NAIZ
Iruñea

‘Mitoaroa’: Milaka lagun bilduko ditu ZETAK taldeak Iruñean asteburuan zehar

Ostiral eta larunbatean emanaldi bana aurkeztuta, ZETAK taldeak ‘Mitoaroa’ ikuskizuna taularatuko du. Bertaratutakoek sorpresaren bat topatu ahal izango dute edalontzietan, NAIZen eskutik.

Pello Reparaz, ostiral honetako emanaldian.
Pello Reparaz, ostiral honetako emanaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Zerbait berezia mugitu du Pello Reparazen ZETAK taldeak azken bost urte hauetan. Ibilbide hori ospatzeko, 30.000 lagun inguru bilduko ditu ostiral eta larunbat artean Iruñeko Nafarroa Arenan, ‘Mitoaroa’ ikuskizuna plazaratzeko.

«Zetakek orain arte mitologiarekin izan duen harreman horrek leku berezia  izango du emanaldi berezi honetan; indentitatea, euskara eta mitologiarekin topo egin dugu eta hori ospatzera goaz», adierazi zuen NAIZ Irratian egindako elkarrizketan.

Reparazen arabera, musika taldeak inoiz izan duen mugarri handiena izango da ‘Mitoaroa’. «Pozez, ilusioz eta bertigo apur batekin goaz Nafarroa Arenara, baina badakigu inoiz izan dugun festa ederrenetakoa izango dugula bertan», adierazi zuen arbizuarrak aurkezpenean.

Larunbateko sarrerak lortzea ez zen erraza izan. Airean saldu ziren. Eta horren atzetik bigarren zita bat aurkeztu zuten, ostiralekoa. Honakoan ere ez zen eserleku hutsik geratu eta Navarra Arenaren inguruan zeuden ilarak izan dira horren lekuko.

Ordutegiak

Ostirala
17:00 Ate irekiera
17:45 Pre show
19:00 Mitoaroa

Larunbata
20:00 Ate irekiera
20:45 Pre Show
22:00 Mitoaroa

 

NAIZ ere ikuskizunean izanen da. Izan ere, bertaratzen direnek sorpresa bat topatu ahal izango dute edalontzietan. QR kodea eskaneatuz hainbat opari izanen dira eskuragarri.

«Eroso nago zalantza konstante horretan»

Iragan otsailean 7K-n elkarrizketatu zuen Iker Gurrutxagak Reparaz. Musika-industriaren bueltan, ZETAK nola dagoen, industria bera nola ezagutu duen eta haren barruan Pello Reparazek nolako bilakaera izan duen kontatzen du arbizuarrak.

Asteburu honetan, gainera, goia jo duen ZETAKen azken kanta lehen aldiz gozatu ahal izango da zuzenean. Duela hilabete baino gutxiago aurkeztu zuen ‘Hileta kantu nafarra’, berriki zendutako aitonari eskainia.