Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Itzultzaile neuronalek euskarari irekitako aukerak esploratu dituzte

Egoki erabilita, itzultzaile neuronalek euskara bultzatzen lagun dezaketela ikusi dute Itzulinguru proiektuan, euskaraz testu gehiago sortzeko, erabiltzaileen euskarazko gaitasuna handitzeko, testuen kalitatea hobetzeko, erakundeen eraginkortasuna hobetzeko, langileak ahalduntzeko eta heziketarako.

Eduardo Apodaka eta Asier Basurto, Itzulinguru aurkezten, EHUren uda ikastaroetan.
Eduardo Apodaka eta Asier Basurto, Itzulinguru aurkezten, EHUren uda ikastaroetan. (Maialen Andres | FOKU)

Itzulinguru proiektuan euskararen biziberritzearen ikuspegitik aztertu dute, bereziki, itzultzaile neuronalek hizkuntza jarduera arautuetan duten eragina. Eta euskararen erabilerari begirako eragin positiboak eta negatiboak ikusi dituzte. Gutxi garatu izan diren itzultzaile neuronalaren hainbat erabilera identifikatu dituzte, euskararen biziberritzeari ekarpen esanguratsua egiten ahal diotenak.

2023 eta 2024 urteetan itzultzaile neuronalak hizkuntza jarduera arautuetan dituen eraginak sistematikoki aztertzeko saiakera egin dute, jendarteko eremu batzuetan, Euskal Herriko Unibertsitateko Innoklab ikerketa taldeak eta Soziolinguistika Klusterrak, eragin horiek hobeki ezagutzeak denetariko hizkuntza teknologien eta adimen artifizialaren garapen eta inplementazioaren aurrean hobeki egokitzea ekarriko duelakoan. Eduardo Apodaka (EHU) izan da zuzendaria eta Asier Basurto (Soziolinguistika Klusterra) koordinatzailea. Gidaritza lanak, berriz, aipatutako bi erakundeek eta beste hainbatek osatutako garapen taldeak egin ditu: Osakidetza, Lakuako Hezkuntza Saila, AEK, Elhuyar eta Hekimen.

Joan den irailaren 11n aurkeztu zituzten lehen aldiz, EHUren Uda ikastaroetan, erakunde publiko ugariren babesarekin egin den ikerketa honen emaitzak.

Onura posibleak

Itzultzaile neuronalak egoki baliatzen asmatuz gero, honako onurak sor daitezkeela adierazi dute Apokadak eta Basurtok: «Euskaraz testu gehiago sortzea; erabiltzaileen euskarazko gaitasuna handitzea; sortutako testuen kalitatea hobetzea; erakundeek modu eraginkorragoan funtzionatzea; langileek autonomia eta ahalduntzea garatzea; eta teknologia horiek heziketa tresna bezala erabiltzea».

Azterlanaren ondorio nagusiak ere aletu dituzte zuzendariak eta koordinatzaileak. Hasteko, frogatu dute itzultzaile neuronalak, eta erakunde batera heltzen diren teknologia berriek, orokorrean, gabeziak eta behar berriak azaleratzen dituztela: erakundearen funtzionamenduan, araudian, kideen gaitasunean, ikuspegi kritiko faltan...

Bigarrenik, edozein erakundetan, edozein teknologia modu egoki eta eraginkorrean erabili nahi denean, erabilera hori ordenatzea eta arautzea komeni dela egiaztatu dute. «Erakundeen ezaugarriak, araudiak eta kultura kontuan hartu behar dira, eta irizpideak hausnarketa eta prozesu kolektibotik sortzen badira, eraginkorragoa izango da teknologia horien ezarpena».

Testugintza kontzientearen aldeko praktikak

Ondorioztatu dutenez, testuen aurre-edizioa eta post-edizioa ezinbestekoak izango dira beti, testu formalak argitaratu behar direnean. Testugintza kontzientea eragiten duten praktikak bultzatu behar direla defendatu dute Itzulingururen sustatzaileek. Adibidez, «itzuli behar den jatorrizko testua moldatuz akatsak saihestu daitezke».

Horretan, formakuntzak funtsezko egitekoa du eta hobekuntza potentzial handia du itzultzaile neuronala baliatzeko, erabilera ona hedatzeko eta prozedurak doitzeko beharrak identifikatzeko.

