Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Gatiburen ‘Azken zoramena’ Gernikan izango da: etxeko giroan, kalean eta ekainaren 7an

2025ean Gatibuk egingo duen ‘Agur Esan Barik’ biran toki bat faltan botatzen genuen, Gernika. Asteazken honetan bere herrian eskainiko duen azken kontzertua iragarri du euskal talde beterano honek: ekainaren 7an izango da, Astrako parkingean eta «agur hau zoramen hutsa izatea» espero du taldeak.

Gatibu taldea, Garazi LLona eta Iñigo Etxebarrietarekin, Haziberriko partaideak. Atzean, Astrako parkinga.
Gatibu taldea, Garazi LLona eta Iñigo Etxebarrietarekin, Haziberriko partaideak. Atzean, Astrako parkinga. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

25 urteko ibilbide oparoaren ondoren, Gatibu taldeak agur esango du datorren urtean. Otsailean hasiko da ia urte osora luzatuko den ‘Agur Esan Barik’ bira eta, udazkenean Madril eta Bartzelonatik pasatu ondoren, BEC-en emango diote bukaera, abenduaren 6, 12 eta 13rako lotuta dituzten kontzertuekin.

Data berri bat, eta oso berezia, iragarri dute asteazkenean. Astrako parkinga Gernikako erdigunearekin lotzen duen zubia aukeratu dute Gatibuk eta Gernikako Haizeberri elkarteak ‘Azken zoramena’ izena jarri dioten kontzertu bereziaren berri emateko.

BEC hiru aldiz betetzea ez da lan makala. Eta beraien herriari agur esateko orduan, jasotako babesaren aitormena egiteak musiko honen dotoretasuna erakusten du. «Herriak ematen digun kariño eta maitasun guztia itzultzeko ordua dela pentsatu dugu, gainera herrian jo ditugu pilo bat kontzertu era desberdinetakoak eta beti zoramen hutsa izan dira –aitortu du Haimar Arejitak–. Herritik babesa jaso dugu eta azken kontzertua zoramena izatea nahi dugu, horregatik ‘Zoramena’ izena, gure lehenengo diskoaren izena delako eta nahi dugulako azken despedida herriarekin zoramen hutsa izatea, sentimenduz beteta eta jai giroan».

Sustraietara itzultzeak

Gernikan eskainiko duten azken kontzertua izanik, emanaldiak dimentsio berezia hartuko du, Gatibu bere sustraiei eta hasierei keinua egingo den errepertorio berezia prestatzen ari baita. Lehenengo zatian, taldearen lehen hiru diskoak izango dira ardatz: ‘Zoramena’, ‘Disko Infernu’ eta ‘Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik’, hau da, Gatiburen alderik rockeroena erakusten dutenak.

Kantu horiez gain, abesti arrakastatsuak edo hit-ak ere ez dira faltako. Beraz, kontzertu bakarra eta errepikaezina izango da. Alex Sarduik hori egiaztatu du: «Kontzertu desberdina izango da, kañeroa eta errepertorioaren aldetik pixka bat desberdina izango da. Egingo dira hit-ak, baina nahi izan dugu gure hasierara itzultzea. Animatu zaitezte, hemen egurra egongo delako!». 

Astrako parkinga leku egokia da mota honelako kontzertu baterako, Gernikatik kanpo datorren jendearentzat ere kokapen aproposa da, tren eta autobus geltokiak gertu dituelako. Baina festa, antza, arratsaldean hasiko da.

Garazi Llonak, Haziberri elkarteko kideak aipatu duenez, «eguna borobiltzeko asmoarekin Gatibutik aparte, arratsaldetik hasi eta gauera arte egitarau berezi bat prestatzen ari gara. Kartel osoa otsailean edo martxoan aterako da».

Sarrerak (30 euro) bihartik aurrera jarriko dira salgai; hau da, abenduaren 19ko 13.00etatik aurrera egongo dira eskuragarri www.haziberri.eus helbidean, baina paperean, euskarri fisikoan, abenduaren 23tik aurrera Gernikako Turismo Bulegoan jarriko dira salgai, 12.00etatik aurrera.