Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Euskadi Brass, hamar urte musika klasikoari haize berriak ematen

Euskadi Brassek Euskal Herriko metalezko haize tresnen instrumentista onenak biltzen dituela esateak ez dirudi gehiegikeria bat, bertoko orkestren goi mailako profesionalak biltzen baititu. Hamarkada bat daramate metalen doinuak zabaltzen, musika klasikoa herritarra izan daitekeela erakutsi nahian.

Hamaika musiko profesionalek –Euskal herriko orkestretako partaideak eta goi mailako irakasleak bates ere– osatzen dute Euskadi Brass.
Hamaika musiko profesionalek –Euskal herriko orkestretako partaideak eta goi mailako irakasleak bates ere– osatzen dute Euskadi Brass. (EUSKADI BRASS)

Alberto Urretxo Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) tronboi solista da 1998. urtetik, eta hamar urte darama, paraleloan, beste ‘bidaia artistiko’ batzuetan sartuta, Euskadi Brass taldean eta Soinuaren Bidaia izeneko proiektuan, alegia. Euskal Herriko haize tresnen erreferentziazko talde honetako zuzendari artistikoa da Urretxo. Sasoi honetako ajeengatik –gripeak, askotariko birusak edo egun hauetako zoramena...– solasaldia streamingen bidez egin izan behar izan dugu, baina egunak daramatzagu whatsapp eta telefonoaren bidez mezuak elkar trukatzen. Gabonak zoriontzeko, emaztea eta alaba bikiekin, osatutako instrumentu desberdinen laukotearen gabon kanta helarazi zigun Sopelatik... etxe horretan musika sutsuki bizi duten seinale.

Alberto Ureetxo, entsaio batean. (EUSKADI BRASS)

 

Energiaz beteriko gizona dela sumatzen zaio arrasatear honi eta, gauzak «diren moduan esateko ohitura» duela ohartarazi digun arren, musika klasikoaren egoeragatik galdetu diogunean harritu gaitu, kezkati azaldu baita: «Nik ez dut oso garbi ikusten musika klasikoaren etorkizuna gurean –aitortu du–. Frantzian, Alemanian edo AEBetan bai, han musika klasikoa beharrezko ondasuntzat jotzen delako, baina gurean ez. Eta hori da gure errealitatea. Musika ez, baina kirola beharrezko ondasun bezala jotzen da, horrek eragiten duenarekin. Kirolaren inguruan guraso asko mugitzen da; musikaren inguruan ez, ordea».

Musika klasikoa krisian dagoela dio? Nola daiteke, gutxienez hiru orkestra ditugunean eta goi mailako ikasketak ematen dituzten ospe handiko zentroak? Ados, kontzertuetara doazen zaletuen batez besteko adina nahiko altua da, eta zaharkituta gelditu daiteke, baina ez al dago belaunaldi berrietan bizigarririk?

Tafallan eman berri duten emanaldia, ikasleekin batera. (EUSKADI BRASS)

 

Bizigarri hori haizatzeko asmoz sortu zen, hain zuzen, Euskadi Brass taldea. Iaz hamar urte bete zituzten. «Euskadiko Orkestrako bakarlaria den Oscar Abella eta biok elkartu ginen eta, ondo konpontzen ginela ohartuta, esan genuen: zergatik ez dugu zerbait egiten? Lehenengo topaketa 1994an egin genuen Sopelan; lantegi bat egin genuen umeekin eta, ondoren, kontzertu bat. Baina gure lehen kontzertu ofiziala Lekeition egin genuen. Oinarria Arrasaten dagoela esan daiteke. Ni arrasatearra naiz, eta Arrasateko Musika Eskolan hasi nituen ikasketak oso umetan. Giza proiektu bat zegoen horren atzean, orkestra bat zegoelako belaunaldi desberdinetako pertsonez osatua, eta niri horrek eman dit ikusteko eta pentsatzeko modu propio bat», adierazi digu Alberto Urretxok.

«Guk ez dugu bilatzen soilik musika sustatzea musikari gazteengan, Euskal Herriko metalezko haize-tresnen inguruko sare eta komunitate bat sortu nahi dugu»

Argitu dezagun nori buruz mintzatzen ari garen: Oscar Abella OSEko tuba bakarlaria da 2007. urtetik eta, bere web orrialdearen arabera, irakaslea da Donibane Lohizuneko Cuivres en Pays Basque akademian eta Mallorcako kontserbatorioan, gonbidatu legez. Alberto Urretxok, Bilboko Orkestra Sinfonikoko (BOS) tronboi solista izateaz aparte, ibilbide luzea du. Esate baterako, ESOn jo du eta Musikenen irakaslea izan da, besteak beste.

«Musika profesionalaren munduan jende oso ona zegoela oharturik, esan genuen: ‘Talde on bat osatuko dugu’ –dio Alberto Urretxok–. Hamar urteren buruan Euskadi Brassetik 80tik gora musikari igaro dira. Euskadi Brass ez da metal musika talde bat soilik. Guk giro oso ona dugu gure artean, eta honek balio badu gure gaztetxoei inspirazioa sortzeko, zoragarri, azken finean musika maitatzea baita kontua».

Philip Jons Brass Ensemble talde britainiar ezagunaren eredua hartuta, formatu modernoko metal talde bat osatu zuten, haize tresnen errepertorioan tradizioa, berrikuntza eta gure musika propioa uztartzeko asmoz. Musikariek beraiek gozatu ahal izateaz aparte –hori ere garrantzitsua baita–, xede bateratu bat zegoen: musika klasikoaren grina gure gizartean hedatzen lagundu ahal izatea.

