BABESLEDUN EDUKIA

Iraileko festak indartsu iritsi dira Euskal Herriko hainbat herritara

Iraileko festak indartsu iritsi dira Euskal Herriko hainbat herritara. Zestoa eta Hondarribia Gipuzkoan, Urduliz eta Bermeo Bizkaian, Otsagabia (Nafarroan) eta Dulantzi (Araban) dira asteburu honetan jai ekitaldiak martxan jarriko dituztenak.

Zestoako txupinazoa herriko elkarte gastronomikoek botako dute aurten. Irudian, joan zen urtean pilotako euskal selekzioko ordezkariek botatako suziria.
Zestoako txupinazoa herriko elkarte gastronomikoek botako dute aurten. Irudian, joan zen urtean pilotako euskal selekzioko ordezkariek botatako suziria. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zestoan, ostiral honetan bertan botako dute txupinazoa (irailak 6), eguerdiko 12.00etan. Aurten, herriko elkarte gastronomikoek botako dute suziria «herriaren sustapen soziokulturalean egindako ekarpena eta aurten gehienek urteurren borobila betetzen dutela kontuan hartuta». Arratsaldean, lehen zekorketa egingo da eta ekitaldi horren alternatiba moduan, Gurea Kultura ekimenak antolatuta kontzertuak izango dira estazio aldean. Gauean, pilota partida profesionalak izango dira.

Larunbatean (irailak 7) kuadrilla eguna ospatuko dute eta bertan ez dira faltako paella lehiaketa, kuadrillen arteko jolasak eta musika kontzertuak, tartean Delirium Tremens taldearena. Igandean, berriz, Amabirjin eguna ospatuko dute eta bertan herriko musika bandak protagonismo berezia izango du, goizeko eta arratsaldeko kalejirak eta eguerdiko kontzertua bere esku egongo baitira. Arratsaldean, artzain txakurren Gipuzkoako txapelketa ere jokatuko da.

Astelehena, azkenik, umeei zuzendutako eguna izango da eta haurrei txuri gorriz janzteko gonbitea luzatu diete. Beraientzat egitarau erakargarria prestatu du jai batzordeak: diana zaratatsua, txupinazoa Txantreako erraldoien kalejira, bazkaria, tailerrak, poniak eta erromeria, besteak beste.

Herriko alkateak, Mikel Arregi Urrutiak, «guztiontzat eta guztionak» diren jaietaz gozatzera animatu ditu herritarrak nahiz kanpotik etorritako guztiak.

Zestoako jaietako erakunde laguntzailea: Zestoako Udala

Hondarribian irailaren 6tik 11ra ospatuko dira Guadalupeko Ama Birjinaren jaiak. Ostiraleko ekitaldiak Udaletxeko arkupeetan botako den pregoi txikiaren hasiko dira eta Zea Mays taldearen kontzertuarekin amaitu. Txupinazo ofiziala larunbatean botako dute eta egun horretan bertan haurren danborrada, urrezko intsigniaren eskaintza eta Doctor Deseoren kontzertua izango dira.

Igandea alardearen eguna izango da, astelehena haurrei zuzendutakoa, asteartea kuadrillen eguna eta asteazkena baserritarren eguna.

Urduliz eta Bermeo

Bizkaian, Urdulizen irailak 6tik 15era ospatuko dituzte Andra Mari jaiak. Beraz, bi asteburutan luzatuko dira eta Udalak egitaraua prestatzeko garaian herriko eragileek eskainitako laguntza nabarmendu nahi izan du: Jai Batzordea, kuadrillak, elkarteak, klubak eta Urdulizko herritarrak.

Aurtengo egitarauan adin guztientzako jarduerak prestatu dituzte, besteak beste: haurrentzako ekitaldiak, kontzertuak, herri kirolak, kalejirak, dantzak eta abar. Era berean, «jai inklusiboak, euskaldunak, errespetuzkoak, eraso matxistarik gabekoak eta ingurunea zainduko dutenak» izatea nahi du udal Gobernuak, «hori guztia tolerantziatik, errespetutik eta erantzukizunetik abiatuta».

Txupin jaurtiketa eta pregoia, beraz, bariku honetan egingo dira, arratsaldeko 19.00etan Udaletxeko balkoitik, oraingoan "Radio Patio" kuadrillaren eskutik. Ondoren, kakarraldoaren jaitsiera egingo da eta kalejira abiatuko da Urdulizko herritarren, kuadrillen eta Dunbots txarangaren laguntzarekin.

