NAIZ

Jardueraz beteta datoz Donostiako Inauteriak

Donostiako Udalak askoratiko jardueraz betetako egitaraua ondu du Inauteriak ospatzeko. Horrela, otsailaren 27tik martxoaren 15era bitarte, ekintza ugari prestatu dituzte, «auzo guztietan eta gustu guztientzat».

Gaur aurkeztu dute egitaraua.
Gaur aurkeztu dute egitaraua. (DONOSTIAKO UDALA)

Inauteriak jardueraz beteta itzuliko dira Donostiara, Hiriko Udalak jakitera eman duenez, «auzo guztietan eta gustu guztientzat». Otsailaren 27an hasi eta martxoaren 15era bitarte, egitarau zabala prestatu dute, hogeita hamar bat konpartsaren parte hartzearekin. Aurtengo kartela Judas Arrieta diseinatzaile hondarribiarrak egin du.

Hilaren 27an, Ostegun Gizenez, Momo Jainkoa eta bere segizioa Konstituzio plazara iritsiko dira, 18.31ean. Aurten Hodei Buenaventura Gabarain izango da Momo Jainkoa, eta Eirik Navarro Carrasco, Nahia Leonet Zuloaga eta Jon Asensio Tellechea izango dira segizioa. Konstituzio plazatik Parte Zaharra eta Erdialdeko kaleetatik ibiliko dira Maria Cristina Hotelera iritsi arte.

Bertan, hiriko giltzak jasoko dituzte. Jarraian, udaletxera joango dira, Udalbatzar aretoan ‘Inauteri Arlekin Festa’ ospatzera. Euskal inauterietako konpartsak eta konpartsa tradizionalak inauterien hasieraren protagonista izango dira. Ostegun arratsaldean bertan, Orixe ikastolako kideak Parte Zaharretik ibiliko dira, eta Eskola eta Goizaldi dantza taldeek emanaldia eskainiko dute Konstituzio plazan 20.01ean.

Otsailaren 28an, Ostiral Mehean, Union Artesanaren Lanpernen eta Haurtxo Zaratatsuak konpartsek Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleak alaituko dituzte. Bi konpartsek irteera egingo dute larunbatean arratsaldean ere. Martxoaren 1ean, larunbatean, 12.31ean.

Gero Axular Dantza Taldearen eskutik Intxixu Euskal Inauteria ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da, 13.01ean Konstituzio plazan. Arratsaldean, Lanpernen eta Haurtxo Zaratatsuen konpartsez gain, Eskolako Lorazainen, Gaztediko Oilarren, Gaztelubideren Fanfarrearen, Donosti Cup Danborradaren, eta Amarakaldek kaldereroen konpartsak ikusteko aukera egongo da. Guztiak Konstituzio plazatik pasako dira 20.01etatik aurrera.

Oilarren, Lorazainen eta Haurtxo Zaratatsuen konpartsak igande goizean ere aterako dira, eta Parte Zaharreko kaleetatik Eusko-Ttish eta 3Txulo Txaranga konpartsak ikusteko aukera ere izango da.

Aurten, Inauterietako igandean, 1994.urtean Momo Jainkoa izandako eta Momo Jainkoari boterea ematen dion makilaren sortzaile Josetxo Fuentesek Lorazainen konpartsaren agintea Eskola Dantza Taldeko Tomas Ugaldebereri emango dio Konstituzio plazan.

Martxoaren 1ean, larunbatean, goizean konpartsetako kideak Maria Cristina hotelera joango dira Momo Jainkoa eta bere segizioari Goiztiriak abestera. Kalejira 11.01ean hasiko da Zuloaga plazan eta 11.31ean iritsiko da Okendo plazara. Bertan, Momo Jainkoa, bere segizioa eta partaide guztiak Konstituzio plazara joango dira. Han Eneko Goia alkateak aginte makila emango dio Momo Jainkoari.

Arratsaldean, 17.01ean hasita, 26 konpartsa Erdialdean ibiliko dira ohiko desfilean. Bertan, donostiar guztiei erakutsi ahal izango diete hainbat hilabetetan egindako lana. Desfilea igandean errepikatuko da, 17.01ean hasita. Igandeko desfilearen aurretik, 11.31ean, konpartsetako txikienen unea iritsiko da. 9 konpartsetako haurrek koreografiak erakutsiko dituzte Katalunia plazan. Plaza berberak hartuko du astelehenean, martxoaren 3an, 19.01ean, konpartsa guztien erakustaldi berri bat.

Sardinarik gabe ere, jai giroan

Sardinaren ehorzketarekin ez diote inauteriari amaiera emango. Izan ere, Martxoaren 4an, asteartean, 19.31ean, Sardinaren Ehorzketaren desfileari hasiera emango diote Bilbo plazatik abiatuta. Sardina 20.01ean erreko dute Alderdi Ederren.

Baina, aitzitik, sardina ehortzi izanak ez du esan nahiko inauteria amaitu denik. Izan ere, martxoaren 8an eta 9an konpartsek hainbat auzotan egingo dituzte desfileak, besteak beste, martxoaren 8an, larunbatean, Loiolako Erriberatan, 17.01etatik aurrera, eta martxoaren 9an, igandean, 11.01etatik aurrera Altzan ospatzen den Eltze Festan.

Halaber, auzo ezberdinetako hainbat auzo elkartek, zein kultura eta kirol elkartek hainbat jarduera antolatu dituzte Inauterietako egunetan. Horrenbestez, Amara Berrin, Añorgan, Grosen, Altzan, Intxaurrondon, Antiguan eta Bidebietan hainbat ekimen egongo dira familian Inauteriekin gozatzeko.