NAIZ

Pirinioetako herrialdeek proiektu bat jarri dute abian klima aldaketaren aurrean prestatzeko

Pirinioetako herrialdeek proiektu pilotua abiatuko dute, klima aldaketaren eraginaren aurrean prestatuta egoteko. 33 esperientzia jarriko dituzte martxan, mugaz gaindiko lankidetzan.

Pirinioak klima aldaketaren aurrean prestatzeko proiektua jarriko dute abian.
Pirinioak klima aldaketaren aurrean prestatzeko proiektua jarriko dute abian. (NAIZ)

Pirinioak eta bertako biodibertsitate guztia klima aldaketaren mehatxupean daude, eta ondorioak beste eskualde batzuetan baino erritmo azkarragoan ikusten dira: komunitate zientifikoaren arabera, azken sei hamarkadetan, Pirinioetan tenperatura planetaren batez besteko globala baino %30 gehiago igo da.

Egoera horrek «premiazko eta eskala handiko ekintza eskatzen du, mugei erreparatu gabe», eta egiaztapen horretatik sortu da ‘Life Pyrenees4clima’ proiektua, ‘Pirinioetan 2024-2031 bitartean klima aldaketarekiko erresilientea den mugaz gaindiko mendi komunitate baterantz’.

Sei herrialdek parte hartzen dute bertan: Euskal Herria (bere hiru administrazioekin), Aragoi, Katalunia, Okzitania. Akitania Berria eta Andorrak.

Hala, Pirinioetako Lan Elkarteko (PLE) Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokia (OPCC) buru duela, mendi ingurunerako Europako klima aldaketaren mugaz gaindiko lehen estrategia garatuko du, EPiCC-a. eta tokiko ingurunean egingo du.

Horretarako, datozen zazpi urteetan, klima aldaketara egokitzeko 33 esperientzia jarriko dira abian, Pirinioetako lurraldeen arteko lankidetzari esker. Guztira, lurralde horietako 46 erakundek ekintza komun bat gauzatuko dute, hainbat ardatzen bidez, «Pirinioetako erresilientzia indartzeko», egokitzapen neurriak aplikatuz. Aurrekontua ia 20 milioi eurokoa da, eta horietatik %60 Europar Batasuneko LIFE funtsek finantzatuko dute. 

Proiektuaren barruan, esperientzia pilotuek bost eremutan jardungo dute egokitzapena lortzeko: klima inpaktuak ulertzea, naturguneen erresilientzia hobetzea, mendiko ekonomia egokitzea, biztanleria eta lurraldea babestea arrisku natural klimatikoetatik eta baliabideen narriaduratik, eta gobernantza klimatikoko sistema berritzaile bat bultzatzea, «herritarrak, sektore sozio-ekonomikoak, komunitate zientifikoa eta kudeaketa politikoaren arduradunak partaide egiteko».