Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Mikel urdangarin
Musikaria

«Ahazten zaigu euskarak mundua edertzen duela»

Esango nuke Mikel Urdangarinen lanik ederrenetakoaren aurrean gaudela. Agian ausartegia naiz, kontuan izanik ‘Mundua eder’ zornotzarrak pausoz pauso urratu duen 27 urteko bidean 20. diskoa eta estudioko 15. lana duela. Garai ilunetan, bizitzari kantu egitea erresistentzia ariketa bat suerta daiteke.

Lan berria besapean hartuta dator Mikel Urdangarin.
Lan berria besapean hartuta dator Mikel Urdangarin. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

‘Mundua eder’ diskoan, zure lan berriaren azalean, emakume bat dago leiho batetik begira. Ondo datorkio lan honi, kanta hauek ere munduari begira daudelako. Eta mundua gerra giroan murgilduta dagoen honetan, zu edertasunaren bila ari zara...  Hau al da garai ‘desastrosoetarako’ disko bat?

Ez da txarra ikuspegi  hori. Garai ‘desastrosoak’ etengabekoak dira. Mundua beti dago gerran: Europan Ukrainan dugu, bestetik, Gaza, Libano, eta ahaztutako hainbeste gerra daude han eta hemen; eta mundua, odolustean. Azalean neska bat ikusten da leihotik begira, kanpoan antzematen da nolabaiteko argitasun bat dagoela, eta barruan, iluntasuna. Nik aurkitu dut argitasuna diskoan, minari bizkarrik eman gabe. Askotan abiatzen zara minetik, baina ez minaz hitz egiteko, baizik eta sendatu eta argitasun horretara iristeko. Lan honetan gerrak azaltzen dira, azaltzen dira doluak, azaltzen dira galerak... Beraz, txanponaren beste aldea azaltzen da. Baina alde hori ez dut indartu nahi, aipatzen dut, baina gailentzen dena eta agintzen duena zera da: gaitz guztien, gerra guztien eta kalamitate guztien gainetik, nik mundua eder ikusten dudala. Baina bizkarrik eman gabe beste aldeari, zeren bestela tranpatan ibiliko ginateke.

Gazako biztanleei, kurduei eta Masha Aminiri kantatzen diozu.
Masha Amini aipatzen dut sekulako inpaktua eragin zidalako. 2022ko irailean, beloa ez eramateagatik, Irango moralaren poliziak atxilotu eta jipoitu egin zuen hil arte.

Mantra antzeko bat da, bere izena errepikatzen duzulako. Ezer jakin gabe entzuten duenak, Masha Amini entzungo du jakin gabe nor eta zer den, baina berdin dio, musikalki mantra bat sortzen delako. Mantra honekin efektu balsamiko bat nahi nuen lortu. Oso kasu mingarria da, baina nik keinu eder bat bezala ikusten dut bere erantzunean: uko egiten dionean beloa janzteari, kontra egiten dio gizartearen botereari, oso garesti ordainduta, baina keinu eder bat da. Ondoren herri bat altxarazi zen, eta hori ere keinu eder bat izan zen, nahiz eta borrokan segitzen duten.

Eta behar nuen esan: zure keinua edertasunez beteta dago, nahiz eta heriotzara eraman zaituen. Oso delikatua da, beste batek esango dizulako: non dago edertasuna? Edertasuna dago aurre egite horretan. Diskoaren hezurduran eta sustraietan hauxe dago: hitz egiten dut lotan dagoen gizarte batez, ni parte naizena, eta loaldi hori onartu ez duen gizarte batez ere bai. Ni munduari kantatzen ari natzaio, baina nire oso barrenetik, beste era batera ezin dudalako kantatu.

«Nire kantarekin behar nuen esan: zure keinua edertasunez beteta dago, nahiz eta heriotzara eraman zaituen»

Kantetan zerrendatu egin dituzu hainbat gai. Ez dakit adinaren ajeak izango diren, baina Izarorekin batera kantatzen duzun ‘Mundua eder’ horretan, aurkitu ditugu batzuk: mundua edertzen dute, irakurri dudanez, bertsoek, naturak, arteak, lagunek, ametsek, larruak, justiziak, begiruneak, oroimenak... eta euskarak. Behar zuen euskarak egon zerrenda horretan?

