Kartel berezia zuen aurtengo Zama Doinuz Arindu elkartasun jaialdiak eta nabari zen hori Etxarri Aranatzen arratsaldeko lehen ordutik. Bide honetan 70etik gora artista izan dira parte hartu dutenak eta haietako asko gerturatu dira Sakanara bi orduko emanaldia eskaintzeko. San Donato eskola ondoko futbol zelaiko aparkalekua 16:00etarako hasi da betetzen eta herriko tabernetan kafe bat hartzeko justuko beta izan dute herrira hurbildu direnek. Jendea 17:00etarako ilaran eta eskolara sartzeko gogotsu. 17:30ean sartu dira lehenak eta segituan hasi da Zigor DZ bere platerak dantzan jarriz bertaratuen belarrietara musika goxoa iristeko.
18:00ak jo orduko hasi da ekitaldi nagusia, ‘Azken doinuak etxerantz’, sarrera guztiak salduta zirela. «Ekitaldiaz gozatu, negar malkoak isuri edota egin irribarre. Mila esker hamar urte hauetan etorri zaretenoi eta zama arindu duzuenoi, ea betirako den», esan du sarrerako ahots batek. Jon Barbarin dantzari arakildarraren emanaldi batekin hasi da ikuskizuna.
1975etik ia ez da hilabeterik egon Etxarri Aranazko biztanleren bat kartzelan egon ez denik eta 50 urte hauetan 32 izan dira kartzela zapaldu duten herritarrak. Horren inguruko ikus-entzuneko bideoek jantzi dituzte artisten emanaldien tarteetan zeuden espazio laburrak, Itziar Ituñoren ahotsean.
Doinuak zama arintzeko
Oholtzara igotzen lehena Eñaut Elorrieta gernikarra izan da eta ‘Mendigoxaliarena’ abestiarekin hasi da musikaren tartea. Lauaxetak idatzi zuen poesiak dio «Dana emon bihar yako maite den askatasunari» eta bikain ekarria izan da Elorrietaren partetik, horren nahia borrokatu dutenek jasaten baitute kartzelaren eta politika krudelen zama.
Oholtza bitan zatituta zen aldaketak azkar egiteko. Ken Zazpiren osteko pop belaunaldia ordezkatzen duen Bulego taldea segidan, akustikoan agertu da laukotea, ‘Hegan’’ eta ‘Bueltan da’ eskaintzeko. Auzolanari gorazarre egin eta «ez dadila azken Zama Doinuz Arindu lan horren amaiera eta elkartasunaren amaiera izan» aldarrikatu du Tomas Lizarazuk.
«Plazer bat da kanpoan daudenei eta barruan daudenei abestea. Gure borroka izan da urte luzean eta azken presoa etxera etorri arte ez da bukatuko. Gora Euskal Herria Askatuta!», esan du Gatibu taldeko Alex Sarduik, Haimar Arejita eta Gaizka Salazarrekin beren bi kantuak jo aurretik.
Porrotxen hunkidura
Porrotx Edor akordeoilari lakuntzarrarekin sartu da alfonbra gorria zeharkatuz, pago zuhaixka bat eskuan zuela, ‘Behin betiko’ katuaren moldaketa berezi bat abestuz: «Horma zaharrak eraitsiz, bide berriak eraikiz, guk libre nahi dugu bizi» edota «Martxan jar bedi lege berria, aske eta Euskal Herria». Hiru ideia partekatu ditu. Preso, iheslari eta deportatuak izan ditu gogoan eta azken bisita «ea laster datorren» esan du. Horren segidan ‘Agur bat lagun maite’ kantuarekin publiko tuztia dantzan jarri du Porrotxek. Une dibertigarri eta goxoa, «azken bisitan ere abestuko duguna».
Atzetik, ‘Epoitaitaiye’ abestu eta dantzatu dute elkar hartuta bertaratuek, «tristurak partekatzen ditugun arren, herri alaia garelako», esan du Porrotxek kantuan hasi aurretik. Pagoa antolakuntzan aritu direnei opari ekarri die Porrotxek: «Herriko txoko batean landatu eta bidean galdu ditugun hildako senide guztiak gogoan izan ditzagun. Eta bete ditzagun gure ametsak Euskal Herri libre batean mundu libre batean». Pagoa Xochitl Karasatorreri eman dio, «zu ere motxiladun umea izan zinelako eta oraindik ere aita espetxean duzulako».
