Bergarako Laboratorium Museoak hamarkada bat bete du 2015ean ateak zabaldu zituenetik eta urtemuga berezi hau ospatzeko egitarau zabala prestatu du urte osorako.
‘10 urte zientziari ateak zabaltzen’ lelopean ospatuko da urteurrena. Asteazken honetan egin duten aurkezpenean nabarmendu dutenez, hori baita, funtsean, Laboratorium Museoak, hastapenetatik, egin duena: «gizarteari eta bisitariei zientziaren unibertsoko ateak parez pare zabaldu, zientzia gizartera gerturatu eta gizartea zientzian murgildu». Horretan jarraituko du aurrerantzean ere.
Urteurrenaren ospakizuna irudi berrituarekin dator, «hamar urte ez baitira egunero betetzen». «Zientzia eta gizarteratzea sustraietan» kontzeptualizaziotik eratortzen da irudi berria. «Laboratorium Museoaren azal berriak museoa zer den ondo jasotzen du. Euskal Herriko zientziaren dibulgaziorako topagune nagusia da», adierazi dute.
Urtarrilean bertan hasiko den egitarauaren barruan bisita gidatuak, erakusketa bereziak, tailerrak, mahai-inguruak, aurkezpenak, hezkuntza eskaintza berria, udako eskaintza, musika, dantza eta hitzaldiak izango dira, abendura arte.
Urtarrilean eta otsailean egingo dira lehen ekitaldiak: taula periodikoaren erakusketa, erakusketa iraunkorra eta Black Box-a, zelula transgenikoak sortzeko tailerra, adimen artifizialari buruzko mahai-ingurua eta emakume zientzialarien jardunaldiak.
Martxoan erakusketa berria inauguratuko da, balearen modulua. Horrela, hilabetero ekintza bereziek hartuko dute lekua Laboratorium Museoan.
Gaurtik hasita, gainera, Laboratorium Sekretua atari digitala ere ipini da abian, museoan topa daitezkeen fisika eta kimika instrumentuei buruzko plataforma digitala.
Aurkezpenean azaldu dutenez, Laboratorium Euskal Herriko zientziaren «sehasketako bat da, ondarea bildu, zaindu, ikertu eta ezagutzera ematen duena, zientzia bildumen, kimikaren, fisikaren zein zoologiaren bitartez». Museoak Historic Site izendapena jaso du European Physical Society-ren eskutik.