Kantu batzuen musikak ia lau urte bete ditu. Ni musikarekin ibili naiz, baina ezer idatzi gabe. Pare bat kanta idatzi dut orain dela bi hilabete, nik kantuen letrak beti idazten ditudalako bukaeran; hau da, diskoa atera aurretiko bi hilabete horietan. Baina ez neukan diskoaren ‘gairik’, eta Kirmenen [Kirmen Uribe] letra hau jaso nuenean, ikusi nuen zein zen gaia. Gai bat behar duzu disko bat idazteko, behintzat oraindik pentsatzen dugunok disko bat osotasun bat dela.

Gaia bilatu ezinik ibili zara?

Disko batek ez du liburu batek duen narrazioaren beharra, baina bai behar duzu zerbait nuklearra, horren inguruan orbitatuko duena. Kirmenek eman zidan bidea, lehenik eta behin izenbururako, ez da gutxi, eta gero zertaz idatzi erabakitzeko. Oso ‘Kirmen’ da kantua. ‘Mundua edertzen du euskarak’, esaten duenean, nik hotzikara sentitu nuen, zeren oso esplizitua da eta gaur egunean ez da esaten kantu batean hori. Ausarta da zentzu horretan, zeren mugi ditzake onerako eta txarrerako zutabeak. Hor ausardi handia ikusten dut Kirmenen partetik. Ez da tontakeria bat: ez du esaten mundua edertzen duela gaztelerak edo frantsesak... mundua edertzen du gure hizkuntzak,  eta askotan ahazten zaigu: euskarak ez du bakarrik Euskal Herria edertzen, baizik eta mundua edertzen du. Edertzen du mundua sekulako hauskortasuna duen zerbaitek, eta hauskortasun horretan iraun duelako dauka sekulako indarra.

Kirmenekin hitz egin genuenean, zuretzat galdera hau bota zigun: nola sortu zenuen ‘Mundua eder’ kanta?

Pianoan sortu nuen. Baneramatzan hilabete batzuk esanez ‘melodia honek indarra dauka’. Batzuetan sentitu egiten duzu, zerbait edukitze hori. Entzuten zutenek ere ‘jo, Mikel, ze polita, ze indartsu, ze bizi...’ zioten, eta ni, pianoaren aurrean, pentsatuz ‘zer ostia idatzi behar dut nik hemen?’. Nolabaiteko zerrendatze antzeko bat eskatzen zuen, eta ez nuen lortzen berbak ekartzea. Baina ekainean, itsasoratu nintzen belaontzi batean beste hiru lagunekin, eta Irlandara iristen ari nintzela, kobertura jaso nuen berriro, lau egunez kobertura gabe egon nintzelako. Jaso ahala sartu zen lehenengo mezua Kirmenena zen, Whatsappean: ‘Mikel, tori letra hau’.

Whatsappez bota al zizun?

Ez zekien belaontzian nengoela Eskoziarako bidean. Irlandako kostaldera heltzean, ikusi nituen bertsoak, eta ‘ez da posible!’. Sastre batek egindako jantzirik doituenean ere ez ziren kabitzen letra haiek. Esan nion: ‘Ez duzu sinetsiko, baina badaukat musika letra honetarako’. Eta horrela jaio zen, kasualitate marabilloso batek ekarrita. Gu bioi gertatzen zaizkigu gauza kuriosoak. Batzuetan, Kirmenen letra bat jaso eta nik bat-batekotasuna sentitzen dut: jaso eta berehala gertatu zait musika ikustea. Irakurri ahala, musika ikustea. Kirmenen idazteko erak musikaltasun handia dauka.