Azken doinuekin etxera
Lehen orduaren ostetik musika izan da nagusi. Bi boskote, Nøgen eta Brigade Loco lehenak. Azken hauek ‘Agur’ atera berri duten kantua eskain dute eta Lander Aznalek horrela esan du: «Dispertsioari agur esaten gabiltzan honetan, Etxarrik zapore gazi-gozoarekin esango dio agur Zama Doinuz Arinduri». ‘Gaztelu beltza’ ere jo dute eta horren atarian berriz ere aldarrikapenerako baliatu du Aznalek: «Dena eman dutenei dena zor diegulako, gora Euskal Herria Askatuta!». Emanaldiaren baitan, Joanes Larretxeak Martutenetik helarazitako eskutitza irakurri dute Brigade Locokoek.
Gorka Urbizuren txanda etorri da gero eta ‘Etxe bat’ eskaini ostean «etxera, denok etxera» aldarrikatu du. «Hedabideak, fokuak eta botoak eskuratzen ari diren mediokre horiei aurre egin beharko zaie» esan eta ‘Maravillas’ etorri da gero. Juantxo Arakamaren mezuz jositako barrak Little Martin Selektahren beatek jantzita etorri dira gero. Tartean bertso bat ere bota du, ‘Gure jokua’ bere azken kantuari erreferentzia eginez. «‘Bigarrenez reggaetoia ezetz jarri Zama Doinuz Arindun’ esan dit hona gentozela Zaloak eta hau Porrotxekin bezala da, jendeak dantza egin behar du, beraz jarri zutik eta hasi dantzan» esan eta publikoa dantzan jarri du Arakamak.
«Hay casas que todavía están vacías» esan eta ‘No hay tregua’ joz agertu da El Drogas bere txandan. Bigarren kantua, ‘Al salir la luz’, Nøgenekoekin batera eskaini du. Zea Mays taldeko Piti eta Aiorak ‘Elektrizitatea’ intimoa eskaini dute rockero nafarraren atzetik. «Espero dut negu luze hau bukatzea behingoz. Badakizue, neguak ere bukatu egiten dira» esan eta ‘Negua joan da ta’ etorri da segidan. Pastelari ginga jartzeko, Pello Reparazekin Maixux Zugarramurdi eta haren alabek ‘Hileta kantu nafarra’ eskaini dute lehendabizi eta Erramun Martikorena igo da oholtzara arbizuarrarekin gero. ‘Xori erresinula’ abestu du baigorriarrak, bertaratuak hunkituz, Reparazek makuluekin alfonbra zeharkatu bitartean. Atzetik elkarrekin abestu dute ‘Itzulera’. Azken sorpresak azken edizioari bukaera emateko. Publikoak zutik txalotu ditu hori abestu ostean Erramun Martikorenak hitza hartu duen arte: «‘Xalbadorren heriotzean’ abestuko dut eta aurreko astean zendu zen Mixel Aire ‘Xalbador’-i eskaini nahi diot hau». Esan eta egin.
Juanpa Agirre eta Maider Ansa agertu dira ekitaldia bukatzeko. Ansak hitza hartu eta jaialdiaren funtsa eta atzetik dagoen lan guztia azaldu die bertaratuei. «Lantaldearen mimo, maitasun eta ilusioa zuek bueltan eskaini diezuenaren tamainakoa izan da», bukatu du Ansak. Senideek emandako hainbat elementu oholtzara igo eta azken hitzak: «Zama, motxila, poltsak atzean uztea falta zaigu. Euskal Herrian denok elkarrekin biziko bagara, denok behar dugulako askatasuna». Eguneko artista denak oholtzara igo eta aurtengorako sortutako abestia kantatuz bukatu da ekitaldia, «Azken doinuak etxerantz».
Hamar urtez arindu dute zama doinuz Etxarri Aranatzen; orain, benetako itzulera falta da.

«Todo ha cambiado mucho, pero el capitalismo sigue siendo implacable»

Hatortxuk erronka jarri dio euskal gizarteari: 7.049 boluntario biltzea agur festarako

Absuelto el exguitarrista de Lendakaris Muertos que fue acusado de agresión sexual

NAIZek esklusiban aurreratu zuen Hatortxu Rocken ‘Bi t'erdi’ bideoklipa sarean da jada
