Oihana Azkue
NAIZ Irratia. Paraleloan eta Zebrabidea saioetako gidaria
Elkarrizketa
Joseba Irazoki
Musikaria

«Disko honetan islatu dena urte guzti hauetako jolasaren emaitza da»

Ofizioa eta Afizioa uztarri beretik joan daitezkeenaren erakusle da Joseba Irazokiren ibilbidea. Azken bost urteetan punta-puntako hainbat proiektutan harat-honat ibili den bitartean, jolaserako hartutako tarteen emaitza da ‘Gitarra Lekeitioak (Onomatopeikoa II)’. Gitarra hutsezko 23 pieza.

Joseba Irazoki musikari beratarra.
Joseba Irazoki musikari beratarra. (Gillaume FAUVEAU)

Proiektu hau arnasaldi bat izan da zuretzako?

Hori da. Argitaratu izan ditut horrelako diskoak, disko instrumentalak, esperimental xamarrak, inprobisazioak, baina azken urteetan gehiago bideratu dut nire musika  kantu formatura. Bai egin nuela disko honen lehenengo zatia, ‘Gitarra onomatopeia bat’, 2017an, baina hori kasetean argitaratu zen, 50 bat kopia. Hor hasi nintzen gitarrarekin  bide batzuk probatzen. Eta nik uste dut disko honetan islatu izan dena, urte guzti hauetako jolasaren emaitza dela. Lan honetan ere, segitu dut prozesu hori, baina azken momentuan grabatzeko momentuan, bai nahi izan dudala konposizioa ere agertzea kantuetan. Beraz kantuak dira erdi inprobisatuak eta erdi konposatuak. Oinarrian badaude melodia batzuk, leku batzuk, bide batzuk, nora, non mugitzen ari naizen, baina ez nituen kantuak guztiz itxi nahi, inprobisazioari lekua utziz.

Eta zergatik?

Ba, sentitzen dut batzuetan  konposatzen dugunean, kantuak ixten ditugunean edo entsaiatzen ditugunean pila bat, egiten dugula errepikatu guk sortutako hori hobetuz, baina beti errepikatzen ditugu sorkuntzako momentu horiek, ez? Eta honekin lortu nahi nuena zen behin sortzean ateratzen zaizun magia hori bilatzea. 

Onomatopeiak. Diskoaren ‘abizen’ horretan badago beste keinu bat ere, beste norbaiti, keinu bat...

Bai Mikel Laboari. Pentsatu nuen ba azkenean gitarra onomatopeiak direla konposizio hauek eta Laboaren ‘Lekeitioak’ onomatopeiak direnez, ba zergatik ez, omenalditxo bat egin?

«Mantendu nahi izan dut estetika hori, non agertzen den gitarra eta gitarrista bere intimitate horretan»

Aipatu duzu Joseba, 2017ko disko haren  jarraipena dela nolabait lan hau. Bi lanen artean antzekotasunak ikusten dituzu?

Ikusten ditut. Hasteko, estetikan: mantendu nahi izan dut estetika hori, non agertzen den gitarra eta gitarrista. Ez nuen arreglo gehiegi sartu nahi, ezta instrumentu gehiago sartu ere. Lehenengo diskoan gitarra pista bakarra zen eta honetan berdintsua izan da. Baina beharbada kanturen batean gehitu dudala arregloren bat... Baina mantendu nahi nuen agertzea gitarra eta gitarrista bere intimitate horretan. Eta gero jotzeko moduan, lehen erran dudan bezala uste dut garapen bat egon dela. Nik uste dut segitu dudala gauza batzuk lantzen eta oraingoan garatuago ikusten dut jotzeko modua. Gertatu zait gehiago aurkitu dudala melodia. Lehenengoa abstraktuagoa zen nire ustez, disko hau melodikoagoa dela esango nuke.

Garapena aipatu duzu, zenbat urte daramatzazu gitarra jotzen,  Joseba?

Bederatzi urterekin hasi nintzen eta 50 ditut, beraz  41.

