
Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroa 60 eta 80 arteko adineko boluntario bila dabil, elebitasunak pertsona zaharretan errendimendu kognitiboa kontserbatzen laguntzen ote duen argituko duen ikerketa batean parte hartzeko.
Zehazki, ikerketa zentroak ohar batean azaldu duenez, Zientzia eta Berrikuntza Ministerio espainolak finantzatutako azterlan honetarako adin tarte horretako gaztelaniazko elebakarrak eta euskara gaztelaniazko elebidunak behar dira, hizkuntza bat baino gehiago jakitea adimena gazte mantentzeko erabakigarria den jakiteko helburuarekin.
Gainera, probetan zein ondorengo analisietan parte-hartzaile bakoitzaren ikasketa maila eta ibilbide profesionalean izandako jarduera intelektuala kontuan izango dira.
«Lehenik eta behin, partaide orori ebaluazio neuropsikologikoa egingo zaio, batetik, kognitiboki osasuntsuak direla ziurtatzeko, bestetik, hizkuntza ezagutza maila eta bizitzan zehar haien errendimendu kognitiboan eragin ahal izan duten jarduera akademiko zein profesionala ezagutzeko», azaldu du BCBLko Jesus Cespon ikertzaileak.
Lau taldetan banatuko dira boluntarioak: erreserba kognitibo baxuko elebakarrak, erreserba altuko elebakarrak, erreserba baxuko elebidunak eta erreserba altuko elebidunak.
Ondoren, maila desberdineko ataza kognitibo, bisual eta auditibo batzuk burutuko dituzte errendimendu kognitiboa aztertzeko, eta, batez ere, «lobulu frontalaren zirkuitu fronto-parietalaren mende dauden funtzio exekutiboak ikertzeko, zahartze osasuntsuan nabarmen hondatzen direnak», azaldu du ikerlariak.
Atazetan, estimulu sinpleen aurrean parte-hartzaileek erakusten duten erreakzio eta erantzun denbora neurtzen dira, esaterako, gailu baten ezkerreko botoia sakatzea ezkerreko belarritik «ezkerra» hitza entzundakoan.
Garun jarduera elektrikoa elektroenzefalografiaren (EEG) bidez erregistratzen da; teknika hau ez-inbaditzailea da, eta elebitasuna zein erreserba kognitiboa bezalako faktorek informazioaren garun prozesamendua zein erabakiak hartzea nola modulatzen duten identifikatzea ahalbidetzen du.
70 parte-hartzaile
Orain arte egindako saioetan 70 pertsonak parte hartu dute, eta lehen emaitzak ‘Neuripsychologia’ aldizkari zientifikoan argitaratu dira.
Analisien arabera, erreserba kognitibo altuagoa duten adinekoek, adibidez, hezkuntza maila altua dutenek edo jarduera mentaleko maila esanguratsuak eskatzen dituzten lanpostu bat izan zutenek, pertsona gazteagoen ohiko burmuin ereduak dituztela.
«Gakoa erreserba kognitibo baxua dutenen kasuan bi hizkuntza desberdin hitz egitea funtzionamendu kognitibo hobearekin lotuta dagoen frogatzean dago, elebitasunak bizi-zikloaren etapa aurreratuetako funtzionamendu kognitiboan duen eragin babeslea baieztatuz», gaineratu du Cesponek.
BCBLko adituaren arabera, eskuratzen diren ezagutzak narriadura kognitiborako prebentzio estrategiak diseinatzeko lagungarriak izango dira, bai zahartze osasuntsuarekin loturiko narriadura, bai zahartze patologikoren batekin (batez ere Alzheimerren gaixotasuna) loturikoa.
«Oholtzan popstarraren figuratik ihes egin nahi dut, ez naiz eroso sentitzen»

«Queremos reventar todas las salas»

Un robot humanoide chino corre una «Behobia» en 2 horas y 40 minutos

Kontsumobide detecta granos parasitados y moho en un 23% de los análisis de legumbres
