NAIZ

12 orduko zuzenekoarekin ospatuko du Iruñe Astitzek 100. bideoa eta 10 urteko ibilbidea

Ostegun honetan Twitch-en eta YouTuben 10.00etatik gaueko 22.00etara zuzenean ari da Iruñe Astitz kazetaria, sareetan @arkkuso bezala ezaguna den eduki sortzailea. YouTubeko kanalera 100 bideo igo dituela ospatuko du elkarrizketekin, bideojokoekin eta podkast baten grabaketarekin, besteak beste.

22.00ak arte egongo da zuzenean Iruñe Astitz, @arkusso.
22.00ak arte egongo da zuzenean Iruñe Astitz, @arkusso. (NAIZ)

Iruñe Astitz Larunbe kazetaria zuzenean ariko da hamabi orduz ostegun honetan, goizeko 10.00etatik 22.00etara, Twitch eta YouTube plataformetan. Albisteen errepasoa, elkarrizketak, bideojokoak, podkast baten grabaketa eta «sorpresa gehiago» bilduko ditu egunean zehar, besteak beste Ane Urkiri NAIZeko zuzendariaren kolaborazioarekin.

@arkkuso erabiltzailearekin ezaguna den Astitzek YouTuben bere hamar urteko ibilbidea eta 100 bideo partekatu dituela ospatzeko prestatu du zuzenekoa. Bere ustez, «sarean, eta sare sozialetan bereziki, euskaraz bizitzeko edukia behar da eta, era berean, euskarak ere sarea behar du hizkuntzaren normalizaziora bidean, bai eta erabilera ohiturei dagokienez».

«12 orduz zuzenean egotea ez da erreza, baina ez da lehenengo aldia erronka honi eusten diodala. Ongi pasatzeko egiten dut eta, beraz, zuzenekoan zehar egingo dudanak ondo pasatzea eta gozamena du oinarrian. Goiza albisteen errepasotxoarekin hasiko dugu eta hori egiteko Ane Urkiri Ansola laguna eta berriki NAIZeko zuzendari izendatutakoa gonbidatu dut. Gero konexio berezi bat egingo dugu. Norekin? Horretarako zuzenekora sartu beharko duzue! Horretaz gain, elkarrizketaren bat, @ametsiin-ekin dudan ‘Iruindarrak’ podcastaren denboraldiko azken atalaren grabaketa eta bideojokotan ibiliko naiz, besteak beste. Egia erran, oso giro polita sortzen da», laburbildu du egitaraua kazetariak.

Astitz kazetaria eta hezitzailea da eta Euskadi Irratian, Hamaika Telebistan, Gaztezulo aldizkarian, GARAn, ‘Argia’-n eta beste hainbat hedabidetan kolaborazioak egin ditu. Twitterren egin zituen bere hastapenak eta 2014ko otsailaren 21ean; Lisboan Erasmusa egiten ari zela bere YouTubeko kanala ireki eta bere lehen bideoa igo zuen: ‘#Sukaldean: Bacalhau a Brás’. Bertan Lisboan probatu zuen errezeta bat azaltzen zuen.

Noizean behin bideoren bat igotzen joan bazen ere, pandemia ostetik jarraikortasun handiagoarekin bideoak YouTubeko kanalera igo ditu. Izan ere, pandemiak eduki sorkuntzarekin birkonektatzeko balio izan zion, baina ez plataforma gorriaren bidez, baizik eta more koloreko baten bidez: Twitch. Zuzenekoak egiteko plataforma honetan, euskararen presentzia indartzeko #3000Twitz kanpaina sortu eta sustatu zuen, beste hainbat streamerrekin batera. Ordutik, Twitchen euskaraz zuzenekoak egiten dituen aurpegi ezaguna bihurtu da; EITBren Twitch kanalaren estreinaldiko emisioan parte hartu zuen.