
Josu Camara aktore eta zuzendariak, eta Oihana Bartra bertsolariak Farolin eta Zaranbolasen papera egingo dute, hurrenez hurren, otsailaren 27tik martxoaren 4ra bitartean ospatuko diren Bilboko Aratusteetan. Haien egitekoa entretenimendua eta dibertimendua bost jaiegun horietako egitarauko ekitaldi guztietara eramatea izango da.
Jai Batzorde Mistoak hautatu ditu Bizkaiko hiriburuko Aratusteetako enbaxadoreak izango direnak. Batzorde horretan parte hartzen dute Bilboko Udaleko, Bilboko Konpartsetako, Fekoor elkarteko eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteko ordezkariek.
1984ko aratusteetan ezarri zen lehenengoz Farolin eta Zaranbolasen epaiketa Bilbon, aratuste tradizional eta baserri girokoetan ohikoa zen urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz. Kutsu txirenea emateko, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia hautsi eta umore kutsua ezarri zitzaion Bilbon.
Farolin bilbotarra da, Bilbon bertan jaioa izan ez arren, bere jardun profesional edo publikoagatik harrotzen dena, eta gainera beti puztuta dabilena mundu guztiari esaten bera «Botxokoa» dela. «Semper Plus Ultra» (Beti harago) izan liteke bere lelo nagusia.
Josu Camarak interpretatuko du pertsonaia. Bilboko hainbat auzotan hazi eta bizi izan da. Nahiz eta bere ibilbide profesionala irakaskuntzaren inguruan hasi zen arren, norabide aldaketa bat izan zuen antzerki munduan sartzeko aukera agertu zitzaionean. Kukubiltxo Antzerki Taldearekin bat egin zuen, han ikasi eta urteetan lan eginez. Ordutik, ia 45 urte eman ditu antzerkian, lanbide hau euskararen, kulturaren eta gizarte berdinzaleago baten eraikuntzaren zerbitzura dagoela babestuz.
Zaranbolas Bilboko pertsona bat da, ezerk ozpindu edo bizitza aldaraziko ez diona. Ondo bizitzea atsegin duena, «Carpe Diem / Gozatu ahal duzun bitartean» da bere bizimodua ondoen adierazten duen goiburua.
Oihana Bartra Arenas profil horrekin identifikatzen da. 1984an Santutxu auzoan jaiotako bilbotarra da, ofizioz irakaslea. Bertsolaria izanik, plazaz plaza aritu da, 15 urterekin Santutxuko bertso eskolan hasi zenetik. Hainbat txapelketatan parte hartutakoa da, bere arrastoa plaza eta agertokietan utziz.
«Euskara eta euskal kulturaren defendatzaile sutsua, Bilbon eta Euskal Herrian hizkuntza eta tradizioak sustatzen dituzten ekimenetan parte hartu du. Bere bizitza hitzaren eta melodiaren artean edo kalean eta abestiaren artean igarotzen da, beti prest topaketa bakoitza inprobisatutako jai batean bihurtzeko. Izan ere, Oihanak argi dauka bizitza kantuan eta kalean bizi dela», dio Jai Batzorde Mistoak.
Aktoreak eta bertsolariak parte hartuko dute jai egitarauko ekitaldietan; otsailaren 28an (ostirala), arratsaldez, egingo den epaiketa izango da ekitaldi horietatik lehenengoa.

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat

Egunean Behin arrakastatsuaren ildotik, tokiak identifikatzeko jokoa plazaratu dute: Tagzania
