
‘Irrikitan’ (Baga Biga, 2025) da Kilimak taldearen lan berriaren izena. Hernaniko taldeak soinu berriak bereganatu ditu, ‘Euskal Herriko Runba’ aurreko diskotik urrunduz, bai estiloen aldetik bai mezuaren aldetik, euskara eta gaztelania nahasten dituzten kantekin.
Taldekideek ostegun honetan aurkeztu dute ‘Irrikitan’ Bilboko Bira Kulturgunean. Hedabideen galderak erantzuteaz gain, disko berriaren ‘Ezer ez da betiko’ eta ‘Irrikitan’ kantak jo dituzte zuzenean. Hauek eta diskoa osatzen duten beste sei abestiak grabatu dituzte 2024ko iraila eta urrian, Paxkal Etxepareren Ipar Euskal Herriko estudioan. Etxepare bera izan zen taldeari soinu berriekin jolastea proposatu ziena.
«Estiloari dagokionez, dantzagarria izaten jarraitzen du, baina kantak lehenengo diskotik aldentzen dira. Estudiotik irten nintzen norabidea galduta. Gero, etxean egon nintzen kantu horiei buelta bat ematen, gehiago lantzen eta esan nion nire buruari: zergatik ez gure abanikoa handitu? Paxkalen proposamenarekin fidatu nintzen eta egia da oso gustura atera garela disko honekin», azaldu du Agus Garmendiak, taldearen ahotsa eta kantuen konposizioaren arduraduna.
Zentzu honetan, onartu dute estiloan eboluzio bat egon dela. ‘Euskal Herriko Runba’ debuteko lana «rumberoagoa» izan zen, eta ‘Irrikitan’ diskoan doinu latinoak eta soinu elektronikoak sartu dituzte, «runba atzean utzi gabe», Ione Zozaya taldeko beste ahotsak adierazi duenez. «Merengetik, latin-pop-etik eta 2000. urteko 'Caribe Mix'-etik asko edan dugu disko honetan. Beti gustatu izan zaigu musika hori, bere estribilloak eta bere dantzagarritasuna. Hor ikusi genuen nola lantzen zen elektronikoa benetako instrumentuekin eta hori sartu nahi izan dugu», gehitu du Garmendiak.
«Dena ez da reggaeton»
Soinu- eta erritmo-aniztasun hori diskoa osatzen duten zortzi kantetan islatzen da. Baita ere mezuen aldetik. «Lehenengo diskoak ironia eta kritika sozial gehiago zeukan. Disko hau, ordea, bi hitzetan deskribatuko nuke: maitasuna eta bizitza. Bai norberaren bizitza, bai ondokoena, bai gure buruarekiko maitasuna, bai ondokoekikoa», laburbildu du Zozayak.
Bide honetan berebiziko garrantzia izan dute Yosmel Lazok eta Fabian Reyesk, Kubako sustraiak dauzkaten taldekideek. Garmendiak azpimarratu duenez, «beraiek ondoan edukitzeak, estudioan zein estudiotik kanpo, izugarrizko eraginak izan du. Ikasten ari gara pilo bat».
Honela azaldu du Lazok: «Musika latinoa hemen ezagutzen da, baina dena ez da reggaeton. Kubako musika tradizionalaren soinuak ekarri ditugu ahal izan dugun neurrian, hala nola txaranga, pilon eta erritmo afrokubatarrak, aurreko ibilbidetik gehiegi urrundu gabe».

Benito Lertxundi 7K-n: «Herri honek behar du osatu, jabetu zer geratu zaion atzendua»

40 Minutu Rock, imajinatzeko gai den herri baten hauspoa
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista

Hizkuntza indoeuroparren historiako katebegi galdua aurkitu dute DNA zahar batean