Asteburu honetan, herri bazkaria (ume eta helduentzat), zezen suzkoak, herri kirolak, txirrindulari lasterketa, erromeria eta su ikuskizuna izango dira, besteak beste. Eta egitarauak datorren asteburuan izango du jarraipena, irailaren 14eko mozorro egunarekin eta irailaren 15eko auto zaharren erakusketarekin.

Urdulizko jaietako establezimendu laguntzailea: Txiberri Taberna.

Bermeon, bestalde, irailaren 7tik 16ra ospatuko dira Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Txosnetako txupinazoa barikuan botako da (irailak 6) eta zapatu arratsaldean hasiko dira ofizialki herriko jai ekitaldiak, Goiko plazan egingo diren Xixiliren aurkezpena eta txupinazoarekin. Aurten, alkatearekin batera, Naia Laso skater olinpikoa izango da pregoia irakurri eta suziria botatzeko ardura izango duena, hala erabaki baitu herritarren gehiengoak. Aurresku eta jaitsieraren ondoren, eguna amaitzeko, J Martina eta Tremenda Jauria taldeen emanaldiak hasiko dira.

Domekan (irailak 8) Udalbatza Almika auzora joango da erraldoien konpartsa, Aiarako musika banda, Alkartasuna dantza taldea eta Kankinkabara txistu taldeak lagunduta, eta arratsaldean umeen danborrada izango da, baita zesta punta jaialdia eta suziriak ere.

Astelehena (irailak 9) arrantzaleei eskainitako eguna izango da; barikua (irailak 13) mozorro eguna; zapatuan (irailak 14) sukalki eguna eta estropadak izango dira; domekan (irailak 15) Begoñako Ama Gaztelugatzeko uretan tronuratu zela oroituko dute; eta astelehenean (irailak 16) Santa Eufemia eguna ospatuko dute nekazal azoka, erraldoiak, bertsolariak eta profesionalen arteko pilota partidekin.

Atharratzeko dantzariek ez dute hutsik egingo Otsagabiko jaietan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Otsagabi eta Dulantzi

Bizkaitik Nafarroara jauzi eginez, ostiral honetan (irailak 6) Otsagabiko jaiak hasiko dira eta bost egunez luzatuko dira, asteartera arte. Hamarretakoaren ondoren, eguerdiko 12.00etan txupinazoa botako dute Udaletxeko plazan eta ondoren kalejira abiatuko da gaiteroekin eta erraldoi eta buruhaundien konpartsarekin. Herri bazkariaren ondoren, txaranga, bingoa, Modus Operandi taldearen kontzertua eta Zirkinik Bez taldearen erromeria daude iragarrita.

Larunbatean, irailak 7, Atharratzeko herriko etxeko ordezkariei ongi etorria egingo zaie eta ondoren zapien ekitaldia, puzgarriak eta Atharratzeko dantza taldearen ikuskizuna izango dira. Eguerdiko kaldereteen ondoren, puzgarriak, "calva" herri jokoa, salbea, bingoa eta dantzaldia izango dira.

Igandean, irailak 8, meza nagusia ospatuko da Muskildako basilikan eta arratsaldean haurrentzako puzgarriak, dantzarien emanaldia, bingoa eta Tajudos eta Los Relocos taldeen emanaldiak izango dira. Astelehenean, etxeko txikiei eta adinekoei eskainitako ekitaldiak izango dira eta asteartean, auzoetako bazkaria eta dantzaldia.

Otsagabiko jaietako establezimendu laguntzaileak: Gartxot Elkartea, Orhipean Construcciones.

Txupinazoa eta Tripafinaren jaistiera datorren ostiral arratsaldean izango dira. (Juanan RUIZ | FOKU)

Arabako Dulantzin ere prest dute jaietako egitaraua. Pregoia datorren ostegunean izango bada ere, larunbat honetan (irailak 7) Potato taldearen kontzertua izango da, arratsaldeko 20.00etan herriko plazan. Ekitaldi honekin, Dulantzik bat egin du arabar musika talde horren 40. urteurreneko ospakizunekin.

Esan bezala, pregoia datorren ostegunean izango da (irailak 12), Haize Dulantzi dantza taldearen eskutik, eta txupinazoa zein Tripafinaren jaitsiera ostiralean izango dira (irailak 13). Ondoren, txosnen irekiera egingo da eta eguna amaitzeko Los Zopilotes Txirriaos taldearen kontzertua izango da herriko plazan.

Musika arloak garrantzi berezia izango du txosnetan ere, irailaren 14an EH Sukarra taldearen kontzertua izango baita eta irailaren 21ean Moonshine Wagon eta So(r)cerdotas taldeena. Jai egitaraua bi asteburutan luzatuko da, irailaren 22ra arte.

Dulantziko jaietako erakunde laguntzailea: Dulantziko Udala.