NAIZ

Zuzeneko emanaldien salmenta %25 igo zen 2024an, Musika Bulegoaren arabera

Euskal musikako eragile ezberdinek sektorearen osasunari eta etorkizunari buruzko hausnarketa egiten dute Musika Bulegoa Elkartearentzat. «Musika jarduera ugariak sektorearen erresilientzia eta berrasmatze gaitasuna islatzen du», erakundearen arabera. 2025erako erronkak ere bildu dituzte.

Publikoa, Ura Bere Bidean kontzertuan.
Publikoa, Ura Bere Bidean kontzertuan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskal Herriko musikaren sektoreak 2024a «zifra errekorrekin» agurtu du, Euskal Herriko Musika Bulegoaren arabera. Urtearen balantzea egiteko, sektoreko hainbat profesionalen iritziak bildu ditu erakundeak eta, datuen artean, zuzenekoetarako sarreren salmentak %25 igo direla nabarmentzen da.

Amaia Ispizua Musika Industriaren Elkarteko lehendakari eta Get In-en promotorearen arabera, 2024 «musika sektorearentzat urterik onenetakoa» izan da. Azaldu du sarreren salmentak %25 igo zirela aurreko urtearen aldean, eta streaming bidezko musikaren kontsumoak goranzko joerari eutsi ziola. Gaineratu duenez, ikusleek gero eta interes handiagoa erakutsi zuten zuzeneko ikuskizunekiko, askotariko ehun artistikoa sendotuz, emakume sortzaile eta artista berrien protagonismo nabarmenarekin.

Bere aldetik, Gotzon Uribe Kultura Liveko presidenteak musika sorkuntzaren «urte oparoa» ere nabarmendu du, talde askoren agerpenarekin eta kontzertu aretoetan gero eta publiko handiagoa erakartzen duen tokiko eszenarekin.

Diskografiaren alorretik, Andres Camio ‘Jitu’ Elkar argitaletxeko musika arloko arduradunak sektorearen dinamismoa azpimarratu du eta «musika kulturaren motor nagusi gisa berresten» dela eta «sorkuntza ez dela krisian dagoena» esan du. Halaber, Elkarren estudio berria eta Fermin Muguruzaren ‘40 urteko bira’ aipatu ditu, eta biniloaren garrantzia azpimarratu du, ingurune digital azeleratu batean jarraitzaileak izaten jarraitzen duen formatu gisa.

Lorpen sektorialak

Sara Azurza musikariaren eta Musikariko lehendakariaren arabera, Artistaren Estatutuaren pean PFEZren erreforma onartzea mugarri garrantzitsua izan da. Neurri horrek aukera ematen du artisten laneko aldizkakotasuna eta diru-sarrera irregularrak kontuan hartzeko, sektorearen fiskalitatean mugarri bat ezarriz.

Bestalde, Helga Ariasek, Musikagileak elkarteko presidenteak, euskal musika garaikidearekiko interes gero eta handiagoa ospatzen du, bai nazio mailan, bai nazioartean. Zikloak eta jaialdiak sendotu izana nabarmendu du, baina iraunkortasuna bermatzeko erakundeen babes sendoagoen beharra azpimarratu du.

2025eko erronkak

Musika Bulegoaren arabera, urtea «arrakastatsua» izan den arren, sektoreko profesionalek aurre egin beharreko erronkak «handiak» direla uste dute. Bildu dituen etxekolanen artean leudeke kontzertu aretoei laguntzea, «bideragarritasun ekonomikoko arazoei aurre egin behar baitiete, kostu operatiboak handitu egin direlako eta jaialdi handiak direla eta».

Lan baldintzak eta profesionalizazioa ere «lehentasunezkoak» dira profesionalen ustetan: «Artistaren Estatutuaren ezarpenean aurrera egitea eta teknikarientzat hitzarmen arautzaile bat sinatzea funtsezkoa da sektorea duintzeko», nabarmendu dute, eta Alvaro Sanz ABS Iluminacioneko zuzendariaren hitzak ere jaso dituzte: teknikarien lan harremanak arautuko dituen hitzarmena «berandu baino lehen errealitate bat izatea» espero du Sanzek.

Era berean, ez dute begibistatik galtzen mehatxu eta aukera berriak planteatzen dituen adimen artifiziala, hala nola streamingean eta musika sorkuntzan duen eragina.

Galdekatuek aipatu duten beste erronka garrantzitsu bat genero berdintasuna sustatzea da, gehienbat gizonak buru dituen sektore batean, eta, aldi berean, euskara babestea mundu globalizatu batean. Musika konposizioak dokumentatzea eta artxibatzea ere funtsezkoa dela zehaztu dute, Euskal Herriaren historia musikal aberatsa babestuko duen ondarea sortuz. Azkenik, finantzaketa publikoa eta pribatua indartu beharra ere ikusten dute, «ekosistema iraunkorra bermatzeko eta artista berriei zein finkatuei laguntzeko», Musika Bulegotik zehaztu dutenez.

Agus Barandiaranek, Korrontziren sortzaileak, artista berrientzako laguntza eta kultur finantziazioa indartzeko deia egin du, musika negozio jasangarria bermatzeko. Bien bitartean, Gotzon Uribek tokiko sortzaileak ikusarazi eta haien garapena sustatu nahi du.

Amaitzeko, Musika Bulegoaren ustetan euskal musikaren sektoreak baikortasunez egiten dio aurre 2025ari, eta Amaia Ispizuaren hitzak egiten ditu bere: «Erronka handiak musika merezi duen funtsezko tokian kokatuko duen elkarte-sare sendo batekin bakarrik gainditu ahal izango dira».