Bukaera gazi-goxoa Atarrabian egin den azken Hatortxu Rock jaialdiarena. Jaialdi arrakastatsua, jendez lepo eta hunkigarria, NAIZen bertan argitaratu dugun kronikan islatzen denez.
Jaialdiaren antolakuntzak igandean zabaldu duen komunikatuan, larunbat iluntzean eta igande goizaldean burutu den 29. edizioan bertaratu diren milaka lagunei eskerrak luzatu nahi izan die –«eskerrak azkenaurreko edizio ahaztezin bat ahalbidetzeagatik», aipatu du– baina, era berean, «jaia ez zen borobila izan» aitortu dute.
Bi eraso matxista salatu baitira jaialdian eta, argitzen dutenez, «horrek ez du esan nahi gehiago egon ez zirenik».
«Ez gara errepikatzeaz nekatuko –gehitu du Hatortxu Rockek–. Ez dugu inolako erasorik onartuko. Hatortxu denontzako gune seguru bat izatea izan dugu beti helburu eta, aurten, ez dugu lortu. Hala ere, bi salaketa hauek erakusten dute antolakuntzak salaketarako jartzen dituen baliabideak eraginkorrak direla».
Bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dutela argitu dute, «kontziente izanik antolakuntzak bere gain hartzen duen ardura, baina baita Hatortxura gerturatzen den ororren ardura dela espazio eroso eta gozagarri bihurtzea. Hatortxu Rock denontzako gune seguru izan arte».
Auzolanaren indarra, gau ahaztezina
Era berean, orokorrean izandako giro «atsegin eta goxoa» ekarri nahi izan dute gogora. Aspalditik zituzten sarrera guztiak agortuta. «Agur esatea ez da erraza –aitortu dute ere–, ezta ere antolakuntzako kideentzako. Baina horrelako gau bat bizi izanak laguntzen du pauso hori ematen eta ikusmira Lakuntzan jartzen».
«Hatortxu Rockek urte luze hauetan jaso eta elikatu duen ondarea izan da auzolana», gehitu dute. Eta 29. edizio hau ere bide beretik joan da, 900 lagun inguru elkartu baitira jaialdiaren baitan modu boluntarioan lanean. «Denak beharrezkoak. Denak ezinbestekoak. Gure aitortza eta eskertza guztioi. Eta auzolan hau bera izango da etorkizunean etorriko diren elkartasun molde berrien giltza», antolakuntzak.
«Hatortxu badoa, baina Hatortxu osatzen dugun kideak ez goaz inora. Ez behintzat denak etxean izan arte», gehitu dute. Ideia honen baitan antolatu zuten ekitaldia: «Elkartasuna, beste behin, helaraziz oraindik Hatortxun egon ezin izan direnei eta hamarkada hauetan sakabaneta sufritu duten lagun eta senideei. ‘Dispertsioa ez da amaitu. Amaitu egin dugu. Ez da desagertu. Desagerrarazi egin dugu’».
Ekitaldia eskerrak emateko probestu du Hatortxu Rockek. Azken 15 urteak Atarrabian eman ditu elkartasun jaialdian eta denbora horretan ezinbesteko bidelagun izan diren Udala bera eta Etxebeltza elkartea, zeintzuek oroigarri bana eraman zuten.
Ikusmira, Lakuntzan
Atarrabian desmuntaia eta garbiketa lanek luze joko dute oraindik, aipatu dutenez, eta atsedenerako denbora gehiegi hartu gabe, Lakuntzan jarriko du ikusmira Hatortxu Rockek.
Han bai, azken agur erraldoi bat eman asmoz. «Honen inguruan xehetasunak ezagutzeko ez da gehiegi itxaron beharko eta datozen egunetan dagoeneko bertan izango diren taldeen lehen lagin txiki bat aurreratuko da», aurreratu du jaialdiak.