Sei hamarkada eman ditu Benito Lertxundik, Orioko bardoak, oholtzaren gainean eta iritsi zaio agur esateko tenorea. Asteazken honetan iragarri du, Gernikako Jai Alai pilotalekuan prestatu den agerraldi jendetsu batean, pandemiaren garaitik hor, bueltaka, hartzeke zuen erabakia: «Oholtzaren gainean egoteko behar duzun hori galdu nuen duela lau urte. Sentitzen nuen nire burua eskenatokitik urruntzen. Zergatik joaten naizen? Ez dudalako jada bizitza publiko bat eramateko eta kontzertuak egiteko behar duzun hori sentitzen, ez dakit nola esan, oholtza behar duzula zure bizitzan».
Ate ireki bat utzi dio musika sortzen jarraitzeari, «modu natural batean» hartuko baitu. «Beti ari naiz zerbait egiten, hau edo hura. Hemendik bi minutura ez dakit zer gertatuko den, eta ez diot kasurik egiten. Nik ez dakit zer egingo dudan bihar eta zer egingo dudan etzi. Zuzenekorik, ez dut uste, kupo hori betea dago», argitu du.
«Euskal munduak eta Euskal Herriak behar du hazi. Zerekin? Hazteko ez dago mugimendu hoberik aske izatea baino»
Hedabide anitz eta lagun dezente izan ditu ondoan Benito Lertxundik Jai-Alaiko kantxan, horien artean Joxe Angel Iribar. Duela urtebete, azaroaren 11n, pilotaleku horretan bertan eskainitako kontzertu gogoangarri eta historikoa jasotzen duen ‘Gernika. Kontzertuak’ lana aurkeztera etorri da eta, bide batez, zuzeneko gehiagorik ez duela egingo iragartzera.
Gernikan, 2.000 lagunen aurrean, pilotalekua lepo eta giro ezin beroagoan egin zen kontzertu historiko hura. Hasi baino 15 minutu lehenago erabaki zuen teknikariak soinua grabatuko zuela. Bertan zeudenek memorian iltzatuta duten arren, Benito Lertxundik beste sentipen batzuk izan zituen hitzordu hartan. «Areto hau dena hunkiduraz betea zen egun horretan, baina nire arima ez zen eroso. Giro hari zihoakion mailan ez nintzen inoiz sentitu. Eta orain dakarkigu diskoa hona, begira nola diren gauzak!», kantariak.
Kosta egin zitzaion Olatz Zugasti musikari eta bikotekideari grabaketa hura entzunaraztea. Hunkidura ezkutatu ezinda ibili da Lertxundi, «gauza askoren batura izan den» disko hau aurkeztean. Azken finean, bizi-zirkulu baten itxiera balitz bezala har daitekeelako: ibilbidea frontoietan jotzen hasi zuen duela 60 urte, herri ekimenetan, eta oholtza izan da, denbora guzti horietan, bere gune natural eta maitatuena... eta, bizitzak gauza hauek dituelako, grabatuta utziko duen azken diskoa hau izango da, zuzeneko bat, bere diskografiako bigarren zuzenekoa. Orain bi hamarkada grabatu zuen lehen zuzenekoa, eta sei urte pasa dira bere estudioko azkenekotik.
Kosmosean hainbat osagai alineatu direla dirudi: «Nik ez nuen disko bat egiteko asmorik. Ni ez naiz disko horren bila joan, bera etorri da», aitortu du. 20 kantu eta hainbat doinu, horien artean orain arte argitaratu gabeko bat, jasotzen dituzte cd bikoitzak eta LP hirukoitzak. Durangoko Azokan egongo dira salgai.
Orioko musikaria oso eskertuta agertu da urte luze hauetan jasotako babes guztiagatik: «Uste dut jaso dudala afektu asko. Oso saritua sentitzen naiz, zorte onekoa. Asko jaso dut». Eta esker onekoa da bere ofizioarekin: «Nire bizitzako lanbidea izan da, lanbide, esango nuke, pribilegiatua. Ongi tratatu nau lanbideak. Oro har, esango nuke emaitza oso positiboa dela, eta oso gustura nago».
«Euskal kulturarentzat gauzak erdipurdi joango dira beti ez baldin bada esaten: ez, nire adimena, ni naizen hori, izan dadila agintari»
«Esker ona baino ez dut inguruan izan ditudan guztientzako», onartu du Orioko bardoak. «Horiek gabe ezinezko izango zen egin dudan guztia. Badakigu guzti honetatik gelditzen dena kantuak direla, eta beharbada kantuaren magia horrek eragiten ditu haren ibilera horiek, suge bat bezala ibiltzen direlako jende artean, baina oroitzapenak eta gertakizunak ere badaude, eta horrekin guztiarekin esker onekoa izatea besterik ez zait geratzen».
Eta 60 urteren buruan, kultura eta euskara zein egoeran daude?, galdetu diogu. «Azken urteotan oso nahastuak gabiltza, kontzeptuekin etabar», aipatu du. ‘Kultura’ hitzarekin, esaterako, kultura dena baita: «Konturatuko al ginen jaio ginenetik ez dugula besterik egiten? –aipatu du– Eta ez dugu dena ondo egiten. Ikusten ditut misilak botatzen dituztela, ikusten dut inperialismoa dagoela betidanik pil-pilean munduan herriak menperatzen, ikusten dut arrazakeria, ikusten dut matxismoa, ikusten dut gauza asko oso itsusiak direnak... eta hori dena ere kultura da».
Eta bere hitzetatik ikasi beharko genuke: «Nik uste egin beharko genukeela maila bat igo, zeren kultura da ere gorrotoa, ego-a kultibatzea... gauza asko. Hazi nahi bada, gauza asko daude aztertu beharrekoak, balio ez duena baztertzen ikasi, desikasi eta beste gauza batzuetan jarri atentzioa. Baina hori dena ez da egiten aginduz, ez da egiten borrokatuz, baizik eta konturatuz ez duela funtzionatzen; beraz, beste bide bat hartu behar da».
Euskararen etorkizunak nondik joan beharko luke, beraz? Benito Lertxundi: «Euskal munduak eta Euskal Herriak behar du hazi. Zerekin haziko da? Hazteko ez dago mugimendu hoberik aske izatea baino. Eta aske izatea da nork bere burua aginduetatik, arauetatik, doktrinetik libre ikustea. Euskal adimena agintean ez den bitartean, beti egongo da besteen menpean. Euskal kulturarentzat gauzak erdipurdi joango dira beti ez baldin bada esaten: ez, nire adimena, ni naizen hori, izan dadila agintari, ez besteen aginpean egon».