Ba ulertzen dudala. Jonki bat da, Euskal Herriko sasoi beltz horrek hondatu zuen sasoi horretakoa. Berak, ondarroarra izanik, hor bizi izan zuen sarraskia. Sasoi horretako pertsonaia bat da. Pertsona ulertzen dut, zeren ez gara arrotzak: nire Zornotzako lehengusu-lehengusinak, 14 ziren eta 9 hil ziren takada batean. Garai hori kokaleku harturik egindako bertso batzuk dira hauek, eta bukaeran esaten du: “Barrutik besarkatzen nauen gauza bakarra da”. Hori ikaragarria da, barruko besarkada hori sekula irakurri eta entzun gabe nengoen, baina sentitzen duzu. Zer esango nioke? Ulertzen dudala, barruko besarkada hori ulertzen dut.



Letren aldetik oso potentea den lan hau doinuan ere oso jantzia dago, orkestrazio modukoa hartu diot nik neuk. Bukaera eztanda handia da.

Nik produktorearekin, Koldo Uriarterekin, hasieratik jarritako kontsigna bat izan zen: goazen paisaia berriak margotzen saiatzera. Eta gero, ni oso pertsona lasaia naiz, baina batzuetan eztanda egiteko zera ere badaukat, eta ez nago harro, sumendi bat daramat barruan, eta hori kudeatu behar dut bizitzan. Sumendi horrek bultzatzen nau konposatzera eta erabakiak hartzera, eta musika horrela entenditzen dut: laua ez den beste edozer da. Nire kantu gehienetan kontentzioa dago, baina badago apurketa ere, eztanda, batzuetan txikiagoa, beste batzuetan handiagoa, eta hor sartzen dira orkestrazioak, gitarrak, perkusioak... baina nik, handitasun horretan, zeinak kontrastea egiten duen paisaia lauekin, intimotasuna ikusten dut.

‘Udako gau epela’ kanta honekin, askatzen dituzu piztia guztiak, eta zaintzen zaituzten ahotsak agertzen dira hor: amak eta amamak, mamuak... Baina ez du galtzen intimotasuna; orduan, horrek guztiak zentzua dauka, eta arrazoituta dago. Zorionez, musikari talde honetan uste dut lantzen dugula hori: kontentzioa eta apurketa, eztanda, eta berriz ere gorde, berriz ere askatzeko: bizitza hori delako. Kantu bat hasi egiten da, garatu egiten da eta bukatu egiten da. Bizitzaren metafora txiki bat da, 3-5 minutukoa.

Kantu bat hasi egiten da, garatu egiten da eta bukatu egiten da. Bizitzaren metafora txiki bat da, 3-5 minutukoa

Benito Lertxundik oholtza utziko duela iragarri berri du. Zuk 27 urte daramatzazu. eta ez zaude ataka horretan, baina ulertzen al duzu?

Egon nintekeen, zeren puntu hori ez dakit noiz heldu daitekeen bizitzan. Gure ofizioa da gehien maite dudan ofizioa, elikatu nauena zentzu guztietan bizitzan, bere alde oso onak dituena, baina alde txar potenteak ere badituena. Lehenengoa, esposizioa. Bizi duzun arte ez dakizu zer den hori: zure lanak, zure hitzek, zure pentsamenduek eta zure kezkek sortzen dute pisua batzuetan.

Benitorena... asko pentsatu dut honetaz. Berak bakarrik jakingo du zergatik erretiratu den. Nik esaten diot tristura goxoa dudala: batetik, triste nago, neurekoiki nahiko nukeelako beste kantu bat edo bi sor ditzan, oso zalea naizelako berea; hortik tristura. Eta goxoa, egin dituen ehunka kantu ederrengatik. Eta edertasunaz ari garela, Benito niretzat izan da gauza askoren artean edertasun sortzaile: bere kantuek hunkidura goxo bat sortzen dizute barruan, luzaz laguntzen zaituena.

Nik ere urte asko daramat musikagintzan, nik ere bizi izan ditut gorabeherak zentzu askotan, eta entenditu nezake batzuetan esatea: ‘Irakaskuntzara buelta, onartzen banaute’. Edo pinuak moztera, nik zer dakit. Bizitza errazagoa da zentzu askotan, baina gu ez gara errazak, konplexuak gara eta erabaki dugu gure bizitza konplikatzea. Badakit zein hauskorra den hari hori, eta niri Benitorena miraria iruditzen zait.