«Sumatzen hasia da egungo gazteok munduko musika eskura dugula hazi garela»
Iñaki Palacios txistulariaren laugarren diskoa da ‘Argizaiola’. Heriotzaren eta iraganaren gurtzaren inguruko erritualetan oinarritu eta egurra eta argizaria inspirazio iturri hartuta, musika tresna primitiboak eta soinu elektronikoak modu naturalean uztartu ditu.
‘Argizaiola’ izendatu duzu diskoa. Zergatik?
Diskoaren abiapuntua nire bi taldekideren aiten heriotza izan zen, aste berean. Ni impasss batean nengoen, standby totalean, eta hileta horien ondotik gitarra hartu eta kantu bat egin nuen, ‘Bi izar’. Eta, lehen aldiz, kantu bati letra jarri nion; orain arte ez naiz ausartu, niretzat letra bat egitea oso berezia baita, betirako geratzen da hor. Abestia egin nuen eta, hilabete batzuren buruan, Eusko Legebiltzarretik dei bat jaso nuen, beraientzat abesti bat egiteko.
Seinale bat izan zen, impass horretatik ateratzeko?
Hala hartu nuen nik. Beste abesti bat egin nuen eta argizaiola batekin egin nuen topo. Eta jada diskoa egina genuela, ‘Argizaiola’ izena jartzera nindoala, nire ama zendu zen. Dena izan da pixka bat mistikoa edo. Orain, atzera begiratzen dugunean, taldekide guztion argi dugu ‘Argizaiola’ izan behar zuela.
Eta bederatzi pieza egin dituzu azkenean.
Diskoa ekainean amaitu genuen eta prentsa-oharra, bideoklipak, kontzertuak... abendura arte dena lotuta genuen, baina nire ama abuztuan zendu zen eta abesti bat eskaini nion. Diskoa fabrikan genuen, baina dena geratu eta azkenean bederatzi abestiak sartu genituen.
Aurreko diskoak bazuen irlandar folk markatu bat. Kantu hauetan ere suma ditzakegu zertzelada batzuk, baina ez hain markatuak. Beste soinu baten bila joan zara?
2017an hasi nintzen txistuarekin zerbait ezberdina egin nahian eta, adibidez, ‘Dardara’ kantuan elektronika sartu dut; horrelako musika Eskozian, Irlandan edo Ipar Irlandan entzuten da.
«Legebiltzarrean zure kontrakoa pentsatzen duenarekin norabait iritsi behar da. Banakoan, gauza bera gertatzen da: kontrako bi erritmok musika egiten dute»
Duela 50 urteko konpositoreek kalejirak edo fandango tradizionalak egitea logikoa zen, musika kalean dantzatzeko zelako, garaiko tendentziak haiek zirelako, baina egungo gazteok hazi gara munduko musika guztia eskura dugula eta hori sumatzen hasi da Europa iparraldean, new trade deitzen den joera hortik doa. Txistuarekin frogak egin ditut, zerk funtzionatzen duen, zer gustatzen zaion jendeari... beti zerbait berria landuz.
Emaitza oso naturala geratzen da. Erraza izan da puzzle hori koadratzea?
Nik beti esaten diet nire musikariei: ‘Erraza izan denaren itxura izan behar du’. Landu, ensaiatu, ikusi txistuari ze tonalitate doakion hobeto, ze efektu, zuzenekoetako muntaia guztia... Denak dirudi zerbait trinkoa eta erraz egina, baina halako musika aurrez ez badago egina zerbaitegatik da: asko landu behar da dena, diru askoko proiektuak dira baina, egiten egiten, egiten da bidea.
‘Izaro’ kantuak, aldiz, atzera narama, musika tradizionalaren sustraietara.
