BABESLEDUN EDUKIA

Gertu diren herriko festen esperoan daude Leitza, Agoitz, Goizueta, Burlata eta Tafallan

Nafarroako bost udalerri horietan dena prest dute datozen egunetan iritsiko diren jaietarako: jantzi zuriak, zapi gorria, kaleak beteko dituzten ekimenak eta haiek bizitzeko grina... Egutegian markatutako datak gorabehera, abuztuko aste garrantzitsuenaren atarian dira.

Txupinazoaren ondoren Erraldoi eta Buruhandien kalejirak emango du festen hasieraren berri.
Txupinazoaren ondoren Erraldoi eta Buruhandien kalejirak emango du festen hasieraren berri. (Jagoba Manterola | Foku)

Ordu gutxi batzuk besterik ez dira falta Leitzan sei eguneko festei ekiteko. Larunbat arratsaldean, hilak 10, txupinazoaren eztandak adieraziko die herritarrei abian direla. Aurrez, ordea, Sare herritarrak deitutako manifestazioa, eta kantu bazkari herrikoia egingo dituzte. Biharamunean, Tiburtzio Donearen Egunean, ezpatadantzarien emanaldia eta herri kirol saioa dira bi hitzordu nagusiak; baita txosnagunean aurrera eramango dute Euskal Rock Erradikalaren Gaua ere.

Amaierako Pobredemíe-a arte, ohiko egiturari eutsiz, kalejirak, goxoki banaketa, txistulariak, entzierroak, zezensuzkoa edota haur jolasek ez dute aurten ere hutsik egingo. Kirolzaleak, eta bereziki, pilotazaleak zorioneko dira, lau lurraldeko emakume txapeldunen eta herriko afizionatuen partidez gain, profesionalen bi ere ikusteko aukera izango baitute. Bertsozaleek ere puntako saio bat dute zain, hilaren 13an. Plazan, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Aitor Sarriegi, Saioa Alkaiza eta Joanes Illarregi ariko dira.

Atekabeltz gaztetxeak ere bere proposamena atondu du. Kontzertuak igande gauerdian, hilak 10, hasiko dituzte, eta bi musika gau luzerekin batera, bakarrizketa, eta jarduerez beteriko gazte eguna, hilak 14, prestatu dute.

Leitzako jaietako establezimendu laguntzaileak: Leitzako Udala, Maimur Liburudenda, Saralegi Taloak

Atzerako kontaketan sartu dira Agoitzen ere. Larunbat eguerdian, hilak 10, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak suziria jaurtiko du udaletxeko balkoitik, jaiak martxan jartzeko. Keinu horrekin 50 urteko ibilbide luzea eta egindako lan nekaezina aitortu nahi diete. Hain zuzen ere, konpartsaren urteurren ospakizunak bere isla izan du festaurreko astean.

Jaiak lehertuta, dantza eta musika dira eguneko zeregin nagusiak. Igandean ere ez dira faltako, aipagarri badira ere Erraldoi eta Buruhandi konpartsen elkarretaratzea, euskal dantzak eta pilota partidak. Hilaren 12a, Haurren Eguna denez, Udal Txikiari harrera eta txupinazio txikiaz gain, apar festa eta mozorro lehiaketa ere antolatu dituzte. Hilaren 13a, aldiz, Gazteriaren Eguna. Haientzat gazte bazkaria eta disko gaztea dira gaupasa gauaren aurreko hitzordu garrantzitsuenak. Urteetan gora eginez, hilaren 14a, Adinekoen Eguna da. Protagonistek San Migeli eskaintza egingo diote mezan eta udal agintariek zaharren egoitza bisitatuko dute. Horrez gain, adinekoen bazkalostea Carísmak girotuko du, eta ondoren, Larrain dantza izango dute zain.

Gainera, Nafarroa Beherea plazan gauero dantzaldia egingo dute, disko gaztea Iturtzarreta parkean eta kontzertuak Merkatu plazan.

Agoitzeko jaietako establezimendu laguntzaileak: Agoizko Udala, Seguros Lagunaro

Aste erdian helduko dira Goizuetako Amabirjin fiestak, eta bost egunez, hilaren 14tik 18ra bitartean, herrian aspertzeko tartetik ez da egongo. Suziria asteazken eguerdian, hilak 14, botako dute, eta jarraian, goizuetarrek ondo ezagutzen duten egitura jarraituko dute jaiek; izan ere, osagaietako asko urtez urte mantentzen baitira, funtzionatzen duten seinale: pilota partidak, bertsolariak, zezenak, txarangak, dantzaldiak, kontzertuak gaztetxean, Goittikiren aldeko bingoa...

