Zetak taldeak Nafarroa Arenan oholtzaratutako ‘Mitoaroa’ ikuskizuna zeresan handia ematen ari da azken egunotan. Pello Reparazen proposamen berriak espektatiba guztiak gainditu eta kritika onak jaso ditu, eta Iruñean sortutako zoramena Donostiara eramango duela iragarri zuen iragan den igandean.
Astearte honetan, goizeko zortzietan irten dira sarrerak salmenatara eta, antolakuntzatik iragarri dutenez, sarrerak «ia agortu» egin dira salmentara atera eta hiru orduren buruan. «Ezin sinetsita gaude jaso dugun erantzunarekin», nabarmendu dute, eta gauzak hala ‘Mitoaroa’-k Donostian hiru data izango dituela iragarri dute: irailaren 5ean eta 7an izango dira, 22.00etan eta 21.00ean Illunben, hurrenez hurren.
Internet bidez sarrerak erosten saiatzen ari den jende kopuru handia medio, zenbait arazo tekniko egon direla eta ulermena eta pazientzia ere eskatu dute: «Badakigu asko eta asko arazoak izaten ari zaretela web-orriarekin, eta benetan sentitzen ditugu eragozpenak. Lanean ari gara erosketa ahal den errazena izan dadin. Mila-mila esker pazientziagatik», eskertu dute.
Eta ohartarazpen bat ere egin dute aurresalmentan kateatuta geratu diren pertsonentzat: «Aurresalmentarako zai zaudetenok orri horretan bertan geratu, zuzenean iritsiko zarete data berriaren sarrerak erosteko lekura».
Prentsa ohar bidez, 5erako eta 6rako sarrerak agortuta badaude ere 7rako, igandea, eskuragarri daudela adierazi dute, eta Illunbekoa Nafarroa Arenan ikusi zenetik ezberdina izango dela ere aurreratu dute: «Donostiako kontzertu hau ez da ‘Mitoaroa’-n ikusi dugun gauza bera izango, baina honako
honetan ere Zetak ez da bakarrik egongo oholtza gainean. Oraingoan Euskal Herri osoko inauteriak
biltzeko asmoa dute: Lapurdiko kutilun, Abanto Zierbenako hartza, Zuberoako zamaltzain, Altsasuko
maskaritak, Lantzeko Mielotxin eta Ziripot, Lizarrako palokia eta beste hainbatekin batera burutuko dute
kontzertu magiko hau».
Pello Reparazek eskertuta hitz egin du bere sareetan, zain egon diren zaleei barkamena eskatuz izan
dituzten ilerengatik. Illunbeko kontzertuari ere egin dio aipamena: «Orain arte Zetaken ikusi ahal izan dugu amaiera bat beste zerbaiten hasiera dela, eta Illunben gertatuko dena giltzarri moduko bat izan daitekeela uste dut», esan du Reparazek.