Eta oraindik gitarrarekin jolasteko eta bide berriak aurkitzeko gogoarekin. Ikusten dituzu bide horiek?

Bai, hala da, ez dakit, uste dut badaudela bide aunitz. Nire ibilbidea ere zabala izan da, baina gitarra beti erdigunean.  Egiten ditut kantatutako diskoak, baina bai izan dudala nire hautua gitarra egiten. Jende anitz tekniko edo soinu teknikari izatera pasatzen dira, edo estudio bat muntatzen dute... Baina ni gitarra-apasionatua naiz.

Lehen aipatu duzun garapen horretan, garapen pertsonal horretan, esango zenuke topatu duzula gitarra-jole bezala zure ahotsa?

Bai, uste dut baietz, baina nahiko nuke hemendik urte batera beste ahots bat aurkitzea eta oso diferentea izan dadila baita ere.

(Guillaume FAUVEAU)

Ez du zertan betierekoa izan behar?

Hori da. Bai. Nire ezaugarria izan da hori. Aipatu izan didate nahiko eklektikoa naizela. Egin dut denetarik. Hasi nintzen Maixa eta Ixiarrekin jotzen, jo dut Atom Rhumba-rekin, Mikel Erentxunekin... Saiatu naiz egokitzen estilo guztietara eta horrek ekartzen du lan bat. Eta proiektu guztietan zure ahotsa edukitzea ere ez da erraza. Baina uste dut lortu dudala nire gitarra entzuten denean, pentsatzea ni naizela hor dagoena. Gero horrelako diskoak egiterakoan, zu bakarrik bilaketa batean murgildu zintezke. Eta bai, mundu ezezagunak gustatzen zaizkit. Orduan, hemendik urte batera zerbait ezezaguna edo kontrolatzen ez dudana ikusten badut, saiatuko naiz horra joaten eta ez dakit nire ahotsa ere agertuko den bide horretan, segur aski bai.

Eta gustatzen zaizu momentu honetan zure ahots bezala identifikatzen duzun hori? Eroso sentitzen zara bere baitan?

Bai, esango nuke baietz. Aunitzek erraten dugu gure diskoak entzutea ez zaigula gustatzen. Baina errango nuke adibidez, azkeneko disko hau dela gutxienetakoa, nahiko gustura entzuten dudana. Bai, momentu nahiko onean dago nire buruarekin. Alde horretatik, entzuten ditut nire grabazioak eta nire gauzak, eta esaten duzu, bueno, ba dezente ari zara Joseba. Sentsazio horrekin nago.

23 pieza ditu diskoak eta ia gehienetan zu eta zure gitarra entzuten ditugu, baina bakan batzuetan lagunduta zatoz...

Alde batetik Rapahel Roginski, poloniako gitarrista bat. Bere izena entzunda nuen gitarrista bezala, baina bere diskografian  joan den urtean sartu nintzen  sakonki. Eta bere diskoetan sumatzen nuen gitarra jotzeko modu nahiko desberdina. Ikusten nuen gitarra elektrikoarekin aritzen zela, baina bere soinua gehiago zen akustikoa. Kuriositateagatik ikusi  nuen zuzenean nola egiten zuen eta ikusi nuen gitarra elektrikoa erabiltzen zuela. Instagramez idatzi dion jakiteko ea inguruan kontzerturik zuen Espainian edo Frantzia hegoaldean edo. Eta erran zidan justu Bartzelonan lotua zuela kontzertu bat, baina nahi zituela kontzertu gehiago egin hemen barna eta erran nion Euskal Herrian jo nahi bazuen, lagunduko niola kontzertu batzuk ematen. Donostiako Dabadaban egon zen, Beran ere bai eta baita Markinan ere. Egun haiek aprobetxatuz, justu diskoko grabaketan nengoen eta aipatu nion ea parte hartu nahi zuen eta animatu zen. Bestetik Rhodri Davies harpa jotzaileak ere parte hartzen du. Gisa berean, honekin ere harremanetan jarri nintzen sareetatik bere jotzeko moduak harrapatuta: harpa jotzen du baina gitarra bat dirudi. Honek ere baiezkoa azkar eman zidan.