Bai. Niretzat ‘Izaro’ abestiak daukan erritmoa, banakoa, Euskal Herriko politenetakoa da. Kalejirak, fandangoak, arin-arinak... mila daude, baina banakoa oso berezia da eta ez daude hainbeste. Ikastolan 2/4ko konpasa egiten genuen eskuarekin, eta honek egiten duena da bi erritmo oso ezberdin batu, tartekatuz: 3/4koa eta 6/8koa. Indarra eta nortasuna duten abestiak ematen ditu. Niretzat, banakoa da Euskal Herriko erritmoa.
Eta ‘Izaro’ izena jarri nion Eusko Legebiltzarrean dauden Nestor Basterretxearen bi eskulturaren omenez. Azkenean, abesti hau Eusko Legebiltzarreko abestia bihurtu da.
Erritmoaren hautaketa ere, beraz, ez da ausazkoa. Badu bere sinbologia edo arrazoia.
Bai, Legebiltzarra hori delako niretzat: batek pentsatzen duena guztiz kontrakoa pentsatzen duenarekin kontrastatu eta norabait iristea, legeak aurrera eramatea. Eta kantuan gauza bera da: kontrako bi erritmok musika egiten dute.
![(Ibai SALAZAR)](https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/001/200/778/original/NAIZpalacios2.jpg?1737970687)
Udazkenari ere eskaini diozu kantu bat. Piano hots malenkoniatsuekin hasi eta Mikel Urdangarin batzen zaio ‘Udazkena’ kantuari. Kantu ederra geratu zaizu.
Hori da egitea gehien kosta zaigun abestia. Konposatu nuenean konturatu nintzen zerbait berezia zuela eta, egunak aurrera joan ahala, gauza berriak bururatu eta gehitzen joan nintzen. Mikeli gonbidapena luzatu nion beretzat abesti aproposa delako, bere gozotasun horrekin, abestiaren beraren esanahia... Mikelek izan behar zuen abeslaria! Uste dut diskoko abesti politenetakoa dela.
Orain arte egin duzunetik desberdinena ere bada.
Aldendu naiz, bai. Baina beti egin nahi izan dut halako zerbait, musika eta letra beste batentzat egitea ere polita da.
Berak nola hartu zuen proposamena?
Gonbidapena luzatu eta gutxira esan zidan: ‘Iñaki, ibili naiz etxean froga egiten familiarekin eta, eta esan didate baietz’ (barreak), eta bera ere abestiarekin oso gustura sentitzen zela esan zidan. Letra Karmele Jaiok egina da. Zer esan Karmelez... esan nion udazkeneko letra bat nahi nuena, niretzat urtaro politena baita kolore aldetik-eta, eta ‘aurrera’ esan zidan.
Lehen aipatu duzu fandango asko daudela. Zuk ere sartu duzu bat diskoan, ‘Atariko fandangoa’.
Niretza, euskal musikaz aparte, gure inguru hurbilean dugun musika indartsuenetakoa flamenkoa da. Fandango honetan flamenkoko ‘palo’ [kantu estilo] bat sartu dut: bi erritmo eta kultura nahastu ditugu, bi herrialdeen arteko lotura da eta indarra du. Guk zuzenekoetara beti dantzariak eramaten ditugu eta, honekin, ‘tablao’ bat simulatzen dugu, kaxoia, gitarra... indar asko duen abestia da.
Zuzenekoak aipatu dituzu. Konposatzerakoan zuzenekoari begira aritzen zara?
Bai. Niretzat dantzak bai edo bai egon behar du gure ikuskizunetan. Txistua eta dantza lotuta egon behar dira beti.
Egun haur txikiak txistura hurbiltzea oso zaila da, baina nik uste dantzatik bideratzen badugu txistuak etorkizun luzeagoa eduki dezakeela. Orain egiten ari gara dantza tradizionala abesti batzuetan eta garaikidea beste batzuetan; bi dantza konpainia eramaten ditugu zuzenekoetara eta azkeneko abesti batzuetan bi estiloak nahasten ditugu. Lezoko Amezti eta Donostiako DAB dantza konpainiak dantza egiten dute gurekin. Oso pozik gaude beraiekin.
