BABESLEDUN EDUKIA

Nafarroako jai egutegia Elizondo, Gares eta Tuterara begira jarriko da aste honetan

Udako jai ospakizunak zabaltzen hasi dira Nafarroa osoan zehar eta aste honetako egutegia Elizondo, Gares eta Tuterara begira jarriko da, hiru herri hauetan txupinazoak botako baitituzte asteazken honetan.

Txupinazoaren ondoren, Elizondoko gaitariek eta txistulariek dantzan jarriko dituzte erraldoiak.
Txupinazoaren ondoren, Elizondoko gaitariek eta txistulariek dantzan jarriko dituzte erraldoiak. (NAIZ)

Nafarroako ipar aldetik hasita, Elizondon jaiak ospatuko dituzte bost egunez, uztailaren 24tik 28ra. Txupinazoa asteazken eguerdiko 12.00etan botako dute eta aurten horren ardura izango duena marrazki lehiaketako irabazle nagusia izango da: Elizondoko Eskola Publikoko Unai Iribarren. Bigarren txupinazoa Benito Menni zentroko Ion Albizek botako du eta hirugarrena, Maddi Juanikotenak.

Txupinazoaren ondoren, ohikoa den moduan, Baztan Zopak banatu eta kalejira abiatuko da konpartsa, txistulari, gaitero eta txarangarekin. Arratsaldean, musika emanaldiak, karrikadantzak eta kontzertuak izango dira.

Ostegunean (Santio Eguna) mutil-dantzak, haurrendako jolasak, pelota partidak eta mariatxiak izango dira protagonista, eta ostiralean konpartsaren itzulia eta kuadrillen arteko bazkaria. Larunbatean, nekazaritza eta artisautza azoka izango da, baita mus txapelketa, herri kirolak, txapel jaurtiketa eta bertsolariak ere, eta igandean zikiro-jatea Iriarte frontoian.

Elizondoko jaietako establezimendu laguntzaileak: Sagardiko Edariak, Malkorra Gozotegia, Arkupe Gozotegia.

Urtero bezala, musika izango da protagonista Garesko kaleetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Nafarroan hegoaldera eginez, Arga ibaiak zeharkatzen duen Gares herrian jai egitaraua sei egunez luzatuko da, datorren astelehenera arte. Txupinazoa asteazken eguerdian (uztailak 24) botako dute Udaletxeko balkoitik eta aurten Garesko Saskibaloi Klubeko Emakumezkoen Talde Seniorreko jokalariek botako dute, Final Four delakoan lortutako garaipen ikaragarria eskertzeko.

Itziar Imaz alkatesak azaldu duen bezala, aurtengo berrikuntza nagusia Haurren Egunaren jardueren kokapen aldaketa da; ibai ondoko pasealekura aldatu da, bertako itzal ederrari probetxua ateratzeko.

Horrez gain, nobedade gisa, igande arratsaldean (uztailak 28) Nafarroako Jota taldeak joko du eta jai egitarauak arrakastarik handiena duten jarduerak berreskuratu ditu, hala nola Donejakue eguneko arratsaldeko eskupilota partidak edo mariatxien kontzertua.

Jai egun hauetan, garestar nahiz bisitari guztiendako lekua egonen da, txikienetik zaharrenera: ohiko banderaren agurra, zezen jaiak, Soterrañako Ama Birjinari lore-eskaintza, adinekoen eguna, haurrendako jarduerak, erraldoien eta kilikien irteera, herri-bazkaria, musika emanaldiak…

Garesko jaietako establezimendu laguntzailea: Aislamientos Gares.

Tuteran, berriz, Santa Ana jaiak ospatuko dituzte aste honetan zazpi egunez, uztailaren 24tik 30era. Txupinazoa asteazken eguerdian botako dute Erlojuaren Etxeko balkoitik eta une horretan festa lehertuko da buruhaundien konpartsa, gaitero, txistulari, Tuterako Musika Banda eta Peñen txarangen doinuekin.

Ohikoa den bezala, goizero entzierroak izango dira, alde zaharretik zezen plazara, eta gauero larrain dantza egingo da Foruen plazan. Herriko peñek ere egitarau zabala prestatu dute eta ez dira faltako ohiko kalejirak txarangarekin lagunduta, herri bazkariak, musika kontzertuak…

Tuterako jaietako erakunde laguntzailea: Peña Beterri.