
«Abadiño San Blasetan, neska zaharrak bentanetan, mutil zaharrak engaiñetan»… dio Maurizia Aldaiturriagaren kopla zaharrak, garai batean Bizkaiko herri horretan erromeri bikainak ospatzen zirela gogora ekartzen dutenak.
Aurten ere San Blas jaiak ez du hutsik egingo Abadiñon eta herriko Udalak zein txosna batzordeak egitarau zabala prestatu dute. San Blas eguneko azoka otsailaren 3an izango bada ere, jai ekitaldiak bariku honetan bertan hasiko dira, 1973ko San Blas azokaren irudien emanaldiarekin eta Gaztañodi elkartean egingo den bertso afariarekin.
Egitarauak zapatuan jarraituko du (otsailak 1), eguerdian egingo den alkartasun bazkariarekin eta gauerako iragarrita dauden kontzertuekin. Domekan (otsailak 2) magia ikuskizunaren txanda izango da.
San Blas eguna, beraz, astelehenean ospatuko da aurten eta, egun horretan ohikoa den bezala, nekazaritza eta ganadu azoka izango da nagusi Zelaieta auzoko trinkete ondoko aparkalekuan. Bertan, baserriko tresnak eta makinak, ortuariak, frutak, gaztaia, txakolina, ogia, eztia, artisautza eta landareak ikusi, dastatu eta erosteko aukera izango da. Guztira 130 postu jarriko dira eta ganaduari dagokionez, 180 buru bilduko dira (behiak, ardiak, zaldiak, astoak eta hegaztiak). Behien artean, frisoi, piriniar, limusin eta blonda arrazoak izango dira, baina baita bertako terreña, montxina eta betizua ere. Udalak autobus zerbitzua indartu du egun guztian zehar, Traña-Matiena eta Zelaieta artean.
Azoka alaitzeko ez dira faltako txistulariak eta bertsolariak. Eguerdian herri kirol saioa izango da probalekuan, arratsaldean Muxutruk taldearekin erromeria eta DJ Bull. Eguna amaitzeko, idi-proben San Blas saria ospatuko da Urretxuko Ipeñarrieta, Maruri-Jatabeko Gotzon Plaza eta Mungiako Billela-Birleko Iñaki Lopategiren uztarrien artean. Txapelketak hurrengo astelehenera arte jarraituko du (otsailak 10).
Abadiñoko erakunde laguntzailea: Abadiñoko Udala.
Dulantzin, azoka igandean
Arabako Dulantzin ere San Blas jaia ospatuko dute asteburu guztian zehar eta ekitaldi nagusia igandeko artisautza eta elikadura azoka izango da.
Baina ekitaldiak ostegunean hasi ziren, zinema eta ingurumena saioarekin. Ostiralean (urtarrilak 31) artista gazteen ikuskizuna izango da eta larunbatean (otsailak 1) euskal dantza ikuskizuna, herri pintxoa eta txaranga emanaldia.
Igandean, esan bezala, artisautza eta elikadura azoka ospatuko da herriko plazan, goizeko 10etan hasita. Azoka girotzeko, eguerdiko 13etan alde zaharrean Lautadako musika eskoletako trikitixa taldeekin musika animazioa izango da.
Dulantziko erakunde laguntzailea: Dulantziko Udala.

Idiazabalen, jaiak
Gipuzkoako Goierrin, azkenik, ostiral honetan hasiko dira ofizialki Idiazabalgo San Blas jaiak, herriko plazan Axariari ongi etorria eginez. Aurten, Kirol Elkarteko Mendi Saileko kideek irakurriko dute jaietako pregoia, mendizaletasuna zabaltzen 40 urte bete dituztelako.
Jaietako lehen egun honetarako, bestalde, ekitaldi asko daude iragarrita, horien artean futbito txapelketako finala, triki-poteoa, helduen danborrada eta Añube eta Nafarroa 1512 taldeen kontzertuak, baita Mugi Panderoarekin erromeria ere.
Larunbatean (otsailak 1) mozorro eguna ospatuko dute, igandean (otsailak 2) Kandelaria eguna eta astelehenean (otsailak 3) San Blas eguna. Egun horretan bertan kuadrilla eguna ospatuko dute eta, erroskilen bedeinkazioaz gain, txirrindulari lasterketa, paella bazkaria eta kuadrillen arteko jolasak izango dira, Joselu Anayak taldearen emanaldiarekin amaitzeko.
Egitarauak, ordea, asteartean ere jarraituko du (otsailak 4), San Blas Txiki egunarekin. Bertan, toka txapelketa, trikitilarien kalejira, hamaiketakoa, bertsolariak, talogileak eta Santa Ageda bezperako erronda egingo dira, iluntzean Axariaren igoerarekin amaitzeko.
Idiazabalgo erakunde laguntzaileak: Gaur Logistika, Idiazabalgo Udala.
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista

Hizkuntza indoeuroparren historiako katebegi galdua aurkitu dute DNA zahar batean

Elebidun izateak burua gazte mantentzen ote duen ikertzen ari dira