Diskoko konposizio guztiak zureak dira, bat izan ezik.

Bai, ‘Cheshire Hotel’. Badauka istorio txiki bat, kantuak. Pieza pila bat gustatzen zitzaidan eta hasia nintzen jotzen eta  pentsatu nuen ea zergatik ez nuen grabatzen. Baimena eskatu nahi nuen grabatu ahal izateko bertze bertsio bat egin ahal izateko. Eta nik ikasi nuen gitarrista estatubatuar baten  bitartez, bere diskoa entzunda. Lortu nuen bere kontaktua eta idatzi nion. Erantzun zidan oso azkar. Baina esan zidan ez zela bere kantua, baizik eta Noel Akchote Sazem artistarena. Pasa zidan bere kontaktua eta idatzi nion Noel-eri ere. Lasai ederrean erabil nezakeela esan zidan. Bukatzean erakutsi nion eta asko gustatu zitzaion. Noelekin harreman ona egin dudanez, solasten gara tarteka eta esan dit noizbait elkarrekin jo behar dugula. Disko honetatik kantu batzuk kanpoan gelditu zitzaizkidan eta beste lan bat argitaratzekotan naiz. Proposatu diot disko berri horretarako parte hartzea eta baiezkoa eman dit. Beraz lanak segida izango du, ez dakit fisikoki kaleratuko dudan, Bandcampen... oraindik ez dut argi.

«Aipatu izan didate nahiko eklektikoa naizela. Hasi nintzen Maixa eta Ixiarrekin jotzen, jo dut Atom Rhumbarekin, Mikel Erentxunekin... Saiatu naiz egokitzen estilo guztietara»

Eta sormen prozesuari dagokionez, nolakoa izan da kanta hauetan?

Banituen ideia batzuk, melodia batzuk mugikorrean grabatuta. Abiapuntua izaten zen hori. Hasierako ideia horiek hartzen nituen eta bai saiatzen nintzela ba hiruzpalau melodia elkartzen, non gero kantuan zehar horiekin jolasean arituko nintzen edo inprobisatuko nuen eta aldi berean ba estruktura hartuko zuen hori nahi nuen bilatu.

Beharbada askeago sentitzen da bat halako disko baterako sorkuntza lanetan?

Bai, izan da disko bat guztiz nire garapen pertsonalerako izan dena. Eta grabatzen nuen momentu berean ikusten nuen gustatzen zitzaidala dezente egiten nuena eta pixkanaka ba pentsatzen joan nintzen argitaratzeko aukeran. Ikusi nuen beharbada Euskal Herriko zirkuituan jendeak entzungo zuela, baina mugitzen ahal nuela ere musika mota hau leku espezializatuagoetara. Zigilu dezente daude  musika hauetan espezializatuak eta hasi nintzen pentsatzen modu horretan ere argitaratzen ahal nuela.

Eta mugitu duzu, eta izan du arrakasta, izan du oihartzuna.

Bai, erantzun positiboa izan du. Londreseko Cafe OTO diskoetxeak digitalki aterako du diskoa Europan eta esango nuke New Yorkekin batera, hortxe-hortxe, munduan ere, Cafe OTO dela inprobisaziorako gune esanguratsuenetariko bat. Diskoa gustatu zitzaien eta beraiekin argitaratu dut digitalki. Japoniako zigilu batean ere argitaratuko da, kasetean.

Eta zuzenekoak nola datoz?

Ari naiz jada. Izan naiz Katalunian, banoa Asturiasera ere eta Euskal Herrian baditut nahikoa data itxita: Berrizen izango naiz kultur etxean, otsailaren 22an, Donostian joko dut otsailaren 27an Victoria Eugenia Cluben eta Bilboko Kutxa Beltzean martxoaren 6an. Gero datoz Hondarribia,  Gernika, Ondarroa, Tolosa, Legorreta, Lekeitio, Bera eta Donostia berriz ere. Tartean Estatuan ere baditut hitzorduak eta Londresera ere banoa.