BABESLEDUN EDUKIA

Galdakao, Donostiako Egia eta beste hainbat herri, iraila erdialdeko jaiak ospatzeko prest

Ikasturtea abiatu bada ere, oraindik badira jaietan murgilduko diren herriak. Galdakaon eta Lezon santakrutzak ospatuko dituzte eta Donostiako Egian, Porrontxo jai famatuak. Nafarroan Antsoain eta Uharte izango dira jaietako hitzorduak eta Artziniegan antzinako azoka egingo dute larunbata honetan.

Galdakaoko txupinazoa ostiral iluntzean izango da. Irudian, pasa den urtekoa.
Galdakaoko txupinazoa ostiral iluntzean izango da. Irudian, pasa den urtekoa. (NAIZ)

Galdakaon Santakurtze jaiak ospatuko dituzte irailaren 13tik 22ra. Hamar egunez, herriko kaleak eta plazak kolorez, doinuz eta jai giroaz beteko dira herriko elkarte, kuadrilla eta Jai Batzordearen bultzadari esker. Horregatik, Iñigo Hernando alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie «jaiak aurrera eramatea posible egiten duzuen guztioi. Harrotasunez esan dezakegu komunitate sendoa daukagula Galdakaon, pozik egoteko moduko sare ederra».

Pregoia eta txupinazoa ostiral honetan bertan izango dira (irailak 13), iluntzeko 20.30ean, baina lehenago herriko kuadrillek jaietako desfilea egingo dute musika banda, txistulari, gaitari eta fanfarreaz lagunduta. Larunbatean (irailak 14) Santakurtze eguna ospatuko dute paella txapelketa, sokadantza, kale antzerkia eta kirol ekitaldiekin.

Jai egitaraua irailaren 22ra arte luzatuko da. Musika arloari dagokionez, talde ezagunen kontzertuak izango dira aurten Galdakaon, besteak beste: Mägo de Oz (ostirala 13); Bulego eta Tribut Abba (larunbata 14); Rajeen Dabkhe palestinar taldea (igandea 15); Tremenda Jauria (ostirala 20); eta Zea Mays (larunbata 21). Talde guztien aurretik herriko talde batek joko du.

Galdakaoko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Galdakaoko Udala, Basoa jatetxea, Belagorri Belardenda, Opticalia Galdakao.


Bizkaitik Gipuzkoara jauzi eginez, Donostiako Egia auzoan Porrontxo festak ospatzen ari dira. Ohikoa den moduan, auzolanean antolatutako jai egitaraua prestatu dute eta aurten auzoko gune desberdinetara zabalduko da. Txupinazoa ostegunean izan da, aurten Kaleko Afari Solidarioak taldearen eskutik, eta egitaraua igandera bitartean luzatuko da. 

Ostirala 13 gazte eguna ospatuko dute, baina haurrei zuzendutako emanaldiek ere leku berezia izango dute. Horrela, ez dira faltako, besteak beste, bertso bazkaria, mus txapelketaren finala, haurren afari-merienda, tailerrak, famili dantzaldia, kontzertuak eta DJ emanaldiak.

Larunbata 14 elkartasun eguna ospatuko dute eta eguerdirako kantu jira, danborrada, Denak Etxera brindisa eta bazkari herrikoia daude iragarrita. Bazkariaren ondoren, DJ emanaldiak izango dira eta arratsaldean, elektrotxaranga, remember festa, mariatxiak, kuadrillen afaria, kontzertuak eta erromeria.

Igandea 15 euskal jaia izango da eta honako ekitaldiak daude iragarrita: eskupilota finalak, sagardo dastaketa trikitilariek alaituta, bazkari herrikoia, herri kirolak, kontzertuak eta kalejirak. Azken traka gaueko 22.00etan botako dute eta ondoren, auzoko argazkia aterako dute.

Egiako jaietako establezimendu laguntzaileak: Zumy elektrogailuak, MU! harakinak, Ipar Komunikazioa, Drunkat, Apal estudioaCamacho instalaciones.


Lezon, bestalde, astelehena bitartean ospatuko dituzte aurtengo Santakrutzak eta herria kolorez eta musikaz janzteaz gain, «gure herriko hizkuntza, kultura, balioak eta nortasuna sendotzeko egunak» izatea espero du Mikel Arruti Salaberria alkateak.

Txupinazoa ostiral arratsaldeko 19.00etan izango da alkate txikien eskutik eta ondoren musika bandak eta txistulariek "Lezoko herria" ereserkia eskainiko dute. Jarraian, buruhaundi eta erraldoien txanda izango da, baita holi festa eta karropoteoarena ere. Eguna amaitzeko, danborrada eta DJ emanaldia izango dira.

Larunbatean (irailak 14) Santakrutz eguna ospatuko dute herri kirol, kuadrillen arteko joko, herri bazkari, kalejira eta erromeriarekin. Igandean (irailak 15) inude eta artzainen desfilea egingo da goizez eta pilota txapelketaren finalak arratsaldez.

