NAIZ

Gabonetako aholkua: Eztarri-trabatzeetan, ez bizkarreko kolpetxorik eta ez hatzik ahoan

Gabonetan haurren eztarriko trabamenduak saihesteko gomendio praktiko batzuk plazaratu dituzte pediatrek: «Eztula eraginkorra den bitartean ez da bizkarrean kolpetxorik eman behar, ezta ahoan hatzik sartu ere, ez behintzat objektua ikusten ez bada», diote. Eskapulen artean kolpeak jotzea da zuzena.

Eztula eraginkorra ez denean eta haurrak arnasteari uzten dionean bakarrik egin behar dira maniobrak, adinaren arabera ezberdinak.
Eztula eraginkorra ez denean eta haurrak arnasteari uzten dionean bakarrik egin behar dira maniobrak, adinaren arabera ezberdinak. (EUROPA PRESS)

Eguberrietako besten testuinguruan, Pediatriako Elkarte Espainiarrak ohar bat plazaratu du, sasoi honetan ohikoak diren hainbat produktu txikienentzat hagitz arriskutsuak direla ohartaraziz. Mahats, turroi, fruitu lehor edota azukre-almendrek arnasbideak oztopatzen ahal dituztela oroitu dute, baita jostailuen pieza desmuntagarriek eta globoek ere.

Gabonetan eztarri trabatzeen arriskua areagotu egiten da, pediatrek azaldu dutenez, produktu horietako aunitz adingabekoen eskura egoten direlako, zenbaitetan oharkabean. «Batzuetan nahi gabe irensten dituzte eta azkar esku hartzen ez bada, handiagoa izanen da heriotza arriskua», agertu dute.

Izan ere, asfixia da haurtzaroko heriotza kausa nagusietako bat, bereziki urte bat eta bost urte bitarteko umeen artean, eta eztarriko trabamendua asaldura gehien eragiten duen egoeretako bat da, Pediatria Elkartearen arabera.

Zuzena: eskapulen arteko kolpeak

Haurra eztulka ari bada, hala jarrai dezan animatzea komeni da, objektua bota arte. Baina ez diogu bizkarrean kolperik eman behar eztula eraginkorra den bitartean.

Eztula eraginkorra ez denean eta haurrak arnasteari uzten dionean bakarrik egin behar dira maniobrak, adinaren arabera ezberdinak. Honakoak dira: eskapulen artean kolpeak eman, haur txikienen kasuan behera begira jarrita eta urte batetik aitzinerako haurrak badira aurrerantz makurtuz. Konpresioak egin behar dira jarraian, torazikoak urte bat baino gutxiago duten umeen kasuan eta abdominalak handiagoak direnean.

Pediatrak lehenbizi oztopoa kentzeko esku hartzea gomendatzen dute, eta haurrak kordea galtzen badu, bihotz-biriken bizkortzea egitea.

Garrantzitsua da edozein eztarri trabamendu gertatzen denean berehalako osasun arreta bilatzea.

Prebentziorik onena, etengabeko gainbegiratzea

Janaria gainbegiratzea eta modu seguruan eskaintzea ere aholkatu dute, haurren inguruan objektu txikirik egon ez dadin.

Dokumentuan, bereziki oparien garaian, jostailuen pieza txikiei eta puxikei arreta jartzeko eskatu dute pediatrek. Beren ustez, prebentzio neurririk onena «etengabeko gainbegiratzea» da, baita haur handienek hiru urtetik beherako txikiei beren jostailuak ez uztea ere.

Mahatsa, zurituta, txikituta eta hazirik gabe

Urte zaharra gainean dugun honetan, honako gomendioa luzatu dute pediatrek: mahatsak haurren eskura ez uztea eta eskaintzekotan luzera moztuta, azala kenduta eta hazirik gabe ematea. Gainera, goxoki gogorrekin kontuz ibiltzeko erran dute. Mahaian aperitibo gisa jarri ohi diren saltxitxa txiki eta fuetak ere zati txikitan eta luzera moztu beharko lirateke, inoiz ez xerratan edo osorik eman.

Urdaiazpikoa eta haragi haritsuak zati txiki-txikietan eta koiperik gabe ematea hobe da, edo zuzenean ekiditea. Fruitu idorrak eskaintzekotan txikituta eskaintzea komeni da, eta turroi gogorrik ez ematea.

Jostailuen tamaina eta forma

Jostailuei dagokienez, kalitate baimenak eta ikuskapenak behar bezala dituztenak aukeratu behar direla diote pediatrek, Europako derrigorrezko zigilua dutenak, horiek bermatzen dutelako segurtasuna.

Hiru urtetik beherako haurrentzako jostailuek ez dute hiru zentrimetroko diametroa baino txikiagoa eta sei zentimetroko luzera baino txikiagoa den piezarik eduki behar, zintzur-trabatzea edo asfixia ekiditeko.

Jostailuaren forma ere hartu behar da kontuan: borobila eta laua bada, kaniken gisakoa, asfixia arriskua maximoa izanen da, arnasbidea erabat trabatzen ahal baitu. Globoak ere arriskutsuak direla erantsi dute pediatrek, puzten saiatzean itsatsita gelditzen ahal batira eta arnasbideen forma hartzen ahal baitute, hauek erabat oztopatuz.