
Bilboko Jaietako Batzorde Mistoko kide guztiek otsailaren 27tik martxoaren 4ra izango diren Aratusteetako egitaraua aurkeztu dute asteazken goiz honetan San Frantziskoko Mariaren Bihotza plazako aztarnategian.
50 jarduera inguru antolatu dira, dibertsioz eta kolorez beteko dituztenak Bilboko hainbat espazio, hala nola Kale Nagusia, Plaza Biribila, Zazpi Kaleak, Arriagako plaza eta Plaza Barria. Ekitaldi aipagarria izango da ikastetxeen desfilea eta ondorengo txokolate-jana eta haurrentzako ikuskizuna, barikuan, hilaren 28an; baita egun bereko arratsaldean Farolin eta Zaranbolas pertsonaiei egingo zaien epaiketa ere.
Erraldoiak, buruhandiak eta Gargantua, haurrentzako tailerrak Plaza Barrian, Bilboko Udal Bandaren eta Bilboko Txistularien Bandaren emanaldiak, kontzertuak, musika, fanfarriak, erromeriak eta mozorroak ere izango dira.
Eta Aratusteei amaiera emango dien ekitaldia: sardinaren hileta, Plaza Barriaren eta Arriaga plazaren artean egingo dena.
Ikusi programa osoa hemen.
Bilboko Udalak otsailaren 13an aurreratu zuen bezala, Josu Camara aktore eta zuzendaria eta Oihana Bartra bertsolaria izango dira aurtengo Farolin eta Zaranbolas. Bilboko Aratusteetako pertsonaia maitatuok jaiegun horietan uriko hainbat bazter eta txokotara entretenimendua eta dibertsioa eramateko ardura izango dute.
Aratusteetako une garrantzitsuenetako bat bikotearen atxiloketa, epaiketa eta eskarnio publikoa dira; barikuan egingo dira, otsailaren 28an. Ekitaldia 18:15ean hasiko da, Arriaga plazan, atxiloketa egiten denean; ondoren, Plaza Barrira joango dira eta han, 19:00etan hasita, epaiketa eta eskarnio publikoa egingo diete.
Aurkezpenaren amaieran, Bilboko Konpartsen federazioko ordezkari Maitane Lopezek gogoratu du ez direla inolako erasorik onartzen, «ez matxista, ez LGTBIQ+fobo, ez arrazista, ez euskarafobo, ez bestelakorik. Edozelako erasori aurre egingo diogu, guztiontzako gozagarriak diren aratusteak eraikitzeko». «Aratusteak gozatzeko garaia dira, izaera zirikatzaileena ateratzeakoa, bihurrikeriak egitekoa, inori min egin gabe betiere, ez mozorroekin, ez jarrerekin, ezta hitzekin ere», gehitu du konpartsakideak.

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat

Egunean Behin arrakastatsuaren ildotik, tokiak identifikatzeko jokoa plazaratu dute: Tagzania