Jaietako azken eguna (irailak 16) baserritarrei eskainitakoa izango da, ohiko ganadu feria eta idi-demarekin. Eguerdian bertso bazkariak izango dira Ixkulin eta Tiñelu elkarteetan eta iluntzean, bertsolariek saioa eskainiko dute plazan. Aurtengo egitarauari amaiera emateko, zezen suzkoa eta Udal Musika Eskolako bandaren emanaldia izango dira.

Lezoko erakunde laguntzailea: Lezoko udala.   

Antsoaingo buruhandi eta erraldoien konpartsak 25 urte bete ditu. (Iñigo URIZ | FOKU)

Antsoain eta Uharte

Antsoainen irailaren 12tik 15era luzatuko da jai egitaraua. Txupinazoa, beraz, ostegunean bota dute, aurten 25 urte bete dituen erraldoi eta buruhaundien konpartsaren eskutik, herritarrek bozketan hala erabakita. 

Aurtengo egitarauak publiko guztientzako 50 bat jarduera biltzen ditu, herriko espazio ezberdinetan gauzatuko direnak. Zaintzaren ikuspegia oinarri izanik, adin guztiak aintzat hartu dira, «Antsoain, zaintzen duen herria» proiektuaren bidez adinekoei, haurrei eta nerabeei zuzendutako jarduerak indartuz. Era berean, ostiral goizeko jarduerak indartu dira, bereziki haur eta gazteei zuzendutakoak, PAI konpainiak eskainitako Ferieta jolasgunearekin eta parkour tailer batekin.

Asteburuan, ekitaldi gastronomikoak izango dira protagonista, larunbateko saiheski-jana eta igandeko kalderetearekin. Aurreko urteetan bezala, ekitaldi horietan bereziki sortzen diren hondakinak prebenitzeko, murrizteko eta bereizteko kanpaina berezia jarri du abian.

Bestalde, eta Antsoain LGTBI+ proiektuaren baitan, igandean bingo-trabestia izanen da txosnetan, Yogurina Borova, Albina Stardust eta Divina Comediaren partaidetzarekin.

Antsoaingo jaietako establezimendu laguntzailea: Zaldiko Taberna.  

Uharten, bestalde, larunbatean botako dute Senidetasunaren Jaiei hasiera emango dien txupinazoa, kasu honetan Urbi guraso elkartearen eskutik, bere 25. urteurrena dela eta. Momentu horretatik abiatuta, jai giroa lehertuko da bederatzi egun luzez, egitaraua irilaren 22ra arte luzatuko baita.

Larunbatean (irailak 14) ohiko ekitaldiak izango dira protagonista, hala nola jota erronda, herri bazkaria, Iturridantza, salbe tradizionala eta behi eta zezen suzkoa. Gauean, Edelweis taldearen kontzertua izango da eta gaupasa Luzianorekin.

Igandean (irailak 15) erregearen eta erreginaren jantzi berriak aurkeztuko dituzte goizeko 11.30ean eta ondoren erraldoi eta buruhaundien konpartsa aterako da Uharteko gaiteroek lagunduta. Eguerdian, Añorbeko Udal Musika Bandaren txanda izango da, Uharteko gaiteroen eta erraldoien partaidetzarekin. Eta arratsaldean, adin guztiei zuzendutako jokoak, guatekea eta La Jodedera eta Rakatun taldeen kontzertuak izango dira.

Jai egitarauak aste guztian zehar jarraituko du, honako ekitaldi nagusiekin: saiheski jatea astelehenean, kalderetea asteartean, nagusien bazkaria asteazkenean, garagardo besta ostegun arratsaldean, emakumeen bazkaria ostiralean, haurren pregoia larunbatean eta herri kirolak eta mariatxiak igande arratsaldean.

Uharteko jaietako establezimendu laguntzailea: Microlan.

Artziniegako azoka

Artziniegan, azkenik, antzinako azoka ospatuko dute larunbata honetan (irailak 14) eta aurten 25. edizioa izango da. Urtero bezala, hiria iraganera itzuliko da antzinako lanbideen erakusketei esker eta, urteurrena ospatzeko, aurten inoiz baino kaleko animazio eta giro handiagoa izango da hirigune historikoan.

Izan ere, Artziniegako azoka berezia egiten duena herritarren partehartzea da. Beraien lanari esker, bisitariak artisautza produktuak dastatu eta antzinako lanbideak ezagutzeko aukera izango du, goizeko 11etatik aurrera zabalik egongo diren ehun postuetan: forja lanak, artzaintza lanak, arotzak, janari-postuak, auzoko ohiko postuak, musikariak, antzerkia, animazioa, Erdi Aroko kanpalekua, familia guztiarentzako jolasak etabar luze bat.

Eguna 21:00etan bukatuko da su, magia, dantza eta malabarismoz betetako ikuskizun batekin. 

Artziniegako azokako erakunde laguntzailea: Artziniegako udala.