solteak baino ez dakizkit. Badakit nire aitatxi-amatxien euskalkia ikastea zaila izango dela, baina berdin dit euskararen beste dialekto bat ikasi behar badut ere. Nahiago hori, euskaraz piperrik ez jakitea baino.

«Badakit nire aitatxi-amatxien euskalkia ikastea zaila izango dela, baina berdin dit euskararen beste dialekto bat ikasi behar badut ere. Nahiago hori, euskaraz piperrik ez jakitea baino»

Interneten entzun daiteke Glitterfoxen ‘Xalbadorren heriotzean’, eta zuzenean ere kantatu duzue. Publikoak zer harrera egin dio euskarazko piezari?

Jendeak atsegin du, eta dantzan egiteko ere aproposa da! Zaleren bat edo beste kontzertuetara etorri da gurekin abesteko asmoz. Horietako batek orduak pasatu zituen kantuaren hitzak irakurtzen eta grabazioa entzuten, buruz ikastea lortu zuen arte. Asmoa zera zen, hura bizi zen hirian kontzertua eman genuenean gurekin ‘Xalbadorren heriotzean’ abestea, hitzez hitz, hasi eta amaitu.

Euskal-amerikarrek nola hartu dute zuen bertsioa?

Orain arte gauza onak baino ez dizkigute esan! Kantu maite-maitea da hemen, Estatu Batuetan, Euskal Herrian den bezala. Abesti tristea da nolabait, baina hura entzutean jendea alaitzen duen abesti tristea.

Bideoklipean Euskal Herriko irudi zaharrak tartekatu dituzue, bideo formatuan eginak. Nork grabatu zituen?

Irudi horiek guztiak aitak grabatu zituen 1990eko hamarkadan, Euskal Herrira egin zuen bidaia batean. Gure familiako kideak ageri dira bideo horietan, baita gure aitatxi hazi zen baserria ere. Amaieran, Xalbadorren bilobak ikusi eta entzun daitezke ‘Xalbadorren heriotzean’ kantatzen. Bidaia hartan bertan Urepelen egindako bazkari batean grabatu zituen gure aitak.

Glitterfox laukoteko abeslaria zara, kantuen hitzak ere zeuk idatzi ohi dituzu. Azalduko zeniguke zer eratako musika egiten duzuen?

Uste dut momentu latzetatik ateratzen dugula kantuetarako inspirazioa. Sentimendu sakonak daude gure musikaren oinarrian. Zintzotasuna eta zaurgarritasuna kantuetarako abiapuntu politak direla esango nuke.

Glitterfox sortu baino lehenagotik ezagutzen duzu Andrea Walker, kantukidea ez ezik bikotekidea ere baduzuna.

Bai, Andrea eta biok hamabi bat urte daramatzagu elkarrekin kantatzen, eta orain ezkonduta gaude. Euskal kanta asko abesten ditugu. Eta gauza bat esango dizut: Andrearen gogokoenetako bat ‘Txoria txori’ da.

‘Xalbadorren heriotzean’ eta ingelesezko beste dozena erdi single plazaratu dituzue. Disko batean batuko dituzue?

Bai, udazkenean eta neguan grabazioak egingo ditugu eta, ondo bidean, espero dut datorren udan disko berria kalean izatea. Ea taldekideak konbentzitu ditzakedan beste euskal kantaren bat ere sartzeko.