«Guk ez dugu bilatzen soilik musika sustatzea musikari gazteengan, Euskal Herriko metalezko haize tresnen inguruko sare eta komunitate bat sortu nahi dugu, talentua bultzatuz eta maila guztietan musika hezkuntza sustatuz», irakur daiteke iaz kal

Tafallako ikasleekin, beste irudi batean. (EUSKADI BRASS)

Euskadi Brassen hamarkada hau ospatzeko, ‘10 urte’ cd-a kaleratu zuten joan den urtearen bukaeran. Bertan taldearen ibilbidean mugarri izan diren lanen hautaketa jasotzen da, konpositore handien pieza ikonikoetatik enkargu originaletara doana, taldearen ibilbidea islatuz. Cd-a Alberto Urretxo beraren Soinuaren Bidaia proiektu diskografikoaren laugarren ekoizpena da eta Verkamiren bidez eginiko crowdfunding kanpaina bati esker gauzatu ahal izan da.

Crowdfunding kanpaina hauez bakarrik ahalbidetzen du cd-a; taldearen hezkuntza eta gizarte jarduerak finantzatzeko aukera ere ematen du, Euskadi Brassek komunitatea sortzen eta musikari gazteei aukerak ematen jarrai dezan lortuz. Horrez gain, Eusko Jaurlaritza eta bertako enpresa eta kultura elkarteen babesa jaso du.

Parte hartu zutenen artean Didier Bousquet Baionako tronpeta jolea zegoen. ESOko musiko hau abenduaren 23an zendu zen istripu batean. Hau utzi duen azken grabazioa da

Bela Bartok, David Uber eta taldearentzat bereziki moldatutako edo sortutako piezak biltzen ditu lan honek, eta Mecca Recording Studion grabatu zen. Egun 11 partaide diren arren –denak musikari profesionalak–, atera berri duten lan honetan 18 musikarik parte hartu dute.

Ez zen lan erraza izan, «musikari guztien agenda, kontzertuak eta pieza bakoitzerako behar ziren plantilla desberdinak koordinatzea erronka handia izan baitzen», aitortu du Urretxok. Eta parte hartu zutenen artean Didier Bousquet tronpeta jotzaile baionarra zegoen. ESOko musikari hau abenduaren 23an hil zen istripu batean. Hunkituta agertu da Urretxo: «Une oso gogorra izan zen guretzat. Hala ere, begira zein garrantzitsua den gauzak eginda uztea, hauxe baita Didierrek egindako azken grabazioa».
 
Hastapenetik proiektu sozial eta hezitzaileetan lan egin du talde honek, hezkuntza zentroetan, kontserbatorioetan eta orkestretan lantegi eta jarduera didaktikoak garatuz.

Esaterako, abenduan bertan Tafallan urtero burutzen den Tubala Brass Week jaialdian parte hartu zuten. XII. edizioa ospatu berri du Nafarroako metal-musikako hitzordu honek eta han aurkeztu zuten Euskadi Brassekoek cd-a eta han eman zuten lantegi bat ere: 10 urtetik gorako tronpeta, tronboia, tronpa, bonbardinoa eta tuba ikasleei zuzendutako lantegia izan zen; eta, bukatzeko, kontzertua eskaini zuten.

Hurrengo hitzordua martxorako finkatuta dago, Bartzelonako Fundació Conservatori Liceu-n.

«Bilbon, Tafallan eta Arrasaten gure cd-a aurkeztu dugunean, bukatu izan dugu ehun bat gaztetxorekin jotzen. Amaieran hitzaldi bat ematen diet gurasoei, musikari bat etxean edukitzeak zer dakarren aipatzeko, nik bizi izan ditudalako alderdi biak, ikasle eta gurasoa izatearena», argitu digu Urretxok.

«Musika ikasteak zer abantaila dakartzan jabetzea oso garrantzitsua baita –jarraitu du–, zeren musika ikasten duten haurrek beste hizkuntza bat ikasten dute eta elkarrekin lan egiten ikasten dute, guk ordu asko ematen dugulako bakarrik ikasten besteekin jotzeko. Horrek diziplina ematen dizu, eta soinuen bitartez espresatzeko gaitasuna».

Herrietako musika bandak, abesbatzak eta musika taldeak, hau da, musika amateurra sustatzearen aldeko apustu irmoa beharko genukeela aldarrikatzen du musikari honek.

«Hainbat estilotako musikarekin (‘ez klasikoak’, nolabait deitzearren) antolatzen diren ekitaldi handiek izugarrizko ikusgarritasuna dute gure gizartean, eta milaka pertsona mugiarazten dituzte. Beharrezkoak dira eta asko zaintzen dira, baina gizarte bat pertsonez osatzen da, egunez egun musika, sorkuntza eta kalitate handiko irakaskuntza eskaintzen ari garen profesionalez, baina programatzaile eta kudeatzaileen aldetik zaintza hori bera ez dugu sumatzen. Sentimendu hori oso orokortuta dago, zoritxarrez», irakurri diogu bere web orrialdean.

Bertan (www.albertourretxo.com) eta Soinuaren Bidaiaren web orrialdeetan (www.soinuarenbidaia.com) eskuratu daiteke cd-a.