
22:20an hasi da Bidehutsen 18. urteurrena betetzeko Orioko Etxeluze gaztetxean antolatu duten kontzertua. Gaztetxea jendez mukuru zen ordurako. Intro abestia jo eta kantu berri batekin ireki dute kontzertua Inoren Ero Ni taldekoek, testa nolabait ere, publikoaren erreakzioa halakoetan neurtzen baita. Termometroaren interpretazioa taldeak egingo du.
Laukotea oholtzan u forman jarrita agertu da, eta haien soinuan zikintasuna nabarmena izan da. Hala ere, ongi entzuten zen guztia, izan ere musika ekipoa kanpotik ekarri dute gaztetxera gaurkoan, 350etik gora lagun elkartzeko asmotan ziren eta beharrezkoa zen. Erabaki ona. Musikari asko gerturatu dira kontzertua ikustera, Euskal Herriko txoko desberdinetatik iritsiak, Dena taldekoak, Ohil taldekoak, Seiurtekoak, Sonakaykoak, Natural Projectekoak, Sofakoak… Bidehutsek 18 urte betetzen dituela ospatzera. Adinez nagusi, alajaina. Eta nola ez, familia txiki bezain handi horretako hainbat kide eta lagun ere bertan ziren. Bejondeiela!
Benetako introa etorri da atzetik, Okene errezitatzen eta taldea pultsua mantentzen. Jolasean. «Ongietorriak zarete» esan du Okenek, jendea gorputzak dantzan baxuaren pultsuaren erritmora jartzen zituen bitartean. Kantu progresibo dotorea, tempo lasaian, bateriako riderraren swinga gozo nabarmentzen zela.
2016ko ‘IENNEI’ diskoko ‘Pantera emea’ segidan. Okeneren tronpeta, gitarraren disonantzia... Disonantziarena gau honetan asko topatuko den zerbait izango da, hori ziur. Zati instrumental mardula du hasieran kantuak, eta behetik gora datorren zera horren energia bikain lantzen du taldeak. Disko bereko ‘Karramarro’ kantua etorri da atzetik, baxu jostariago batekin, dantzagarriagoa-edo, nolabait esatearren. Halako batean, Okene oholtzatik desagertu da, megafonoa eskuan, jendartetik mezuak jaurtitzera. Energia handia du taldeak inondik ere, eta hori da transmititzen dutena. Hasiberrien ilusioa dute eta hori ia 25 urte daramala taldeak oholtza gainean.
Gitarrek beste unibertso soniko batetara eraman gaituzte Ertzak kantuarekin. Delayak, garbitasunak... Beti iradokitzen du halako desertu sentsazio bat. Irekitasuna gutxienean. Pasarte desberdinak etorri dira hurrengo konpasetan. Jam estiloan aritzetik, inprobisatzetik, gertuago zegoen zerbait, abesti bereko zati desberdinak ziren edota abesti desberdinak zalantzan jartzeraino. Hori du azkenean talde batek halako batasuna erakusten duenean, blokean doaz haiek, trenak martxa hartzen du, baina paisajeak aldatzen dira. Iluntasunaren eta argitasunarekin jolasean, urtaroak aldatuko balira bezala. Paradoxikoki aurtengo otsailean gertatzen ari zaigun bezala. Edo ez. Baina, tira, jendea berotuz joan da horren eraginez eta publikoko lehen oihuak ere etorri dira emanaldiaren erdirako, kanpoko hotzari kontrapuntua jarriz.
‘The revolution has been televised’ kantua aurkezten hartu dute arnas luzeenetako bat, azken txanparako sarreran. Goxotasun eta xamurtasunerako leihoa zabaldu da beren azken diskoko, 2019ko ‘Il cercatore di perle’-ko, ‘Minaren gauzatzea’ abestiarekin. Behetik gora nabarmenen egiten duen kantu progresibo dibertigarria. Hortik bukaeraraino joan dira, 2002ko debuteko disko homonimoko ‘Iparraldera’ abestiarekin amaituz, goian utzi dute aretoa. Atsedenerako tarte laburra eta Lisabören txanda.
Lisabö eta dentsitatea
Lisabören doinuak gauerdia pasa berritan hasi dira Etxeluze dardarka jartzen. Dezibelioen igoera nabarmena izan da seikotea taularatu den unetik. Dinamikekin eta akopleekin jolastu dute hasi eta buka. Seiak lerroan kokatuta eta intentsitate altua abestiz abesti. «Atzo eta gaur oso ondo hartu gaituzte etxe honetan eta mila esker urteurren hau gurekin ospatzera etorri zaretelako», esan du Karlos Osinaga ‘Txap’-ek lehen bi abestiak jo eta gero.
‘Ez zaitut somatu iristen’ kantuan errezitatuz eta apal-apal hasi eta dentsitatea handituz joan dira. 2011ko ‘Animalia lotsatuen putzua’ diskoko abestia. Soinuan xehetasun ugarirekin jolasten dute Bidehuts faktoriako musikariek, bateriak, konstantzian, bukle amaiezinean ari diren bitartean.
Isiltasuna eta eztandak ongi neurtzen dituen taldea da Lisabö eta zuzenekoetan oso zaila da efektu hori lortzea. Bi bateria-jotzaile zuzenean izateak badu horretan errurik. Publikoaren bolumena eta taldearena batera erregulatzeko gaitasuna ere badute. Magia da hori.
Egia da ez dela talderik entzunerrezena Lisabö, baina badu hipnotikotik, aske sentitzetik. Ariketa bitxi hori bera egin dute batzuk publikoan, begiak zapiz estali eta gorputza aske mugitzea zen jolasa. Eta askotan egin beharreko zerbait da hori, begiak itxi eta entzumena izan dadila musika bidaia horretan gidatuko gaituena. Emaitza berehalakoa da.
Zarata nebulosa batekin, akople eta zikintasuna nagusi zela bukatu dute azken abestia ia ordu eta laurdeneko kontzertuari bukaera emateko. Bukaera lehen aldiz, noski. Oholtzatik atera eta berriz itzuli baita seikotea. Uner horretan gogoan izan ditu Txapek Lisabören familia osatzen dutenak eta baita gaur etorri ezin izan dutenak ere. Azken errematea ‘Ur gainean’ 2000. urteko ‘Ezarian’ diskoko kantuarekin eman diote. Gau ederra Bidehutsen 18 urteak ospatzeko. Izaera eta jarrera propioa dituen kolektiboa, zailtasunak zailtasun, beti aurrera doana. Eta ez dadila bidea eten ez hustu, eta bete dadila musika berriz.

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat

Egunean Behin arrakastatsuaren ildotik, tokiak identifikatzeko jokoa plazaratu dute: Tagzania
