«Arinduko al genuen ama baten aurpegian, alaba baten irrian…herriarenean!» abestuz itxiko du bere ibilbidea Zama Doinuz Arindu jaialdiak. Urtarrilaren 24an eta 26an izango dira azken ekitaldiak, baina gaur aurkeztu dute azken doinu horien abestia, lerro hauen gainean entzun daitekeena.
«Kantu hau utzi nahi dugu herriaren memoria kolektiboan. Salbuespenezko espetxe politikaren zama doinuz arindu duen ekimena izan da hamar urte hauetako zeregina. Behin betiko zama atzean uztea da falta dena», diote abestia argitaratu duten antolatzaileek.
Letra Jon Maiak egin du eta musika Ion de Luisek jarri dio. Ahotsak, aldiz, 2016tik egin den bezala, hamaika lagunek. Aitor Gorosabel, Ines Osinaga, Estitxu Pinatxo, Maider Ansa, Juantxo Arakama, Juapa Agirre, Fran Urias, Petti, Itziar Ituño, Xabi Solano eta Josune Arakistainek.
Orain arte hirurogehita hamar artistatik gora igo dira Etxarri Aranazko oholtzara Zama Doinuz Arinduren baitan. Datorren edizioa, bi egunetan banatu dute. Urtarrilaren 24an, ostiralarekin, gaztetxean ariko dira Unidad Alavesa, Skabidean eta Malandro DJa eta sarrerak Etxarriko Xapatero eta Leku Ona tabernetan daude erosteko. Urtarrilaren 26an, Etxarriko eskolan, Zama Doinuz Arindu jaialdiaren baitan azkenekoz zabalduko diren mikrofonoen aurrean arituko direnak, berriz, Juantxo Arakama, Brigade Loco, Bulego, El Drogas, Eñaut Elorrieta, Gatibu, Olaia Inziarte, Nøgen, Porrotx, Gorka Urbizu, Zea Mays eta ZETAK izango dira.
Azkenekoz, abestiak luzatzen duen galderari erantzuna emango dio jaialdiak. Bai, zama doinuz arindu dute etxarriarrek.