«Beste bat loturik deino, ez gara libre izango» abesten zuen Mikel Laboak (eta beste hamaika taldek bertsio ezberdinetan). Bide horretik abiatu zen Hatortxu Rock duela 25 urte eta bide beretik egin dute larunbat honetan azkenaurreko edizioa, agurra Atarrabiari. «Agur esateko unea iritsi da. Eta ez dugu tristuraz esaten, ez gaude burumakur. Hatortxuren agurrak baduelako ere onetik. Bada lorpenik. Bada garaipenik. Bada zer ospatu… Denon artean bultza egin ostean, lortu baitugu dispertsioari amaiera ematea. Dispertsioa ez da amaitu. Amaitu egin dugu. Ez da desagertu. Desagerrarazi egin dugu», adierazi du antolakuntzako kide den June Etxeberriak ekitaldian, jaialdia bera martxan jartzea ekarri zuten arrazoiak gogora ekarriz.
Asmo horrekin jaio zen Hatortxu 1999an. Dispertsio politikarekin amaitzea eta, iraun zuen urte luzeetan, sakabanaketa horren zama arintzea. Bi helburu hauek beteta, uztailean Lakuntzan egingo den lau eguneko ekitaldi berezi batean esango du «agur» betirako Hatortxuk. «Baina ez gaitezen engaina, hemen ez da ezer amaitu. Etxetik gertu ditugu bai, baina gurekin nahi ditugu. Den-denak!», gehitu du Etxeberriak.
Eta zin ere egin du. «Promesa bat egiten dizuegu. Promesa bat egingo diogu geure buruari: den-denak aske izan arte jarraituko dugu lanean. Hatortxu badoa. Baina Hatortxu osatzen dugunak ez goaz inora. Ez behintzat denak gurekin izan arte».
Denbora luzean hausnartutako eta eztabaida luzeen ondorengo erabakia da Hatortxuk iragan ekainean iragarri zuena. Euskal Herri mailan eta baita nazioartean aitorpena izatera iritsi den elkartasun jaialdi bat, boluntarioek aurrera ateratzen dutena.
Goizeko lehen ordutik zegoen mugimendua Atarrabian. Gunearen kanpoaldean, furgoneta ugari. Barruan Hatortxuko kideak azken prestaketekin. Soinu frogak, lona bat ongi jarri eta bazkari sendo batekin, indarrak hartu. Hainbat boluntario ere baziren, nahiz-eta gehiengoa 15:00etatik aurrera iritsi. Instrukzioak entzun, petoa jarri eta bakoitza bere tokira, publikoari harrera behar modukoa egiteko.
15:30ean, ireki ditu ateak elkartasun jaialdiak, eguzki goxo batek lagunduta, eta 06:30etan itxiko ditu, azken aldiz. Gauak eta zero azpiko tenperaturak lagunduta. Hori bai, goxotasuna nabarmena dago karpa barruan. Eta baita eszenatokiaren atzekaldean. Zaintza azpimarragarria, bai lanera bai parrandara zetozen guztion esku.
Hasiera-hasieratik hasi da jendea gerturatzen, Apotheke, Sofokaos, TOC edo Roba Estesaren kontzertuetaz gozatzeko asmoz. Hauek guztiak estreinekoz izan dira jaialdian. 19:10ean iritsi da Lendakaris Muertos, hainbatetan eszenatoki hau zapaldutakoak, eta ordurako guneak, bi espazio ezberdin izan dira-eta, jendez lepo zeuden. Adostuta egonen balitz bezala, milaka lagun horiek harmonian banatu dira denbora-tarte bat partekatzen zuten Tatxers eta ETSren kontzertuetan, ekitaldiari hasiera eman aurretik.
Eskerrak bidelagunei eta espontaneoei
Hasieran aipatutako Laboaren ereserki hark honakoa ere badio: «Bakoitzak urraturik berea, denon artean geurea». Eta hala ibili dira larunbat honetan Hatortxuko kideak ere. Guztira 900 bat lagun elkartuko dira 29. eta azkenaurreko edizio hau posible egiteko. Batek txupitoa jarri, besteak berogailu sistema funtzionatzen duela konprobatu, hurrengoak eszenatoki gaineko denborak kontrolatu, denontzako gune segurua bermatu, hanburgesa puntuan egin edo ehunka boluntario guzti horiek kudeatu.