Testuen ibilbidea agerian jartzea ere onuragarria da, ibilbidea ez ezagutzeak testuaren interpretazioa eta honekin lana egitea zaildu baitezake. Hezkuntzaren arloan, ebaluaziorako ere premiazkoa da. Eta erakundeen barne prozesuetan itzulpen, berrikuspen eta interpretazio beharrak identifikatzeko funtsezkoa da. Bi mailatako konpromiso sozio-teknikoak garatzeko eta ezartzeko urratsak egitea proposatu dute Itzulinguru egitasmoaren egileek: «Batetik, testuen trazabilitate teknikorako baliabideak sortzea; eta bestetik, testuen trazabilitatea aitortzeko irizpide, ohitura eta praktika estandarrak garatu eta zabaltzea».

Azaldu dutenez, ohartu behar dugu itzultzaile neuronalak hizkuntzaren eta hizkuntzarekin lotutako gaien ikaskuntza eta irakaskuntza metodoak aldatzea dakarrela. Ikasleen teknologiarekiko ohitura eta interesa baliatzeko aukera ematen du.

Horretarako, irakasleek egokitu eta prestatu beharko dute. Beste hizkuntzetan sortutako materialak eta baliabideak itzultzea errazagoa da, eta testugintza kontziente eta kritikoa hainbat ikasgairen irakaskuntzarako metodo bilaka daiteke.

Hautuen araberakoak dira eraginak

Ikerlariek ondorioztatu dutenez, funtsean, garapen teknologikoan eta inplementazioan egiten diren hautuen araberakoak izango dira eragin soziolinguistikoak. Alegia, gerta liteke erakunde batean ohituraz funtzionatzen den hizkuntzan azkarrago eta errazago jardutea edo, abantaila teknologikoa hizkuntza ohiturak aldatzeko aprobetxatzea, euskararen biziberritzearen alde.

Frogatu da teknologia berriak dagoeneko erabiltzen diren aplikazio eta plataformetan integratzeak horien erabilera errazten duela.

Nabarmendu dutenez, «tresna berriak euskaraz erabiltzeko aukerak handitzen jarraitu beharko da. Euskal hizkuntza komunitateak beretik eta bere eskuz sortzea garrantzitsua da, garapen teknologikoa hizkuntza biziberritzeko irizpideek gida dezaten».

Alde horretatik, adimen artifizialaren garapenetik eratorritako tresnekin egoki lotzea da une honetan teknologia baliabideen erronka. Erakundeek idazketa estilo propioa jorratzeko tresnak eskura jartzea abantaila interesgarritzat jotzen dute Itzulinguru egitasmoaren sustatzaileek.

Beren ustez, «euskal hiztun komunitateak erabaki behar luke zein egitura eta inguru baliatuko dituen, zer aplikazio erabiliko dituzten hiztunek, non eta nola metatuko diren euskarazko datuak; hitz gutxitan, zein barne eta kanpo azpiegitura baliatuko dituen».
Itzultzaile neuronalak hizkuntza ideologiak, irudikapenak, diskurtsoak eta jarrerak eraldatzen dituela ere ikusi dute. Sortze hizkuntza kontzeptuaren definizioa lausotzea dakar horrek. «Hizkuntza praktikak ulertzeko modua aldatu du. Hiztunak erabiltzaile bihurtu dira, eta hizkuntza autoritate eta legitimitate modu berriak sortu dira».

Zenbait iragarpen

Ikerketa honetan, epe laburrera begirako zenbait iragarpen partekatu dituzte gogoetarako. Lehenik eta behin, idazkera sinpleak eta irakurketa errazak presentzia irabaziko dutela aurreikusten dute, baita hizkuntza sorkuntza translinguala eta baliabide paralinguistikoen erabilera orokortuko dela ere. Itzultzaileak ‘ikusezinak’ izango dira, hau da, hizkuntzaren bizitzaren jarduera ugariren euskarri izan arren, erabiltzaileek ez dute haien bitartekaritzaren kontzientzia argirik izango.

Erronka soziolinguistiko nagusia hizkuntzak ikasteko motibazioa lantzea izango da. Izan ere, teknologiekin hizkuntza profil desberdinetako hiztunen arteko elkarrekintzak erraztuko dira. Hizkuntzak ikasteko motibazio pragmatikoa hagitz lotua ikusten dute hizkuntza komunitatearen bizi indarrarekin eta hizkuntza produkzioarekin. 

«Bizigune psikosozial abegikor eta oparoa eta hizkuntza produkzio bereizgarri eta adierazgarria uztartzea izan liteke hizkuntzak ikasteko, erabiltzeko eta bizitzeko gakoa», planteatu dute.