Musikalki ere, diskoan entzuten dena eta zuzenekoetakoa antzekoak dira?
Bai, berdina da. Indar gehiago egon daiteke agian, baina bai, berdina da.
«Egun haur txikiak txistura hurbiltzea oso zaila da, baina nik uste dantzatik bideratzen badugu txistuak etorkizun luzeagoa eduki dezakeela»
‘Lizartzako arin-arina’ kantua ere berezia da. Nahiko erritmo latinoak daude...
(Barreak) Bai, bai, badaude. Teknikoki oso zaila da abesti hau, buruhauste asko eman dizkigu konposatzerako orduan, kontramelodia asko daudelako eta txistuarentzat oso zaila da hori, baina berriro ere, uste dut fusioa ona dela, ze izan tangoarekin eta flamenkoaren ‘palo’ batekin, azken batean arin-arina izaten jarraitzen du.
Diskoaren grabaketa prozesua zelakoa izan zen?
Jendeak pentsatzen du estudioan urtarrilean sartu eta apirilean ateratzen garela. Errealitatea da hiru egunetan grabatu behar dituzula abesti guztiak, eta gehienetan bi edo asko jota hiru tomatan grabatu behar dela abesti osoa. Orduan, hor kontzentratu behar da guztia: berdin du egun ona edo txarra daukazun, ez dago inprobisatzeko astirik.
Lehen diskoa Oiartzungo Mecca estudioan grabatu genuen, baita ondorengoak ere, eta bosgarrengorik badago ere han grabatuko dugu: ia familiakoak bezala dira, oso ondo tratatzen gaituzte beti.
Aipatu duzu «Bi izar» izan zen diskorako sortutako lehen abestia, ‘Argizaiola’-ren hazia.
Bai, horrela da, eta gainera nahi gabe. Nire taldekideen gurasoen hiletetan egon ondoren sortua. Hiletetan anekdotak kontatu ohi dira, oroitzapenak, egindako bidaiak... aste horretako emozio guztiekin gitarra hartu –nik beti gitarrarekin konposatzen dut– eta abestia sortu zen.
Eta lehenengo aldiz hitza jarri zenion.
Oso garrantzitsua da niretzat letra. Beldurra ematen didan zerbait da, ez nago eroso letrak egiten, baina uste dut merezi zuela, beraiek merezi zutela. Oskol bat apurtu nuen hor.
Badituzu erreferente batzuk hor eta zu hasten zarenean letrak idazten... ez duela balio uste duzu, zirriborro bat egiten duzu, beste bat... Eta honi forma eman, Javi eta Herrandori bidali eta gustatu zitzaien. Aurrera beraz. Lide Hernandori idatzi dion, niretzat Euskal Herri mailan dagoen neske ahots onena baita.
Bere ahotsak ematen dio halako sakontasun bat kantuari.
Sakontasuna, indarra, sentimendua... ideia kontatu eta letra pasa nionean baiezkoa eman zidan zuzenean. Estudiora etorri eta dena oso erraza izatea egin zuen.
![Naiz_itoiz](/media/asset_publics/resources/001/202/060/article_thumb_horizontal/NAIZ_itoiz.jpg)
Juan Carlos Pérez contra sí mismo (e Itoiz)
![Muguruza_40minutu](/media/asset_publics/resources/001/203/425/article_thumb_horizontal/Muguruza_40minutu.jpeg)
Fermin Muguruza agota en media hora las entradas para la antesala de 40 Minutu Rock
![Marsella](/media/asset_publics/resources/001/203/658/article_thumb_horizontal/marsella.jpg)
El impacto medioambiental de la IA generativa, en cinco cifras
![Altman](/media/asset_publics/resources/001/203/674/article_thumb_horizontal/altman.jpg)
¿Quiénes son los grandes actores de la inteligencia artificial en el mundo?
![Deepseek](/media/asset_publics/resources/001/203/683/article_thumb_horizontal/deepseek.jpg)