Auzolana izan da hamarkadetan elkartasun jaialdi hau posible egin duen motorea. Eta azken txanpa honetan ere ezin beste modu batean izan. Eta hau izango da Hatortxuk berak utziko duen ondareetako bat. Larunbat honetakoa ere horren eredu izan da. Peto laranjak han eta hemen.
Oholtza gainetik, antolakuntzako kide den Aitor Agirrezabalek auzolan guzti hori jarri du balioan, eta urte luze guzti hauetako bidelagunei eskerrak eman nahi izan dizkie. Guzti horiek, Atarrabiako Udalarengan eta Etxebeltzan elkartearengan irudikatuz, zeintzuei oroigarri bana eman dizkieten azken hamarkadan ezinbesteko babesa helarazteagatik.
Ohikoa den brindisa abiatzera zihoanean, espontaneo batek egin du salto eszenatokira. Espontaneoa bai, baina ez ezezaguna. Ile urdina eta zapata handiekin, Porrotx agertu da bat-batean oholtza gainean, pop izar gisa
«Agur esatea zaila izan daiteke. Baina errazago da zuekin batera», adierazi die bertaratutako guztiei, etorkizunean ere lanik ez dela faltako gehituz. «Eta gorde indar apur bat. Eta bihartik aurrera, jarraitu dezagun geure auzo eta herriak astintzen. Auzolana baita urte luzez jaso dugun eta elikatu dugun ondarea, baina baita etorkizunean etorriko den guztiaren giltza. Loratu dadila elkarlanaren herria, denon artean eraikitzen den herria! Gora Hatortxu!»
Udan Lakuntzan izango den zitarako indarrak gordetzeko gonbita egin du Agirrezabalek eta ohikoa den brindisa abiatzera zihoanean, espontaneo batek egin du salto eszenatokira. Espontaneoa bai, baina ez ezezaguna. Ile urdina eta zapata handiekin, Porrotx agertu da bat-batean oholtza gainean, pop izar gisa, bertaratutakoen txalo eta oihuak piztuz eta, orduan bai, azkenaurreko topa hori gidatuz, oraindik ere Hatortxun egoteko aukerarik ez duten guztiak gogoan.
Eta segidan, atsedenik gabe, Su ta Gar taldearen txanda iritsi zen, jaialdi hau zer den gutxik bezala azaldu dezakeen banda. Izan ere, 1999an, Berriozarreko frontoian lehen edizioa egin zenean, bertan izan ziren. Ez dago talderik haiek baino gehiagotan Hatorxun jo duenik. Guztira, bederatzitan. Mende laurden beranduago, ez dute hutsik egin eta gazte eta ez hain gazteen esku jarri dituzte, beste behin, hainbat belaunaldirentzat ereserkiak izan diren hainbat kanta.
Lakuntza, agurraren azken notak
Atarrabian oso presente egon da Lakuntzan uztailaren 24tik 27ra biziko den zita berezi hori ere, Iruñerrian hasitako agur hau bertan itxiko baita. Jai giroan zeudenen artean nabaria izan da gehiago jakiteko nahia. Eta bazka pixkat eman die antolakuntzak. Izan ere, egun guztian zehar pantailetan hainbat izen iradokitzen zituzten bideo batzuk ikusi ahal izan dira. Aposturik ez zen falta.
Dena den, gosetiek ez dute gehiegi itxaron beharko. Izan ere, datozen egunetan lehen lagin bat aurreratuko du antolakuntzak, Sakanako herrian egingo den agurrari forma ematen hasiz.
Oraingoz, Atarrabiako ateak itxi dira, desmuntaia eta garbiketa lanak salbu. Baina herri honen oroimenean geratuko da Hatortxu Rock, Indurainen atzetik Atarrabia mapan jartzeagatik eta, batez ere, elkartasunari jai giron forma berezi bat emateagatik. Agur ba Atarrabia eta «laster arte» Hatortxuri, Lakuntza ortzimugan izanda elkartasun istorio bat borobiltzeko.