Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Jon Maia
Sortzailea

«Gure izatearen ezaugarriak elikatu beharra dago, hainbeste bisitari jasotzen ditugunean»

Irailaren 21a gorriz jarrita dauka egutegian Jon Maiak. ‘Kantu berri bat gara’ egitasmoari lotutako saio berezia egingo du jaioterrian. Itzurun hondartzan. Sortu zituen toki berean, itsasoa aurrez aurre duela, aireratuko ditu letrak, zirkulua itxiz.

Jon Maia.
Jon Maia. (ZUMAIAKO UDALA)

Harri eta Herri. Bi kontzeptuek bat egingo dute Jon Maiak Zumaian eskainiko duen emanaldi berezian. «Iruditzen zait gure herriaren identitatea, gure izatearen ezaugarriak elikatu beharra dagoela, batez ere hainbeste bisitari jasotzen ditugunean. Nola erakusten ditugun gauzak, nola azaltzen dugun zer garen, nola erakusten dugun zer garen eta zer izan nahi dugun... Gure identitatearen bueltan inpaktu handiko ebentoa nahiko nuke egin. Zumaia, harri eta herri. Herriaren ikur bihurtu dira kasik formazio geologikoak, gure harria, eta nik erakutsi nahi dut ze herri dagoen harri horren atzean. Bai Zumaia eta bai Euskal Herria. Eta hori dena edertasunaren bidez eta emozioaren bidez». 

Irailaren 21ean da ‘Kantu berri bat gara. Harri eta Herri’ emanaldiaren hitzordua. Galtzak bete lan harrapatu dugu. «Otsailetik gestioak egiten aritu gara eta orain arrapaladan gabiltza», aitortu dio NAIZi. «Babestutako eremua denez dena oso kontrolatua daukate. Justu-justu lortu dugu Madrigo Ministerioaren Kosta Sailaren baimena».

Izan ere, agertokia ez du edonolakoa kontzertuak. Itzurun hondartza eta inguratzen duen itsaslabarra du kokagune egitasmoak. «Udalaren hitz egiten ari nintzela sortu zen ideia. Diskoa norberaren herrian aurkeztea beti berezia izaten da. Hondartzan egitearen planteamendua sortu zen. Hondartzaren antzokia magikoa da, erraldoia, gizakiak bere diruz ezingo lukeena eraiki. Antzoki naturala da, oso-oso berezia, itsaslabarra eta Flysch-aren ingurunean. Askoz dimentsio handiagoak dira zinema areto batean kontzertua egitea baino. Hor egin ahal izateko soinu eta proiekzio tamainari erantzuteko ETB ere interesatu zen eta kontzertu oso handia egingo dugu. Proiekzio-joku eta irudi-jolas handi batekin», adierazi du.

Ohikoa duen legez, ez da bakarrik igoko eszenara. Ondoan izango ditu, bidelagun, hainbat kide. Ekitaldi hau Zumaiako Udalaren, Jon Maiaren eta herriko norbanako eta eragile askoren elkarlanetik sortu da. «Kolaborazio asko izatea dut gustukoa nire emanaldietan. Jende askok hartuko du parte, ehundik gora izango gara. Batetik, hondartzan dantza egingo dute Lucia Lacarrak eta Matthew Golding-ek. Luciarentzat ere berezia izango da. Eta niretzat bera hondartzan dantzan aritzea fantasia modukoa da», esan du.

Izango da besterik. Zumaiako Adar Joleak, Astindu Dantza Taldea, Eva Francoren Maskarada, Zaria Koru Eskolako Haur Abesbatza, Maddalen Arzallus bertsolaria eta Samboy Diaby aktorea daude partaideen zerrendan. Ezustekorik ere ez da faltako.

Marea biziak

‘Kantu bat gara’ eta haren segida izan den ‘Kantu berri bat gara’ ikuskizunaren errepertorioa prestatuko dute, «antzoki natural izugarri honetara egokitua».  

Doan izango da saioa. Publikoa hondarretan egongo da. «Aulkiak egongo dira bertan eta nork berea ere eraman dezake. Hondarra bustia egongo da-eta», dio.

Maia eta lagunak kantinako terrazatik itsasoari begira arituko dira kantuan. «Marea biziak daude iragarrita, beraz hondatza handia izango da. Itsas behera goizaldeko 1.30ean da eta 22.30ean hasiko da ikuskizuna. Hau dena eguraldia lagun bada egingo da, bestela bertan behera geratuko da. Dena aukera bakarrera. Hau dena alferrik izango da eguraldiak ez badu laguntzen», azaldu du, barre artean.

Egitasmoa, pixkanaka, handituz joan da. «Hondartzan kokatu dugun momentutik dimentsio handiagoa hartu du. Zuk pentsa hiru Kursaal bezala dela. Ezkerreko paretak 600 metro dauzka. Zumaian inoiz ikusi ez den tamainako ikuskizuna izango da. Ez bakarrik zumaiarrei zuzendua, Euskal Herri mailako deialdia egin dugu, noski», esan du.

