NAIZ
Bilbo

Indautxuko Eskolako hogei ikaslek espazioan dagoen astronauta batekin hitz egin dute

Indautxuko eskola publikoko hogei ikaslek espazioan dagoen astronauta batekin hitz egiteko aukera izan dute, ARISS proiektuaren baitan, Nazioarteko Espazio Estazioa (ISS) gure ingurutik igarotzen zen bitartean.

Indautxu Eskolako ikasleek astronauta batekin hitz egin dute.
Indautxu Eskolako ikasleek astronauta batekin hitz egin dute. (IREKIA)

Indautxuko Eskolako Lehen Hezkuntzako hogei ikaslek espazioan dagoen astronauta batekin hitz egiteko aukera izan dute ostegun honetan hamar minutuz, STEAM esparruko proiektu bati amaiera eman dion ekintzan. Irrati erakundeen eta espazio agentzien nazioarteko partzuergo baten eskutik garatu da ekimena.

Lehen aldiz EAEko ikastetxe publiko batean garatu den ARISS proiektuko ekitaldi nagusia izan da gaurkoa; hainbat hilabetetako lanaren ondoren ikasleek Sunita Williams astronautarekin zuzenean hitz egin ahal izan dute, Nazioarteko Espazio Estazioa (ISS) gure ingurutik igarotzen zen bitartean. Komunikazioa streaming bidez eman da mundura.

Begoña Pedrosa Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburua ere bertan izan da eta hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa nabarmendu du. Ikastetxeko irakasleak ere zoriondu ditu, STEAM bokazioak pizteko aukerak ikusteagatik eta neska-mutilentzat «inoiz ahaztuko ez dituzten esperientzia positiboak sortzeagatik»;

Hezkuntza Sailak adierazi duenez, Bilboko ikastetxe publikoan garatutako ARISS Amateur Radio on the International Space Station proiektuak STEAM esparruaren eta esplorazio espazialaren inguruko «interes handia sortu du ikasleengan eta, oro har, hezkuntza komunitatean». Ekimenaren barruan, hainbat balio landu dituzte, hala nola «lankidetza, aniztasuna eta jakin-min zientifikoa gero eta teknologikoagoa eta globalizatuagoa izango den etorkizunaren aurrean».

Indautxuko Eskolak 2023ko irailetik 2024ko urtarrilera bitarte garatu zuen proiektu hori, eta, geroago, ekimenean parte hartzeko hautatu zuten. 

ISS

ISS espazioan dagoen ontzi bat da. Orduko 28.000 kilometroko abiaduran mugitzen da eta 418 kilometrora dago. 71. espedizioa bederatzi astronautak osatzen dute guztira, eta aztertzen dituzten alderdien artean, gaixotasun eta terapia neurodegeneratiboak, botanika espaziala, espazioak eragindako fluido-aldaketak eta algetan oinarritutako bizi-euskarriko sistemak aipa daitezke.

Indautxuko ikasleek Sunita Williams astronautarekin hitz egiteko aukera izan dute. Sunita indiarra da, baina AEBetako Ohio estatuan jaioa. 59 urte ditu eta espazioan eta jarduera militarrean izandako lorpenengatik da ezaguna. NASAko astronauta izateko hautatua izan aurretik, AEBetako itsas abiazioko pilotua izan zen.

1998an NASAko astronauta bihurtu zen eta espaziora bidaiatu zuen lehen emakume indiarra izan zen. Bere ibilbideak NASAko astronautarik nabarmenetakoa izatera eraman du.