BABESLEDUN EDUKIA

Oñati eta Iurreta sanmigelak ospatzen hasi dira

Iraileko azken asteburua, nola ez, San Migel jaiei eskainita dago Euskal Herriko herri eta auzo askotan, tartean Oñatin eta Iurretan. Bi herri horietan larunbatean hasiko dira ofizialki jaiak, baina dagoeneko martxan dute egitaraua.

Txantxikuaren jaitsiera larunbata iluntzean egingo dute Oñatin.
Txantxikuaren jaitsiera larunbata iluntzean egingo dute Oñatin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Oñatin larunbata iluntzean egingo dute jaiei hasiera emateko Txantxikuaren jaitsiera, eta herriko eragileen lanari esker osatutako egitaraua urriaren 7ra arte luzatuko da. Hala ere, Debagoienako herri honetan jai ospakizunak hasita daude eta pasa den asteburuan, 75 urte bete dituen Aloña Mendi Kirol Elkartearen denboraldi berria aurkezteaz gain, haur eta gaztetxoen eguna eta Nazioarteko Artzain Txakurren Lehiaketa ospatu ziren.

Ostiral honetan (irailak 27), txosnagunearen irekiera ekitaldia egingo dute arratsaldeko 19.30ean eta gauean bertso jaialdia izango da kiroldegian, Andoni Egaña, Maider Arregi, Amets Arzallus, Aitor Tatiegi eta Aitor Mendiluze bertsolariekin.

Larunbata (irailak 28) San Migel Aozaraza eguna izango da. Eguerdian bazkaria egingo dute txosnagunean eta arratsaldeko 20.00etan Txantxikuaren jaitsiera egingo dute elizako kanpai-dorretik plazaraino. Ondoren, Trikitraka txaranga eta Lisker taldeen emanaldiak hasiko dira eta gauean danborrada nagusia abiatuko da.

Igandea (irailak 29) San Migel eguna ospatuko dute eta, ohikoa den bezala, ez dira faltako, besteak beste, Aita Madina txistulari taldearen eta Musika Bandaren emanaldiak. Astelehenean gazteentzako ekintza ugari izango da eta, hiru eguneko atsedenaren ondoren, egitaraua datorren ostiralean (urriak 4) indarberrituta itzuliko da Esne Beltza taldearen kontzertuarekin.

Urriaren 5ean (larunbata) Herri Eguna ospatuko dute nekazaritza eta artisautza azokekin eta 26 upategi elkartuko dituen sagardo dastaketarekin; urriaren 6an (igandea) Errosarixo Eguna ospatuko dute haurrentzako ekitaldiekin eta, jaietako azken eguna urriaren 7a izango da (astelehena), txosnaguneko bazkaria, sokamuturra eta Puro Relajo taldearen emanaldiarekin.

Oñatiko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Oñatiko Udala, Arkauz optika, Arrano taberna, Cartonajes Arregui, Lizar Etxe jatetxea, Talleres Errebakarren, Ulma, Zurich aseguruak Oñati.

Doniel Atxa jarri ostean, Iurretako dantzariek azken entsaioa egingo dute. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Iurretan, urriaren 5era arte

Iurretan ere larunbatean hasiko dituzte ofizialki jaiak eta egitaraua hurrengo larunbata arte luzatuko dira (urriak 5). Hala ere, Durangaldeko herri honetan ere hasiak dira jai ekitaldiak eta pasa den igandean Iurreta Txirrindulari Elkarteko 40 urteak gogoratzeko argazki erakusketa zabaldu zuten.

Ostiral honetarako (irailak 27) jubilatuen bazkaria, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna, haurrentzako tailerrak, pilota txapelketa eta Alarma Morea taldearen emanaldia daude iragarrita. Baina jaien hasiera ofiziala larunbata eguerdian (irailak 28) izango da, montoitik botako diren suziriekin eta Bizkaiko gaiteroen kalejirarekin. Eguerdiko gazte bazkariaren ondoren, arratsaldeko 18.30ean ohiturazko Doniel-Atxa jarriko dute plaza erdian eta gauean kontzertuak izango dira, Beranduegi erromeriarekin amaitzeko.

Igandean (irailak 29) San Migel eguna izango da. Goizean, Dorleta Santutegira eskaintza eta dantzari zein agintarien kalejira izango dira eta, arratsaldean, herri kirol erakustaldia, Iurretako dantzarien emanaldia eta Eingo taldearen kontzertua.

Astelehenean haurrentzako jolasak eta emakumeen harri proba erakustaldia izango dira eta egitaraua hurrengo asteburuan itzuliko da ostiraleko bertso saioarekin eta larunbateko mozorro egunarekin. Musika ere ez da faltako, honako taldeekin: Rumbo a Tijuana, Ziñez, Raimundo El Canastero, Aburrecalles txaranga, Luhartz, Lorratz, Intxausti eta Larrañaga trikitilariak eta Bada Giro.

Iurretako jaietako erakunde laguntzailea: Iurretako Udala.