BABESLEDUN EDUKIA

Lakuntzan da Nafarroako festazaleen hurrengo hitzordua

Iristear dira abuztuko festak Lakuntzara. Larunbatetik ostegunera, hilaren 24tik 29ra, jai batzordeak eta herriko taldeek antolatutako jarduerez beteko dira kaleak. Giroa zabaldu eta parte hartzea sustatzeko, zenbait berritasun eta moldaketa barneratu dituzte.

Erraldoi eta buruhandien kale jirak festen hasieraren berri emango du.
Erraldoi eta buruhandien kale jirak festen hasieraren berri emango du. (Iñigo Uriz | FOKU)

Plaza gutxi gelditzen zaizkie parrandazaleei festa egutegia amaitzeko, baina abuztuak berea eman artean, Nafarroan badituzte zenbait aukera. Asteburuan hasita, Lakuntzak sei eguneko jaiak ditu aurretik, nahiz eta bezperan, hilak 23, badiren bi hitzordu: Biltokik antolatutako futbol txapelketaren finala eta Biltotek tekno musika jaialdia.

Ezkila errepikaren ondoren, iaz jaiotako haurrei zapi bana eman, kartel eta futbol txapelketetako sariak banatu, eta txupinazoaren ordua helduko da. Elai Alai dantza taldeak jaurtiko du, 30 urte baino gehiagoko ibilbidea aitortzea aho batez erabaki baitzuen Jai Batzordeak. Protagonista izango dira une garrantzitsu horretan, baina ez da bakarra izango, emanaldi berezia prestatu baitute iganderako, hilak 25. Taldetik pasatako dantzari ohiak batuta, hainbat belaunalditako 60 bat lakuntzarrek parte hartuko dute.

Larrain dantza, buruhandiak, zezensuzkoa, herri kirolak, pilota, kontzertuak... hamaika aukera izango dituzte datozen egunetan. "Aurrekontu mugatuarekin oso programa txukuna" atondu dutela uste du Oihane Uribeetxebarria alkateak, ekimen asko herriko taldeek antolatu dituztela nabarmenduta.

Denentzat aukera

Berritasun moduan, aurten, Nafarroako klasikoak diren auzateetan ardoaz gain alkoholik gabeko edaria ere banatuko dute. Gainera, giroa gero eta gehiago egunez sortzen denez, eguerdiak indartzen eta arratsalde-gau partea luzatzen ahalegindu dira, eta proba moduan, plazako musika emanaldien ordutegia aldatu dute. Horrez gain, jai inklusiboak bultzatzeko zenbait egokitzapen egin dituzte. Udaletxeko beheko solairua, liburutegia zena, gune lasaia izango da, 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 22:00etara; eta behar bereziren bat dutenek musikaren bolumena edo argien intentsitatea jaistea edo lehentasuna ematea eskatu ahalko dute atrakzio eta puzgarrietan.

Festa parte hartzaileak izan ohi dira eta, besteak beste, beren abileziak erakusteko aukera izango dute lakuntzarrek. Sukaldean duten eskua, esaterako, kuadrillen arteko arroz lehiaketan. Risottoa, paella, krematsua... bakoitzak nahi duen moduan presta dezake, eta itxura, zaporea edota usaina kontuan hartuta erabakiko dituzte saridunak. Ikuskizunerako dohaina, berriz, play back txapelketan, nahi duten abesti euskalduna aukeratuta. Dantzan nola moldatzen diren, berriz, lehiarik gabe, swing dantzaldian. Igandean, hilak 25, aurrera eramango dute Rumblin' Groove Jazz Bandaren zuzeneko musikarekin, eta estilo horretan trebatzeko, aurretik swing ikastaro azkarra egingo dute.

Asteburua igarota, astelehena, hilak 26, Haurren eguna izango da; asteartea, aittun-amiñena; asteazkena, euskararena; eta osteguna, gazteena. Aiaupenani euskara elkarteak prestatu du Euskararen Eguneko egitaraua eta nabarmentzekoa da soinu, tronpeta, punk bertso saio musikatua. Ekain Alegre, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza ariko dira bertsotan,  Pello Belaskoain eta Josu Lizarraga musikariek lagunduta.

Lakuntzako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Lakuntzako Udala, Junkal Autoservicio, Irumendi construcciones.