Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

‘Izar’, «arrosa politiko» koloreko diskoa, Albina Stardusten eskutik

«Arrosa politiko koloreko diskoa». Horrela definitu du Itziar Zigak Albina Stardusten ‘Izar’ diskoa. Euskaraz kantatzen duen trabestismoa ere gure artean badela aldarrikatzen du zortzi kanta biltzen dituen lanak.

Albina Stardustek ostegun honetan aurkeztu du ‘Izar’ lana Iruñean.
Albina Stardustek ostegun honetan aurkeztu du ‘Izar’ lana Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bere ibilbidea trabesti gisa 2018n hasi zuenetik bizitakoak jasotzen ditu Albina Stardustek ‘Izar’ diskoan. Itziar Zigak Iruñean egin duten aurkezpenean nabarmendu duenez diskoa «alaia da», baina badu bere izaera politikoa. «Dantzarazi eta pentsarazi egiten duten disko horietakoa da», gaineratu du. «Purpurinaz beteriko ukondokadak ematen ditu», deskribAtu du. «Arrosa politiko koloreko diskoa», laburbilduz.

Euskaraz egin du diskoa Stardustek. «Hori ere mezu politikoa bada ere», azpimarratu du sortzaileak. Komunitatearen aldeko aldarria dela nabarmendu du Stardustek. Izan ere, «bakardadean dagoen sorgina hilda dagoen sorgina da, akelarrea behar dugu», azaldu du Zigak. Beste mezu politiko bat. «Euskaraz kantatzearekin hemen ere trabestiak ahalduntzen ari garela erakutsi nahi du», esan du Stardustek.

«Hemengoa eta aspaldikoa»

«Trabestismoa hemen ere badagoela eta aspaldi dagoela aldarrikatu nahi izan dut euskaraz kantatzearekin. Ez dela Madril edo Bartzelonan soilik ematen den zerbait. Betidanik hemen egon dira trabestiak, ez da gauza berria», nabarmendu zuen sortzaileak.

2020an hasi zen Stardust kantatzen. Eta erabaki horretan Yogurinha Borovaren bultzada ezinbestekoa izan zela onartu du. Diskoan Yogurinha Borovarekin batera Kai Nakai, Harribitxi, Divina Comedia eta Xarma Leone izan dira elkarlanean. Komunitatearen aldeko beste aldarri bat.

«Oihu egiteko beste modu bat da kantatzea. Nor garen, zergatik esaten dugun esaten duguna eta askatasuna lortu nahi dugula esateko beste modu bat», azaldu du.

Zortzi kanta

Diskoan zortzi kanta biltzen dira. Hastapeneko ‘Mirame’-ren euskarazko bertsiotik hasita 1990ko harmakadako Hemendik At taldeari egiten dion omendaldiarekin amaitu arte. Tartean, Yogurinha Borovarekin ‘Tuli tuli’ (Iruñerrian ligoteorako egokiak ziren tabernak identifikatzeko esamoldea, EHGAMeko kideetik jasotakoa); ‘Harribitxi’, dantzarako erritmoarekin trabestien aldarrikapena egiten duena; ‘Goizerarte’, Kai Nakaik erosotasun-eremutik aterarazi zuen kanta; ‘Erre’, azken singlea, floklorea eta elektronika, tradizioa eta trabestismoa nahasten duena; eta ‘Zuek’, Divina Comedia, Xarma Leone eta Yogurinha Borovarekin batera trabestismo euskaldunaren apologia. ‘Harribitxi’-ren remix batek ixten du diskoa.

Durangoko Azokan lana aurkeztuko du Stardustek. Ondoren, Bilbon eta Donostian emanaldiak egingo ditut –«nik ez ditut kontzertuak egiten, show-ak egiten ditut»-. Iruñean oraindik ekitaldi mardulagoa prestatzen ari direla aurreratu du. «Akelarre handia izango da».