Bere sorkuntzaren inguruan zirkulua ixtea den galdetuta, hau dio Maiak. «Bai, borobildu egiten da. Nire kantu askoren jaiolekua da Itzurun eta bere ingurunea. Kantatuko ditudan abesti asko dira bertan sortu ditudanak, eta oso emanaldi berezia da niretzat, pertsonalki. ‘Itsasoari begira’, ‘Itsasoa gara’, ‘Welcome to beach’, ‘Ilargia’… bertan sortutakoak dira. Nire inspirazio iturri den ingurunea da. Euskal Herriari eskaini dizkiodan hainbat metaforen eszenatokia da. ‘Azken arnasa eman nahi itsasoari begira’ edo ‘malko haiei esker itsasoa gara’, adibidez, hortik sortu dira eta hor ikusiko dira», kontatu du.

Kantauri itsasoak bakarrik ez, hondartzaren alboan, amildegiaren puntan zuhaitz txiki bat dago. Zuhaiskak ere badu zeresanik Maiaren sorkuntzan. «Itsasoari begira jartzen zarenean zuhaitz bat dago hondartzaren alboan. ‘Itsasoari begira’ zuhaitz horri idatzitako kantua da. Zuhaitza Euskal Herriaren metafora gisa erabili dut. Gure kontzertu guztietan zuhaitzaren argazkiak proiektatzen ditugu animazioetan. Kasu honetan zuhaitza bera egongo da, zuhaitzaren azpian kantatuko dugu», argitu du.

«Gure izatearen erakusgarriak»

Ametsa betetzea da? «Pixka bat bai. Horrelako zerbait egiteko aukera edukitzea asko eskertzen dut. Kasu honetan Zumaiako Udalari eta ETBri ere bai, eman didaten babesagatik, dimentsio handiko kontuak dira-eta. Beharrezkoak dira gure izatearen erakusgarriak diren egitasmoak egitea. Herri proposamena da egiten dudana. Elkarbizitza, inmigrazioa, transmisioa, identitatea, hizkuntza, euskal identitate berriak eta etorkizuneko Euskal Herria. Hauek izango dira ardatzak orain ere, gainontzeko emanaldi guzitietan bezala», esan du.

Hirurogehi bat emanaldi ditu eginak dagoeneko. Balorazioa? «Izugarria da. Ez dira emanaldi arruntak. Ez da kantuak edo musika entzutea bakarrik. Ebentoa da, topalekua, eta jende askori ematen diot ahotsa eta presentzia. Noan leku guztietan bertakoei ematen diet tokia bertako artistei, migratzaileei, euskaren aitzindariei, eragile sozialei… kontzertu bakoitza errepikaezina da. Eta publikoak horrela sentitu du. Ez dago kontzertu bat ez dena sortzen denoi gainezka egiten digun hunkidura. Harrera ezin beroagoa da, jendea zutik, negarrez... ez dauka zerikusirik ohiko kontzertu batekin. Pentsa nezakeena baino askoz gehiago ari dira betetzen nire helburuak. Gainera, antzoki handi guztiak bete ditugu, Donostiako Victoria Eugeniaren kasuan hiru aldiz. Arriaga, Kursaal, Euskalduna, Gayarre…  eta herri nagusietako antzoki denak. Sekulakoa da! Horrek babes sozial handia ematen dizu. Milaka pertsona bildu dira gure emanaldietan. Egia da niretzat inkognita izaten dela beti. Ez nator abeslari ibilbidetik. Egin ditut Karidadeko Benta edo Hezurbeltzak, baina beti modu umilagoan», kontatu du.

Euskal Herri berria

Pausu bat aurrera eman eta ohiko zirkuituetatik kanpo Euskal Herri osora zabaldu nahi izan du Maiak bere mezua. «Nire aldetik esfortzua eginez saiatzen naiz normalean era honetako kultur ekitaldiak iristen ez diren lekuetara eramaten. Esaterako bira Sestaon hasi genuen eta lehengo larunbatean Oionen egon ginen –mugan dagoen herria da, ertzak eta periferiak…–, hil honetan Otsagabiara goaz. Niretzat euskararen lehen lerroak diren jendeari nire aitortza adierazi eta indarra eman nahi diot. Euskal Herri berria hor hasten dela eta hori dela lehen lerroa esan nahi diot. Ohiko zirkuituetatik kanpo ahalegina egiten ari naiz meritu gehien dutenengana iristeko. Galduta zegoen lekuetan euskara berreskuratu duten lekuetara. Eguneroko borrokan bizi direnak, etorkin populazio handiak dituztenak, degradatutako industria herriak… Inportanteena da nire kantuek eta nire ikuskizunak funtzio soziala izatea. Horixe da nire motibazio guztia. Ez da ‘begiratu zein ondo jotzen dugun –izugarrizko musikariak dauzkat– edo kantatzen dugun’. Asko saiatzen gara edertasuna lantzen, baina bitartekoa da Euskal Herri hobe bat eta mundu hobe bat edukitzeko», esanez amaitu du elkarrizketa.