Egun bakoitzak bere izena eta izaera du. Gazte Eguna da lehena, eta elkarrekin bazkatzeaz gozatu ondoren, Peña irteera egingo dute zuri-gorriz eta blusa berdea jantzita, betiko ohiturari jarraituz. Ondoren, gazte txupinazoaren txanda izango da gaztetxean. Biharamunekoa, Amabirjin Eguna da. Pilota partidak, herri kirol erakustaldia eta bertsolariak dira hitzordu aipagarrienak. Sagardo Egunean, hilak 16, nola ez, hainbat ekoizleren sagardo probatzeko parada dute, toka txapelketan trebezia erakustekoa ere; eta iazko berritasunari eutsiz, gauerdia pasata, Lasturko zezenekin entzierroa egingo dute.

Txarangak jai egunero alaituko ditu Goizuetako kaleak. (Idoia Zabaleta/Foku)

Azken bi egunetako lehena, txikienei bideratutakoa da, hortaz, hilaren 17an, umeak dira nagusi: Pilota partidak, buruhandi eta erraldoien kalejira, bazkaria eta puzgarriak, ur txirrista eta guzti. Amaierakoa, berriz, Peñarena. Pilota partiden aurretik, irteerarekin hasiko dute eguna; ondoren, bazkaldu, eta kalez kale ibiliko dira txarangarekin. Gauerdian, bukaera ekitaldia egingo badute ere, txosnan goizaldera arte jaiak jarraituko du DJ Bullen musikak lagunduta.

Goizuetako jaietako establezimendu laguntzaileak: Zubidenda, Amaia Okindegia, Etxerat Taberna, Ikastolako Taberna, Oxeguarda jatetxea, Izkiña Jatetxea

Data berean hasita, sei eguneko gozamena dute aurretik Burlatan. Musika, dantza, otorduak eta parranda. Horiek eta ondo pasatzeko lagungarriak prestatu ditu udalak, herritar guztiengana iritsi nahian: Diana goiztiarrak, erraldoiak, txarangak, kontzertuak, kale ikuskizunak... Ofizialez gain, zenbait herri erakundek antolatutako eskaintza ere jaso du egitarauan.

Hilaren 14tik 19ra doan egitarauaren ardatzak kirola eta musika dira, horiei lotutako ekitaldi kopurua ikusi besterik ez dago. Lehenengoen artean, esku-pilota memoriala eta txapelketa, futbol norgehiagoka, herri kirolak edota lokotx bilketa proba herrikoia; bigarren multzoan, aldiz, herriko taldeen emanaldiak –Burlatako txistulariak, Burlatako Musika Banda, Alegrias de Burlada...– Zalduko aparkalekuko kontzertuak. Bertan joko dutenen artean, esaterako, Gozategi, Koma, Basu edo Los Descartes.

Zeregin denei hasiera emango die, herritarrek hautatuta, José Félix de Miguel Zabalak piztuko duen suziriak. Herrian bizitzen daramatzan ia sei hamarkadetan, negozio bat zabaltzeaz gain, kultur arloari ekarpen nabarmena egin dio Emengoak Peñaren bazkide sortzailea baita, Larratz Dantza Taldeko kidea ohia, urtetan Olentzero, gaitero taldeko kidea...

Burlatako jaietako establezimendu laguntzaileak: Clínica dental Lekuona, Vulcanizados Felix, Axular Kultur Elkartea, Burlatako Udala

Denei begirako astebeteko egitaraua atondu dute Tafallan. Hilaren 14tik 20ra doazen 130 hitzordutik gora ditu zerrenda ofizialak, baina horri gehitu behar zaizkio kuadrillek eta gainerako eragileek antolatutako ekimenak.

Jai aurreko astean beroketa egiten ari dira tafallarrak asteazkenean hasiko diren jaietarako. Hala, hilaren 10 eta 11ko asteburuan, esaterako, berritasunetako bat den behi askatzea, jota txapelketa edota Hermana Furia, Martin Galdiano eta Goxua’n Salsa taldeen emanaldiek datorrenerako prestatuko dituzte festazaleak. Edonola, bere mende erdia ospatzen ari den Musika Eskolak suziria jaurti ondoren etorriko dira jarduera gehienak.

Puzgarriak, dantzak, entzierroak, burtziketak, errondak, Euskaren Eguna... Ohiko osagaiei eutsi, eta berritasunak gehitu dizkiete: Zezen freskagarria jarriko dute Ereta parkeko gazteen gunean hilaren 14an eta 17an, eta azken egun horretan, Ferieta Pirata ere, Kondearen parkean. Aurreko urteetan ez bezala, herriko Pilindros kirol taldeak egingo du herri kirol erakustaldia; eta ostiralean, hilak 16, iaz bezala, gazte afaria DJ batek girotzeaz gain, zezen mekaniko bat jarriko dute.

Bestalde, txosnetan Tafallako Jai Herrikoien mugimenduak 23 talderen eta zortzi DJen saioak antolatu ditu. Bestelako jai eredu bat bultzatzeko xedez, musikaz harago, afari eta bazkari herrikoiak, bertso saioak, haurrentzako ikuskizunak... ere gauzatuko dituzte.

Tafallako jaietako establezimendu laguntzaileak: Seguros Mikel Senosiain, Tafallako Udala, Txiki Taberna