Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

‘Itoiz. Udako sesioak’, bidaia sinfoniko-emozional bat

Lau hamarkada beranduago, 21 urte zituenean sortutako kantak entzuten ari da Juan Carlos Perez. Adi-adi dago; gu, berari begira. Pantaila osoa bete du bere sormen eta memoriarekin; eta gu ere hor gaude, bidaia honetan murgilduta. ‘Itoiz. Udako sesioak’ dokumentala estreinatu du Zinebi jaialdiak.

Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea, Ainhoa Andraka eta Miren Aperribai ekoizlea, Gonzalo Etxebarria eta Joseba Lopezortegaren artean.
Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea, Ainhoa Andraka eta Miren Aperribai ekoizlea, Gonzalo Etxebarria eta Joseba Lopezortegaren artean. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Zazpi urte eman dituzte Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka dokumentalistek ‘Itoiz. Udako sesioak’ filmaren proiektuarekin. Dokumentala ikustean, nabaritzen da atzetik lanketa eta hausnarketa sakona dagoela, euskal talde ikonikoaren inguruko luzemetraia honetan mimo handia baitago, baita ere begirada berezi bat; hots, belaunaldi gazteago bateko hiru emakumeen begirada.

Doxa Producciones-ek ekoiztutako ‘Itoiz. Udako sesioak’ filmaren mundu mailako estreinaldia hartu du astelehen honetan Bilboko Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak. Astelehenean 21.30ean eta ostegunean, hilak 14, 19.30ean, ikusi ahal izango da Golem Alondegiko 7. aretoan. Ondoren, Xixonera joango da, bertako FICXeko Nazioarteko Zinema Jaialdiarein batera partekatu baitu Zinebik estreinaldia. 

Eta areto komertzialetara noiz? Abenduaren bukaerako seguruenik. «Gosea» baitago fikzioa eta dokumentalaren arteko «hibrido» hau ikusteko, genero desberdinak nahasten dituelako. Rock taldeei buruzko dokumentalen ohiko osagaiak ditu –partaideekin eta ingurukoekin elkarrizketak, kontzertu zaharren irudiak...–, baina hau pixka bat haratago doa, Juan Carlos Perezen gaztaroa fikzionatu egin duelako.

Eta bide batez, belaunaldi pare baten bizipenak ekartzen ditu gogora: bere jantziekin, ilajeekin, bizitzeko gogoekin... Eta han non islatzen diren orduan egiten ziren disko-forumak –bai, musikari buruz hitz egiteko bilkurak–, Venecia izeneko diskotekako kontzertuak, mezetara joan behar hura...

Hiru egileen artean, Larraitz Zuazo zen Itoiz taldearen zaletu bakarra, astelehen goiz honetan egindako agerpenean aitortu duenez. Asko maite zuen taldea, baina inoiz ez zuen zuzenean ikusteko aukerarik izan. Eta hori adierazgarria da, 1978. urtean sortu eta 1987. urtean agur esan zuen arren, Mutrikun sortutako talde honek euskal rockaren memoriaren ‘top-ean’ jarraitzen duelako.

Kasete hura

«Lehen galdetu didate: proposatu zenionean, zer esan zizun Juan Carlos Perezek? ‘Niri utzi bakean, ni hilda nago’, esan zidan. Baina gero konturatu zen eta ‘Dagoeneko ez nago hilda’, esan zidan», gehitu du Zuazok.

Hasi zirenean, konturatu ziren artxiboko material gutxi zegoela, garaiko dokumentazio oso urria zegoelako. Deialdi publiko bat egin eta hortik atera ziren ordura arte ezezagunak ziren hainbat material, horien artean «inflexio unea» ekarriko zuena: kasete bat zen, ‘Udako sesioak’ idatzita zeukana. 15 urterekin Juan Carlosek grabatu zuen lehen kasetea da, Ondarroako familia batek gordeta zuena.

‘Udako sesioak’ izeneko kasetearen agerpenak «klik» bat eragin omen zion Juan Carlos Perezi, agian egungo euskal musikak duen egile kreatiboenari. Bidaia emozional honetan sartu zen buru-belarri eta, egia esan, erabat eskuzabala izan da zinemagileekin eta baita ere ikuslegoarekin. «Jokoan sartu zen, jakinmina piztu zitzaiolako eta gero dena ondo joan zen», argitu du zinemagileak.

Ispilu batean bezala

Harridura handiaz entzuten ditu egungo Juan Carlos Perezek Juan Carlos gazteak egin zituen grabazioak –«ez naizela ni iruditzen zait!»–, eta, era berean, ezusteak jasotzen ditu ibilbide honetan taldekide izan dituenen aitorpenak. «Filme emozionala da, ez da informatiboa», azpimarratu du Zuri Goikoetxeak.

Indar Trabes taldetik Itoizeraino egin zuten bidaia honetan hauek izan ditu lagun Juan Carlos Perezek: Bernardo Atxaga –testuak idatzi zizkien– Jose Garate ‘Foisis’, Matxitxa, Jean Marie Ecay, Antton Farri, Xaby Pery... Urdulizko Tio Pepe estudioan bildu zituzten guztiak: «Juan Carlosek ez zekien nor zetorren egun horretan estudiora eta taldekideak guk idatzitako galdetegi batekin zetozen –argitu du Goikoetxeak–. Juan Carlos eta beste elkarrizketatua parez pare jarri genituen, baina filmean ikusten den legez, denok harritu gintuzten gauzak gertatu ziren han. Joko horretan sartzean, ezusteak gertatzen baitira. Aurretik guztiak elkarrizketatu genituen, bai, baina ohartu ginen diskurtso finko bat zutela guztiek, goitik behera ikasitako ipuin bat izango balitz bezala: Itoizen istorioa nolakoa izan zen, nola hasi ziren, zergatik utzi zuten... eta inor ez zen hortik ateratzen. Parez pare jarri genituenean, zerbait sortzen zen hor eta batzuetan ahaztu egiten zitzaien galdetegi bat zegoela. Orduan guk espero ez genituen tokietara iristen ziren».

Eta, bukaeran, karamelotxoa, taldekide ohien jam session bat. Zerbaiten hasiera akaso?