«2025ko urte amaieran Bulego murgilduko gara etenaldi batean: 2026 urtean ez dugu kontzerturik eskainiko». Hitz horiekin iragarri du Bulego musika taldeko Tomas Lizarazuk urte eta erdi inguruko atsedena hartuko dutela, ETB1eko ‘Biba Zuek’ saioan.
Taldearen orain arteko ibilbidea «oso polita» izan dela jarri du balioan Lizarazuk, euren «jarraitzaileekin bizipen asko bizitzeko aukera» izan dutela nabarmenduz, baina Bulegori eszenatokietatik atseden hartzeko unea iritsi zaiola uste dute.
«Behar dugu perspektiba hartu, behar dugu atsedena hartu, behar dugu bizipenak sortu eszenatokietatik kanpo», esan du Lizarazuk, eta azken urteotan taldekideen asteburuak eta oporraldiak «kontzertuak emateko» izan direla aipatu du, bai nazioartean egin dituzten biretan zein etxean jo dutenetan. Kontzertuek «energia asko» kentzen dietela azaldu du, ez bakarrik oholtzak, baita biretako azpiegitura guztia kudeatzeak ere. «Oraindik ez dakigu zer izango den, noiz bueltatuko garen ere ez dakigu, uste dugu 2027 inguruan izango dela, baina ziur dakiguna da 2026 urtean ez dugula kontzerturik eskainiko», berretsi du.
Oholtzak utziko badituzte ere, sorkuntza ez dutela alboratuko nabarmendu nahi izan du abeslari azkoitiarrak. «Guk ikusten duguna da sortzen ari garela kontzertuetatik sobratzen den denbora horretan», esan du, eta atzetik datorren lana «mimoz» egiteko gogoz daudela jakinarazi du: «Orain gaude une batean atsedena behar duguna, nahi duguna, eta batez ere nahi duguna datorren lana orain arteko gure lanik ederrena izatea eta mimo gehienarekin landutakoa izatea. Hori eskatzen digu gorputzak».
Barrura begira
Lizarazuk onartu du etenaldiaren aurrean bertigoa ere sentitzen dutela. «Lau urte hauetan etenik gabe egon gara, Durangoko Azokak, kontzertuak, diskoak, abesti pilo bat sortu, grabatu eta kaleratu ditugu, tartean Euskaraldiarekin batera sortutako kantu eder hau eta beste abentura batzuk izan ditugu, eta nik uste dut atsedena ondo etorriko zaigula, perspektiba eta lasaitasuna emango dizkigula eta emango digula aukera ondo pentsatzeko nola sortu nahi dugun. Barrura begiratzeko tartea izango dugula eta, batez ere, eszenatokitik kanpo esperientziak sortzeko aukera izango dugula».
Bulego talde aktiboa dela ere aipatu du, proiektu berrietan murgiltzea gustuko duena, baina «askotan gauza gehiegi egiten ditugu eta gero itotzen gara gauzak egite horretan». Lizarazuren hitzetan, euren jarrera hori bizi garen aro honetako bereizgarri bat da, «gauza asko eta etenik gabe egin nahi ditugulako, anetsietate horrekin, eta nahi dugu horretatik pixka bat aldendu».
Atsedenak eszenatokietatik, eta sare sozialetatik «pixka bat», urrunduko dituen arren Bulego ez dela geldituko nabarmendu nahi izan du Lizarazuk: «Bulegok lanean jarraituko du, isilpean, distantziatik».
Azken kontzertua 2025eko azaroaren 9an eskainiko dute, Bilboko Euskalduna Jauregian. Igandearekin, arratsaldeko 19.30etan. «Bira hau hasi genuen Kursaalen, guretzat ilusio asko piztu zigun areto bat izan zen, dena bete zen, eta pentsatu genuen polita izan zitekeela beste estilo honetako areto bat aukeratzea aro honek merezi duen amaiera ospakizun bat egiteko», iragarri du.
Sarrerak aldez aurretik Durangoko Azokara gerturatu diren zenbait jarraitzaileri eskaini dizkiete eta publiko orokorrari ostegun honetan irekiko zaio salmenta, 11.00tan Bulegoren web orrialdearen bidez. «Azken ospakizun horretan parte hartu nahi duenak badaki zer egin», amaitu du Lizarazuk.